— Arteka aldizkarian argitaratutako artikulua —
— Testua: Eneko Carrión —
Ezker aurrerakoiak, ekoizpen modu kapitalistaren ondorio basatiei aurre egiteko erabateko gaitasunik eza erakutsi duen arren, kapitalari eta irabaziari kalterik txikiena ere eragin gabe sistema aldatzeko tekla aurkitu duela sinestarazten saiatzen da [1]. Hori, gauza berria izatetik urrun, garai bakoitzeko iraultzaile guztiek borrokatu eta argitara atera behar izan duten zerbait da. Eta noski, gure garaian ez da desberdin izango.
Berrikuntzaren beharraren adibide da aurtengo maiatzaren 11n sortu zen Internazional Progresista, Noam Chomsky, Naomi Klein, Berni Sanders, Yanis Varoufakis edo Ada Colau bezalako pertsona ospetsuek sustatua. Norbanakoez gain, hainbat antolakundek edota alderdik egin dute bat, hala nola, ERC-k edo Compromisek. Argia da asmoa: mundu demokratikoa, deskolonizatua, justua, berdintasunezkoa, askatua, solidarioa, jasangarria, ekologikoa, baketsua, postkapitalista, oparoa eta plurala lortzea [2]. Hori abisu bat izan beharko litzateke mugimendu sozialista guztientzat; izan ere, progresismoak hartu du internazionalismoaren bandera eta ez da erantzun iraultzailerik emateko gaitasunik izan.
Erreportaje honen helburua Moneta Teoria Modernoaren proposamen ekonomikoa eta horrek izan ditzakeen ondorio politikoak aztertzea da. Teoria horrek aditzera ematen duenez, Estatuaren zenbait mekanismo kontrolatuz eta monetaren jaulkipena kontrolatuz hainbat gauza lor ditzakegu, hala nola, enplegu osoa edota desberdintasunak ia gutxienekora murriztea [3]. Nor ez du erakarriko paradisua agintzen duen proposamen batek? Apustu politiko horiekiko erakarpena funtsezko arazo bat da, sistema indartzea eta sendotzea ekar baitezake, eta, aldi berean, iraultza sozialistaren aldeko apustua egiten duten erakundeak ahultzen baititu. Beraz, funtsezkoa da militanteok halako ideiei aurre egitea ahal dugun espazio guztietan. Are gehiago murgiltzen ari garen krisi testuinguruan, egoera horrek erraztu egin baitezake itsaslaminen abestiekiko masen harkortasuna, 2008ko «Podemos efektuarekin» ikusi genuen bezala.
Moneta Teoria Modernoa (MTM): zer da eta nondik dator?
Teoria honen helburua kapitalismoaren gaitzak errotik aldatu gabe desagerraraztea da. Mario del Rosalek (2019) dioenez, «kapitalismotik salbatu nahi gaitu kapitalismoa salbatuz». Horretarako, Estatuaren ustezko diru ahalmen mugagabea erabiliko luke, hau da, dirua modu masiboan inprimatzea langabezia edo pobrezia bezalako ondorioak arintzeko. Hedapen masiborik izan ez duen arren, akademiako zenbait pertsona ospetsuk babestu dute, Bill Mitchell edo Randal L. Wray kasu, baita Warren Mosler bezalako finantzatzaileek ere (inbertsio funtsetan egindako lanagatik ezaguna). Bere hedapena, neurri handi batean, Missouri-Kansas Unibertsitatean edo Newcastleko Unibertsitatean (Hegoaldeko Gales Berria, Australia) ematen da. Espainiako Estatuan, nahiz eta errotze txikiagoa izan, Stuart Medina edo Eduardo Garzon (egungo Kontsumo ministroaren anaia) bezalako jarraitzaileak ditu, MMT Sarearekin lotura dutenak. Esparru politikoan, Amerikako Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren alde aurrerakoieneko zenbait sektoretara edo PCE edo IU bezalako erakundeetara iritsi da bere erreferentzia. Espazio horietatik harago, azpimarratzekoa da Banku Zentraletako zenbait teknokrata, hala nola Ingalaterrakoa edo Bundesbankekoa, modu serioan eztabaidatzen hasi direla MTMren proposamenei buruz [3]. Ez da burugabea proposamen horiek Euskal Herriko erakunde eta mugimenduetan indarra hartzen joan daitezkeela pentsatzea.
Teoria honek bi zutabe nagusi ditu: dirua eta Estatua, ikusiko dugun bezala, lotura estua dutenak.
Dirua
Ikuspegi orokorra korronte poskeynestarrean kokatuko litzateke, autore batzuk teoria honen zenbait postulaturekin ados ez dauden arren. MTMk erabiltzen duen diruari buruzko kontzepzioa, lehenik eta behin, teoria kartalistan oinarritzen da. 1905ean sortu zen, Georg Friedrich Knappek Diruaren estatu-teoria [4] lana idatzi zuenean. Bere hipotesi nagusia dirua «legearen izaki bat» dela da, hau da, Estatuak zergak eta tasak ordaintzeko dirua ezartzeko duen gaitasunak ematen diola balioa. Marxen balio-lanaren legearen eta diruak baliokide orokor modura duen paperaren guztiz aurkakoa litzateke hori. Keynes aipatuta, «Estatuak zergen ordainketarako onartzen duen guztia» izango litzateke dirua [4]. Fiat diruaren kontzepzioan kokatuko litzateke hori, hau da, onartzera behartzeko gaitasuna duen erakunde batek (normalean Estatuak) emandako diru fiduziarioa (konfiantzan oinarritutako dirua). Ikuspegi marxista batetik, ikusten dugu, Estatuak diru arloan esku hartzeko nolabaiteko gaitasuna izan arren (dirua jaulkiz edo kenduz, interes-tasa jakin batzuk ezarriz), ezin duela diruaren balioa dekretuz erabaki. Kritikaren ardatza izan behar da Estatuak ez duela dirua asmatzen eta ezin duela bere balioa aldebakartasunez zehaztu [3]. Honakoa baieztatzen du Astaritak (2018) Eduardo Garzonekin izandako eztabaidan:
«Izan ere, merkatuan merkantzien bidez alderatzen diren lan pribatu ugariek zehazten dute balioa. Alderaketa horren bidez – lehia dakarrena – ezartzen dira sozialki beharrezkoak diren lan-denborak. Sozialki beharrezkoak dira batez besteko produktibitateen arabera ezarrita daudelako, eta teknologiek eta lan-intentsitate erlatiboek definitzen dituzte produktibitate horiek». [5]
Diruaren ikuspegi kartalista oso arriskutsua da, Estatu Burgesak langile klasearentzat paper mesedegarria jokatu ahal izateko atea irekitzen baitu.
Beste oinarri bat diruarena izango litzateke, hau da, dirua zorraren mekanismoaren emaitza izango litzateke (edozein zor; ohorezkoa, odol-zorra edo kreditu-zorra). Beste pertsona bati zerbitzu edo merkantzia bat ematean, zorpetu egiten da pertsona hori, eta zor horren ordainketak bilakatuko luke dirua beharrezko. Aurrez aurre baztertzen du trukearen eta diruaren jatorriaren arteko harremana, trukea existitu ez dela eta moneta-teoriaren mito bihurtu dela adieraziz [3]. Marxen ustez, dirua harreman sozial batean oinarritutako prozesu baten ondorioz sortzen da, ez trukearen zailtasunak gainditzeko pentsatutako tresna material gisa [6].
Azkenik, MTMk kontu-unitateari esleitzen dio funtzio nagusia, trukerako bitartekoa eta balio erreserba, kontu-unitatearen deribazio edo ondorio huts bihurtzen direlarik. Hau da, merkantziak eta zorrak kontabilizatzeko eta kalkulatzeko duen erabilgarritasunean zentratzen da, bere balio intrintsekoa bezalako funtsezko alderdiak alde batera utziz [3].
Estatua
Agerian geratu da MTMk Estatuari ematen dion garrantzia, eta hori oso erakargarria izan daiteke edozein mugimendu aurrerakoientzat, sistemaren gaitz guztiak ezabatzeko tresna modura ikusten baitu. Horretarako, erakunde neutralen multzo modura kontzebitu behar da Estatua, burgesiarentzat eta langile klasearentzat funtzionala dena. Izaera sozialdemokrata duten proposamen erreformista guztien elementu komuna da honakoa.
Eurentzat, Estatuak ekonomian esku hartu ahal izango luke zenbait proposamen erabiliz, besteak beste, zergen, zorraren eta defizitaren arloetan. Zergei dagokienez, beren proposamena da politika fiskala ekonomian dagoen diru kopurua kontrolatzeko modu bat izatea, modu horretan, dinamika ekonomikoa eta inflazioa kontrolatuz. Bigarren mailako funtziotzat hartuko lituzkete diru-sarreren eta aberastasunaren birbanaketa eta ekintza pribatuaren orientazioa. Irakurlea harrituta geratuko zen ikusita proposamen aurrerakoi batek zergen bidezko birbanaketa bigarren maila batean uzten duela; izan ere, MTMk aldarrikatzen du, moneta politika erabiliz, aberatsak zergapetu gabe gutxien dutenen diru-sarrerak hobetzea lor daitekeela. Neoliberal asko eta aberatsak oso zoriontsu egingo lituzkeen zerbait da hori, argi dago. Beste alderdi garrantzitsu bat da fase neoliberalean hain presente dagoen austeritate politika arbuiatzea. Defizit publikoa, borrokatu beharrean, beharrezko gaitza litzateke enpresetan dirua sartzeko eta kontsumitzaileek ekoitzitakoa erosi ahal izateko [3].
Hori guztia ideia batean oinarrituta dago, hain zuzen, Estatua ezin dela kaudimengabe izan edo ezin duela porrot egin zorra bere moneta nazionalean dagoenean. James Galbraithek (Yanis Varoufakisen aholkularia 2015ean) dioen bezala: «Gobernuak gastatzen duen dirua ez dator inondik eta ez da ezer kostatzen ekoiztea. Gobernua, beraz, ezin da inoiz dirurik gabe geratu».
Ustezko diru subiranotasun horrek botere ekonomiko ia mugagabeak emango lizkioke, baina beharrezkoa litzateke Estatuak (edo Banku Zentralak) hiru gauza izatea:
1. Moneta propioa izatea
2. Txanpon hori aldaketa mota flotatzaileen mende egotea (dibisen merkatuko eskaintzak eta eskariak zehaztutako kanbio-tasa)
3. Zorra bere dibisan izendatuta egotea (moneta nazionala)
RAEren arabera, subiranoa da «autoritate gorena eta independentea gauzatzen duena eta daukana» [8]. Estatu edo Banku Zentral batek moneta bat jaulkitzen duenean eta beste batzuekin erlazionatzen denean, dibisa horren balioak bere kontroletik ihes egiten du. Bizi garen munduari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu ziur aski Estatu bat ere ez dela erabat subiranoa izango; beraz, paperean oso polita geratu arren, kea saltzea besterik ez da. Uste dut estatubatuarra ere ez dela subiranoa benetan, bere moneta munduko diru izan arren. Baina, jakina, nahiz eta analisi zientifiko txikiena ere ez jasan, teoria honek askorentzat oso erakargarriak diren proposamenen oinarriak finkatzen ditu. Hurrengo atalean, proposamen nagusiak eta horiek egungo testuinguru politikoan izan ditzaketen ondorioak aztertuko ditut.
Proposamen politikoak
Nahiz eta MTMrekin erabat lotuta ez egon, argi dago guztiei ematen diela finantzatzeko aukera interesgarri bat, eta, beraz, ez da harritzekoa teoria hori zabaltzearekin batera era guztietako proposamenak agertzea, erakargarriak bezain irrealak direnak.
Green New Deal edo berdez margotutako keynesianismoa
Proposamen honen jatorria 70eko hamarkadako mugimendu ekologista erradikal estatubatuarretan aurkitzen dugu, Green Party edo Sunrise Movement kasu. AEBetako Alderdi Demokrataren eskutik hartu zuen indarra, ordea. 2019an, Alexandria Ocasio-
Cortez bezalako pertsona esanguratsu batek honako atal hauek aurkeztu zituen: enpleguak bermatzea, etxebizitza irisgarria, hezkuntza, ur garbia, aire garbia, elikagai osasungarriak, azpiegitura, garraioa eta industria garbiak sustatzea. Hori guztia, nola ez, ekologismo berdearen mantu batean bilduta. Politika horien helburua argia da: krisiaren dimentsio desberdinei aurre egitea (ekonomikoa, soziala, ekologikoa), eskaera suspertuz, Rooseveltek 30eko hamarkadan egin zuen bezala [9]. Aipatzekoa da, proposamen horiek 1929ko Depresio Handiaren konponbide gisa izan zuten arrakastaren inguruan dagoen mistifikazioa. Cooke (2019) eta Roberts (2016) bezalako egileek nabarmendu dutenez, Bigarren Mundu Gerrak eta horrek sortutako aukerek eta baldintzek ahalbidetu zuten krisitik suspertzea, eta ez New Deali esker [10].
GND Erresuma Batura hedatu zen berehala, eta bere proposamen propioa egin zuen Alderdi Laboristak, «Iraultza industrial berdea» izenez ezaguna. Proposamen horren eztabaidaguneetako bat da neurri horien finantzaketa, hau da, horiek ordaintzeko dirua nondik aterako den. Gehienek, Bernie Sandersek bezala, keynesianismo klasikoaren urratsak jarraituz, bide fiskala proposatzen dute. Mota guztietako neurriak sartzen dira hemen, hala nola, aberastasun handiei ezarritako zergak igotzea edo zerga berriak sortzea, besteak beste, Tobin Tasa ospetsua (finantza-transakzioei ezarritako tasa). Baina burgesiako sektore batzuen balizko erantzunaren aurrean, gero eta politikari gehiago daude, Alexandria Ocasio-Cortez kasu, MTMren printzipioak aplikatzea proposatzen dutenak aberatsei aurre ez egiteko [11]. Batere aldatu gabe, dena aldatu nahi izatearen beste adibide bat.
Proposamen hori ez da krisiari irtenbidea ematera mugatzen; kapitalismo berderanzko trantsizio baten beharra sustatzen du. Helburu gisa, energia-eskariaren %100 hornitzea ezartzen da, energia berriztagarria eta ez kutsatzailea bakarrik erabiliz. Horrez gain, sare elektrikoen eraginkortasuna hobetzea, kontsumoa optimizatzeko eraikinak egokitzea, garraio publikoa, auto elektrikoak eta abiadura handiko trena sustatzea eta, azkenik, lehen sektoreko isurketak murriztea ditu helburu. Ez da AEBetara joan behar ikusteko burgesiaren gero eta sektore gehiagok bultzatzen dutela trantsizio hori [11]. Horren adibide da Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak Sustainable Innovation Forum goi-mailako saioan parte hartu izana. Bertan, 30 euskal enpresak parte hartu zuten Mugikortasun Iraunkorrari eta Trantsizio Energetikoko Negozio Aukerei buruzko saioetan [12]. Beste adibide bat Europar Batasuneko Berreraikuntza Funtsen baliabideen banaketa litzateke, COVID-19ren ondorioak arintzeko helburua duena. Green Deal I-De izenarekin ezagutzen den proiektua nabarmendu beharko litzateke, besteak beste, sare elektrikoen digitalizazioa bilatzen duena [13]. Ez zaie axola ingurumena, negozio berriak aurkitu behar dituzte irabaziak mantentzeko edo handitzeko.
Argi utzi behar da ezin dela ukatu klimaren krisiaren larritasuna; aitzitik, horretaz erabat jabetuta, benetako konponbideak bilatu behar ditugu, eta ez adabaki hutsak. Sistema bera da, klase batek etekinak lortzeko ekoizpena helburu izanik, kapitalismoaren barruan konponbide integrala lortzea eragozten duena, eta horrek agerian uzten du ekoizpen-harremanak aldatzeko eta sozialismoaren aldeko apustu irmo eta serioa egiteko beharra, arazo klimatikoaren irtenbide bakarra baita.
Lan Bermatua eta Oinarrizko Errenta Unibertsala
TMMren jarraitzaileek Lan Bermaturako Plana (LBP) izeneko proiektu izarra dute. Plan horren oinarria da Estatuak langabezian geratzen den pertsona oro kontratatzea, hau da, azken baliabideko enplegatzaile bihurtzea. Horrek, errotik desagerraraziko luke langabezia, eta ekoizpen-gaitasunak alferrik ez galtzea eta enplegua galtzearen ondoriozko arazo ekonomikoak konpontzea lortuko luke. Ideia Abba Lernerrek proposatu zuen 1947an eta Hyman Minskyk 1986an, eta aurrerakoiek berreskuratu dute gizarte gisa ditugun arazo handiei aurre egiteko. Gogoratu behar da proposamen hori zabal defendatu zutela liberal askok 70eko hamarkadan, Ongizate Estatua suntsitzeko eta gizabanakoaren ideala indartzeko neurri gisa; gizabanakoa, hain zuzen, Estatua bezalako erakundeek gidatu behar ez duten subjektu gisa [11].
Dena oso polita da baina, ikertzen jarraitzean, proposamen horren akatsak ikusten hasiko gara. Lehenengoetako eta garrantzitsuenetako bat langabezia moneta-fenomenotzat hartzea litzateke, hau da, langabezia badago, ekonomian dirurik ez dagoelako dela pentsatzea eta, hori, Estatuak dirua injektatuz konponduko litzatekeela sinestea. Eta zer lan mota esleituko lituzke Estatuak? Gehienak lan sozialagoak izango lirateke, hala nola, adineko pertsonak edo mendeko pertsonak zaintzea, espazio publikoak garbitzea, basoberritzea edo arteak irakastea. 30eko hamarkadan, New Dealen baitan, Rooseveltek Work Progress Administration (WPA) izeneko programa bat ezarri zuen, non Estatuak langabezian zeuden pertsonak mota guztietako lanetan enplegatu zituen, zubiak eta ospitaleak eraikitzen, kasu. 1933an langabezia-tasa %25ekoa zen eta, 1938an, %19koa; beraz, tasa murriztea lortu bazuen ere, ez zen langabeziaren balizko desagerpenera hurbildu ere egin [11].
Beste puntu eztabaidagarrietako bat izango litzateke zer soldata emango liratekeen. Lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan beharko luke; izan ere, MTMren defendatzaileen arabera, kontrakoa pizgarria izango litzateke sektore pribatuan lana ez bilatzeko. Horrek zalantzan jartzen du lehen aipatutako bigarren helburua, ez bailuke lortuko soldatapeko masaren geruza handiek dituzten arazo ekonomikoak konpontzea. Horrekin sortzen dena, askok erreserbako armada estatala deitzen dutena da, hau da, ez du Erreserbako Industria Armada ezabatzen, baizik eta Estatua lan indarraren stockaren kudeatzaile bihurtzen da metaketa beharrek hala eskatzen duten bitartean [3].
Oinarrizko Errenta Unibertsala (OEU) deritzogun proposamena ez dago hain lotuta MTMrekin, baina garrantzitsua da, hala ere. Azpimarratu behar da LBPren defendatzaile asko OEUren aurka daudela, lehenengoa lan bategatiko konpentsazioa delako eta, bigarrena, herritartasun-eskubide bat. Daniel Raventósek honela definitzen du OEUren proposamena [12]:
«Oinarrizko Errenta da Estatuak gizarte bateko eskubide osoko kide edo egoiliar egiaztatu bakoitzari ordaintzen dion errenta bat, alde batera utzita ordaindutako enplegu bat gauzatu nahi duen edo ez, edo aberatsa edo pobrea den, edo bestela esanda, alde batera utzita pertsonak izan dezakeen beste edozein diru-sarrera, eta alde batera utzita etxeko elkarbizitza-konponketak».
Horrelako proposamenen bideragarritasunari eta ondorioei buruzko eztabaida oso interesgarria eta konplexua da; izan ere, oso sinplea dirudien arren, ekuazioan hainbat faktore sartzen dira, eta horrek zaildu egiten du jarrera argia hartzea. Mario del Rosal (2019) bezalako marxista batzuek kapitalismoaren logika zalantzan jartzen duen neurria dela defendatzen dute, lan indarraren salmentarekiko menpekotasuna murrizten duelakoan [3]. Batzuen ustez, erresistentzia kutxa bezala erabil daiteke langileen borroketan, kapitalaren ofentsibari aurre egiteko gaitasuna areagotuz. Beste batzuek uste dutenez, diru-sarrerak lan eremutik bereiztea desmobilizatzeko elementu bat izan daiteke, lan baldintzak hobetzeko borroka egiteko bultzada murriztuko bailuke [13]. Beste egile batzuek, Michael Robertsek (2019) edo Paul Cockshottek (2018) bezala, irizten diote, diru-sarrera horrekin batera, gizarte-prestazioak eta zerbitzu publikoak murriztuko liratekeela, hau da, dirua aurreztuko litzatekeela Estatua argalduz, zeina beste kolpe bat izango litzatekeen dagoeneko murriztuta dagoen «Ongizate Estatuari». Neurri horrek lan indarraren balioa murriztea eta gainbalioaren tasa handitzea ekarriko luke [14-15]. Baliteke horrelako neurriak lan indarraren balioa murrizteko epe luzeko estrategia baten parte izatea, ez baitugu ahaztu behar denborarekin alda daitekeen elementu bat dela [16].
Yanis Varoufakisek defendatzen du diru-sarrera horrek eskaera eraginkorra handitzea ekarriko lukeela, eta, bere ustez, krisia azpikontsumoak sortzen duenez, krisitik ateratzeko modu bat izango litzateke. Ez da berria hori. Hemen, zergak aberatsek txiroen onurarako ordaintzen dituztela dioen mitoa gezurtatzea dagokigu, izan ere, Wintersen (2011) eta Pikettyren (2014) azterketek adierazten duten bezala, kapitalismoan aberastasuna gorantz doa. Zergak langile klaseak, «klase ertainak» eta apalki aberatsak direnek ordaintzen dituzte; oligarkiaren sektoreek, berriz, gaitasun politikoa eta ekonomikoa dute (abokatuak, aholkulari fiskalak, erakundeak) zergek irabaziak asko murriztea saihesteko [17].
Eztabaida horietatik harago, argi geratzen da neurri horiek sustatzen dituzten mugimenduek ez dutela sistema abolitu nahi, ondorioei aurre egitera mugatzen baitira, kausak ukitu gabe. Klase gizartearen abolizioa bilatzen ez denez, haiek bideratu eta bere egin ditzake etsaiak, eta, beraz, ondorio posibleei adi egon behar dugu. Langile klasearen baldintzak hobetzea defendatzen ari garela uste dezakegu, eta, aldi berean, haren kateak indartzen egon gaitezke; beraz, lasai eta kontuz ibili behar dugu, agian, burgesiaren hurrengo Troiako Zaldiaren aurrean baikaude.
Ondorioak
Maskara berri bat jantzi du erreformismoak, Green New Deal, Moneta Teoria Modernoa edo Lan Bermaturako Plana deitu; atzean ezkutatzen dena da langileria kapitalismoaren gaitz amaigabeetara kondenatzen jarraitzea. Ezker koldarra, kapitalismoari aurre egitera ausartzen ez dena, horiek sortzen dituzten promesen eta desilusioen erantzule da, argi baitago, mugimendu bezala aurre egin behar diogun zama handietako bat dela, hain zuzen, iraultzari traizio egin diotenek utzi duten karga historikoa. Are gehiago, ziur asko kapitalismoaren historiako krisirik sakon eta gordinenetako baten aurrean gauden honetan. Ez dadila gertatu 2008koan bezala, bultzada emantzipatzaile guztia progresismoak bereganatu zuenean eta ordena sozial kapitalistaren elementu legitimatzaile bihurtu zenean. Antolaketa-modu antagonistak sortu behar ditugu, gero eta indartsuagoak, kapitalismoaren benetako kausei pixkanaka aurre egin ahal izateko. Ezin gara mugatu ondorioen aurka borrokatzera, horrela ez baitugu ezer aldatuko. Arazoak errotik konpontzeko garaia da, eta prozesu honetan ez gara nekatuko kea saltzen saiatzen direnak seinalatzeaz eta kritikatzeaz; ez atseginez, baizik eta sistema mantentzeko funtsezko zutabe direlako.
Erreferentziak
1. Engels, F., & Marx, K. (2004). Manifiesto comunista (Vol. 115). Ediciones AKAL.
2. Internacional Progresista (2020).
3. Del Rosal, M. (2020). La gran revelación: De cómo la Teoría Monetaria «Moderna» pretende salvarnos del capitalismo salvando el capitalismo. ECOBOOK.
4. Keynes, J.M (1936). Teoría General de la ocupación, el interés y el dinero. México, FCE, 1965.
5. Astarita, R (2018). Debate sobre la TMM: Respuesta a Eduardo Garzón.
6. Astarita, R (2018). Origen del dinero, cuestiones teóricas.
7. Mosler, W (2010). Los siete fraudes inocentes capitales de la política económica. El Petit Editor, 2014.
8. Real Academia Española, s.f, soberano.
9. Flakin, W & Belano, R (2019). Un Green-New Deal no puede salvarnos una economía planificada sí.
10. Cooke, S (2019). Will the Green New Deal save the climate, or save capitalism? Counterpunch, 2019 y Roberts, M (2016). La larga depresión. El viejo Topo.
10. https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/es/news/59169
11. Nicholson, H (2019). El Green New Deal: ¿Cambiar el sistema o salvar el sistema?
11. Roberts, M (2019). MMT 3 a bacstop to capitalism.
12. Raventós, D. (2007). Las condiciones materiales de la libertad. Editorial El Viejo Topo.
13. EFE (Lunes 5 de octubre de 2020). Euskadi quiere fondos europeos para 66 proyectos «tractores» valorados en 11.603 millones. El Diario vasco.
14. Roberts, M (2016). Basic income too basic not radical enough.
15. Cockshott, P (2017). What is wrong with the idea of basic income?
16. Marx, K (2017). Kapitala. XXI. mendea.
17. Burdman, J. (2012).Oligarchy. Jeffrey A. Winters Cambridge, Cambridge University Press, 2011, 323 páginas.RevistaSAAP. Publicación de Ciencia Política de la Sociedad Argentina de Análisis Político, 6 (2), 450-452. Y Piketty, T. (2014). El capital en el siglo XXI. Fondo de cultura económica.
18. Editoriala (Maiatzak 10, 2020), Gedar langile kazeta. Polizia Garan.
DTM-z (Diru Teoria Modernoaz: MMT, ingelesez: Modern Monetary Theory delakoaz) DEUS EZ ulertzen ez duen sasi letratu baten oso eredu ona da goian azaltzen dena!
Baldin eta DTM-z interesatuta badago baten bat, hona hemen webgune bat, euskaraz: https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/ .
Bertan 4.000 sarrera baino gehiago daude DTM sortu eta DTM-z aritzen diren autoreei segitu ahal izateko (Warren Mosler, Randall Wray, Bill Mitchell, Stephanie Kelton eta Pavlina Tcherneva)
Irakur eta ikas!
joseba felix tobar-arbulu (UPV-EHUko irakaslea)
DTM-z (Diru Teoria Modernoaz: MMT, ingelesez: Modern Monetary Theory delakoaz) DEUS EZ ulertzen ez duen sasi letratu baten oso eredu ona da goian azaltzen dena!
Baldin eta DTM-z interesatuta badago baten bat, hona hemen webgune bat, euskaraz: https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/ .
Bertan 4.000 sarrera baino gehiago daude DTM sortu eta DTM-z aritzen diren autoreei segitu ahal izateko (Warren Mosler, Randall Wray, Bill Mitchell, Stephanie Kelton eta Pavlina Tcherneva)
Irakur eta ikas!
joseba felix tobar-arbulu (UPV-EHUko irakaslea)
Aupa Joseba.
Beste batzuoi sasi letratu deitzen hasi baino lehen argudioak ematen hasi, zure iruzkinean ez baitago bakar bat ere ez.
EHUko irakasle bat handikeri horrekin idazten ibiltzea instituzio horretan dagoen mailaren oso eredu ona da.
Eztabaida serio eta mamitsu bat nahi izanez gero, ni prest baina hona lekzio paternalistak ematera etorri bazara tokiz erratu zara.
Aupa Joseba.
Beste batzuoi sasi letratu deitzen hasi baino lehen argudioak ematen hasi, zure iruzkinean ez baitago bakar bat ere ez.
EHUko irakasle bat handikeri horrekin idazten ibiltzea instituzio horretan dagoen mailaren oso eredu ona da.
Eztabaida serio eta mamitsu bat nahi izanez gero, ni prest baina hona lekzio paternalistak ematera etorri bazara tokiz erratu zara.
Kaixo joseba felix tobar-arbulu,
ikusita behin eta berriz idazten ari zarela, komenigarria iruditu zaigu argipen bat publiko egitea, guztiontzat baliagarria izango delakoan, eztabaidagune egoki bat garatu dadin:
1) Zure iruzkinetan erreportajearen egilearekiko gaitzespenak errepikatzen dira. Ez dugu halakorik onartuko. Lehenengoan aukera eman genizun, Eneko Carrión ere saiatu zen eztabaida zenezan eskatzen, baina argi da ez duzula eztabaidatu nahi eta, beraz, ez du zentzurik tematzen jarraitzeak.
2) Ez dugu onartuko, era berean, eztabaidatu nahi ez eta zure lanen inguruko propagandarik egitea. Hau ez da horretarako lekua.
3) Behin eta berriz errepikatu duzu ez duzula Enekorekin astirik galtzeko. Bada, hain preziatua bada zure denbora, ondo aprobetxatu eta ez galdu egilea iraintzen duten iruzkinak behin eta berriz idazten.
4) Artikuluaren inguruan eztabaidatu nahi baduzu, errespetuz, aukera izango duzu.
5) Ai
...
Leer más
Kaixo joseba felix tobar-arbulu,
ikusita behin eta berriz idazten ari zarela, komenigarria iruditu zaigu argipen bat publiko egitea, guztiontzat baliagarria izango delakoan, eztabaidagune egoki bat garatu dadin:
1) Zure iruzkinetan erreportajearen egilearekiko gaitzespenak errepikatzen dira. Ez dugu halakorik onartuko. Lehenengoan aukera eman genizun, Eneko Carrión ere saiatu zen eztabaida zenezan eskatzen, baina argi da ez duzula eztabaidatu nahi eta, beraz, ez du zentzurik tematzen jarraitzeak.
2) Ez dugu onartuko, era berean, eztabaidatu nahi ez eta zure lanen inguruko propagandarik egitea. Hau ez da horretarako lekua.
3) Behin eta berriz errepikatu duzu ez duzula Enekorekin astirik galtzeko. Bada, hain preziatua bada zure denbora, ondo aprobetxatu eta ez galdu egilea iraintzen duten iruzkinak behin eta berriz idazten.
4) Artikuluaren inguruan eztabaidatu nahi baduzu, errespetuz, aukera izango duzu.
5) Aipatutako irizpideak ez dira eztabaidagai.
Ulertuko duzulakoan.