ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/22 14:30

Talde antimilitarista bat da KEM. Hitz egiguzu egiten duzuen lanaz, dituzuen helburuez eta taldearen sorreraz.

KEM-MOC 80ko hamarkadan sortu zen, orduan egin baitzen gure kanpainarik ezagunena: intsumisioaren aldekoa. Horren azken emaitza, noski, miliarekin edo zerbitzu militarrarekin bukatzea izan zen. 1984an kongresu batzuk egin ziren Espainian, estatu mailan koordinatzen baikara gu, eta orduan hartu zuen KEM-MOC izena gure taldeak.

Filosofikoki, ez-biolentzia dugu oinarri. Estatu mailan aldizkako lan-lerroetan koordinatzen gara, baina tokian toki egiten dugu lan batez ere. Orain, arma industria eta militarizazioa ari gara salatzen nagusiki. Militarizazioa, baina, orokortasun batean kokatzen dugu. Arma industriaren, gerren finantzazioan bankuek duten eginkizunaren edota mugen militarizazioaren aurka egiten dugu. Hasieran genuena baino ikuspegi orokorragoa osatu dugu, zerbitzu militarretik harago joanda.

Hainbat ekintza egin dituzue azken urteetan KEMeko kideek eta, duela gutxi, Bilbon epaituak izan dira hainbat kide. Zer gertatu zen?

Gure egikera, azaltzeko, ekintza zuzen ez-biolentoa da. Ekintza zuzenak egiten ditugu, eta orain buru-belarri gaude Bilboko Juan de Garayko kuartela "botatzeko" kanpainarekin. Lanketari hasiera emateko, ekintza bat egin genuen: kuartelaren hormari kolpeak eman genizkion mazoekin, eta antzerkitxo bat egin genuen han. Kuartela "eraisten" hasi ginen.

Defentsa Ministerioak salaketarik jarri ez zuen arren, fiskaltzak, osotara, 9.000 euroko isunak eskatu zituen, eta hiru urte eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorrak ere eskatu zituen. Aste honetan jakinarazi dugu ezerezean gelditu dela epaia, 720 euroko isuna baino ez da izango azkenean. Horrelako ekintza asko egiten ditugu, dena den.

Aktualitatera jota, Gerrari ez! kanpaina daukazue martxan une honetan. Ukrainako gerrak zentralitatea duenez, zein da zuen ikuspegia gatazkaren inguruan?

Ukrainako gerraren urteurrenean sortutako plataforma bat da Gerrari ez!, eta Bilboko eta estatu mailako eragile sozial asko batu gara hor, gerra eta bere ondorioak salatzeko. Gerra hau jendaurrera agertu dela eta protagonismoa hartu duela esan dezakegu, baina guk ez dugu bereizten aurretik izan diren edo egun existitzen diren gerretatik. Gertutasunagatik, agian, zentralitatea hartu du Ukrainakoak, baina orokorrean gerraren aurkakoa da gure posizioa, eta ez dugu bandoen alde egiten. Gerrak pertsona zibilek sufritzen dituztela uste dugu.

"Ukrainako gerra jendaurrera agertu dela eta protagonismoa hartu duela esan dezakegu, baina guk ez dugu bereizten aurretik izan diren edo egun existitzen diren gerretatik"

Zaila izan da gerra honen inguruko jarrera koordinatzea, erraza delako, diskurtsoaren arabera, NATOzale edo errusiarzale izatea aurpegiratzea. Gu ez gara ezkutatzen, bi bandoen inperialismoa seinalatzen dugu; bai molde militarrak, bai bi bandoen inbasioak. Ulertzen dugu ez dela bi bandoren arteko kontua: eskubide urraketa kontua da.

Gerrari ez! kanpainaren helburua gizarteari begira gerra problematizatzea izango litzateke, beraz?

Gure mezurik famatuena da "Gerra hemen hasten da, hemen geldi dezagun". Ikusmira urrunean jartzen da sarri, baina gure mezua askoz ere sinpleagoa da: hemen egiten diren gauza asko gerra askoren hasiera direla seinalatzen dugu.

"Hemen egiten diren gauza asko gerra askoren hasiera dira"

Armagintzarik gabe, adibidez, ez dago gerrarik. Armarik ez badago, ez dago gerrarik. Hemengo mugimendu sozialen eginbeharra, agian, hemengo armagintza salatzea izango litzateke; haien kontrako ekintzak egitea eta arma bidalketak seinalatzea. Hemen zer edo zer egin dezakegula uste dugu, guda guztiak, normalean, hemen hasten direlako. Errazagoa da hemen jartzea ikusmira, eta ez urrunean.

Gedar Telebistan egindako elkarrizketa batean, Mendebaldeak su-etenari uko egiteko eta gerra luzatzeko interesa duela aipatu zuen Asier Blas nazioarteko politikan adituak. Zer uste duzue zuek?

Gerrak, azkenan, negozio biribila dira. Arma industrian ez ezik, etekinak lortzen dira gasolioaren sektorean eta bestelakoetan. Librea da baliabideen merkatua, eta gerra mantentzea oso garestia da estatuentzat. Ez dago gerrarik non hura mantentzeko nahia duen parterik ez dagoen.

Horregatik, asko dugu egiteko hemen. Gertuko enpresak seinalatzen baditugu eta gerra luzatzeko interesa duten enpresak salatzen baditugu, min handiagoa egiten dugu; edo, behintzat, mina eragiteko gaitasun handiagoa dugu. Presidente batek edo besteak esaten duenari buruz, euren irainei buruz edo maila geoestrategikoan horrek eragiten duen moduari buruz hitz egiteak gehiegi nahasten gaitu, eta ez dugu jokoan dagoenera jotzen.

Zentzu horretan jartzen duzue jopuntuan, esaterako, Espainiako Estatuaren gastu militarra eta horren etengabeko areagotzea.

Espainiako Estatuko aurtengo gastu militarra 48.000 milioi eurokoa dela uste dut, eta, hortaz, inoiz egin den handiena da. Hala ere, tranpa dauka datu horrek. Kontuan izan behar dugu oso zaila dela zifra zenbatzea, diru-partida gehienak Defentsa Ministerioarenak ez diren beste sail batzuetan ezkutatzen baititu Estatuak. Dena zenbatu behar da, baita polizia ere.

"Kontuan izan behar dugu oso zaila dela [gastu militarraren] zifra zenbatzea, diru-partida gehienak Defentsa Ministerioarenak ez diren beste sail batzuetan ezkutatzen baititu Estatuak"

Industria Ministerioak ere barne hartzen al ditu armagintzari lotutako diru-partidak?

Bai. Industria Ministerioak baditu armagintzarekin lotura duten partidak, baina sail ia guztiek daukate halako partidaren bat; Turismo Ministerioak barne. Gure ustez, euro bat ere ez litzateke bideratu beharko arma industriara, eta hemen bertan dauden armagintza instalazioak salatu behar dira.

Euskal Herrian enpresa txikiek zein handiek hartzen dute parte armagintzan. ITP Aero edo Aernnova, adibidez, arma industriako enpresa handiak dira, eta SAPA enpresak ekoizpenaren %100 bideratzen du defentsara. Baina badira txikiagoak diren enpresak ere. Armagintzako enpresa gehienek ekoizpenaren %20 edo %40 zuzentzen dute defentsara, eta, orduan, asko lausotzen da euren parte-hartzea.

"Erakundeek laguntzak emateko orduan, defentsari lotutako proiektuak dituzten enpresek puntuak irabazten dituzte"

Enpresa batzuek ez dute ekoizpen aldetik askorik egiten, baina finantzazioa jasotzen dute industria horri lotutako ikerketak egiteko. Euskadin ikaragarria da egoera. Erakundeek laguntzak emateko orduan, defentsari lotutako proiektuak dituzten enpresek puntuak irabazten dituzte. Jarduera nagusia edo bigarren mailakoa defentsara bideratzea saritzen du Jaurlaritzak.

Armagintzari lotutako negozioak eta kolaboratzaileak uste baino gertuago ditugu, beraz.

Adibide famatuak dira, besteak beste, ITP Aero, Sener edo SAPA enpresak. Baina, harago joanda, Deustuko Unibertsitatean dronak garatzen dituen enpresa batengana jo dezakezu, edo tankeen sistema gidatuetarako mikrotxipak garatzen dira [unibertsitateko ikerketa-lerroak, praktikak, eta abar]. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) bezalako instituzioen parte-hartzea ere aipagarria da. Ingeniarientzako ate irekien jardunaldiak egiten ditu unibertsitateak, eta ekimen horien karteletan agertzen dira ITP Aero, Sener eta bestelakoak. Helburua, noski, ingeniariak erakartzea da. Leku guztietan dago hori.

"Armen merkatuan, enpresa bakoitzak erakusten duena da berak egindako armek gehiago, azkarrago eta hobeto hiltzen dutela"

Uste dut lan handia dagoela enpresa horietako jardunak eta lanpostuek gerrarekin daukaten lotura zuzena ikusarazten. Armagintza enpresen argudio klasikoa da esatea ez dakitela zertarako erabiliko diren haiek garatzen ari diren teknologiak; edo "kotxe batekin ere pertsona bat kolpa dezakezu" esatea, armagintzari pisua kentzeko. Baina kotxe bat ez dago erailtzeko diseinatuta, eta armagintza enpresek ekoizten dutena bai. Are gehiago: armen merkatuan, enpresa bakoitzak erakusten duena da berak egindako armek gehiago, azkarrago eta hobeto hiltzen dutela.

NO HAY COMENTARIOS