ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/18 19:12

Egun nahasiak izaten ari dira Burlatan (Iruñerria, Nafarroa), baina bere konpromisoarekin tinko jarraitzen du bertako Gazte Asanbladak: "Ez dugu amore emango Burlatako Gaztetxeko proiektua ziurtatu arte". Atzo eguerdian bi kide kateatu ziren udaletxera, "Gaztetxearen desalojo arriskua, udalaren borondate eza eta horren aurrean duen ardura salatzeko". 24 orduz egon dira bertan loturik, baina udalaren jarrera ez da aldatu. Protesta-ekintza hori bukatutzat eman duen arren, asanbladak dio ez dela amaitu "Gaztetxearen aldeko borroka", eta "irtenbide errealik gabe", ez duela "Gaztetxea utziko".

"Desalojo arriskua inoiz baino handiagoa da, udalak martxoaren 15erako Gaztetxea hustea eta giltzak entregatzea exijitu baitzigun", ekarri dute gogora gazteek: "Hala ere, alternatibarik gabe gaudenez, ez dugu Gaztetxea utzi". Gezurtatu egin dute, hala, udalak azken orduetan esandakoa: "Udalak dio ez duela desalojorik egingo, baina egoera argia da. Gure exijentziak onartzen ez badituzte, desalojoan ikusiko dugu elkar".

Asanbladak nabarmendu du "negoziaketarako prestutasun osoa" erakutsi duela hilabete luzez, baina udalak eskainitako azpiegiturak ez dituela "baldintzak betetzen", Gaztetxean garatutako "proiektuak aurrera egin dezan". Gutxieneko beste hainbat baldintza eskatzen dituztela ere oroitarazi dute asanbladako kideek: hain zuzen ere, "propagandarako eskubidea ukatzen duen ordenantza ezabatzea eta hori ez erabili ahal izatea desalojorako aitzakia gisa"; eta, "aurrerantzean, jaietan gure txoznagunea jartzeko leku egoki bat bermatzea, jada ezin baita orain arteko lekuan [Gaztetxean] mantendu". "Hilabete hauetan guztietan jokoan egon dena Burlatako Gaztetxearen proiektuaren biziraupena izan da. Eta hori da gaur defendatzen jarraitzen duguna", argitu dute. 

Udal-gobernu progresistaren jarrera, agerian

EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Aldatu alderdi politikoek osatzen dute Burlatako udal-gobernua, eta asanbladak uste du "Gaztetxearen proiektua desagerrarazteko hautu argia egin" dutela denek. "Atzoko ekintzaren ostean, beren jarrera berriz ere agerian geratu da. Udalak nahiago izan du bi gazteak gaua bertan kateatuta hotza pasatzen utzi, Burlatako kaleetan kargak eta gazteak Poliziak jipoituta ikusi, Gaztetxeari konponbide bat ematea baino", salatu du asanbladak: "Hilabeteetako negoziaketak eta gero, hau al da udal progresistaren borondatea Gaztetxeari soluzio bat aurkitzeko?".

Aterabide baten alde lanean jarraituko dute gazteek, eta horren erakusgarri da gaur arratsaldean udaletxe aurrean egindako agerraldi jendetsua. "Ezinbestekoa da udalaren ardura seinalatzen jarraitzea eta Gaztetxearen defentsan mobilizatzen jarraitzea", adierazi dute bertan. Gaztetxearen aldeko manifestazio deialdi bat egin dute, hala: Burlatan bertan izango da, martxoaren 29an.

NO HAY COMENTARIOS