ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/18 09:01

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretzako hainbat kidek agerraldi bat egin zuten atzo, jakinarazteko uko egin dietela hainbat ikerkuntza-proiekturi, Israelgo Estatuarekin dituzten loturengatik. Biomedikuntzaren edo konputazio-zientzien arloetakoak omen dira 247 milioi euroko proiektu horiek, eta Joxerra Bengoetxea errektoreak defendatu zuen "Palestinako herriaren genozidioaren auzia lehentasuna" dela EHUrentzat.

Loturak benetan eteteko urrats bat?

Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak, baina, hainbat argipen egin zituen EHUren adierazpenen ostean. Azaldu zuen "pozgarria" dela "errektoretzak Israelekin dituen harremanak eteteko konpromezua duela eta zenbait pauso eman dituela entzutea", baina uste du "EHUren aurpegi zuriketa saiakera bat" izan zela atzokoa: "Ez da nahikoa akordio berririk egin ez duzula adieraztea, lehenagotik zeuden harremanak eten ez badituzu. Urtebete daramate agintean eta ez dute Israelekin eta bere konplizeekin lehenagotik zeuden hitzarmenak eteteko pausorik eman, milioika euro jasotzen baitituzte akordio horietatik. Hitz asko baina ekintza gutxi ikusten ditugu".

IAk gogorarazi zuen EHU-Palestina plataformak hainbatetan eskatu diola errektoretzari "harremanak eteteko batzorde bat sortzeko", "genozidioaren konplize diren enpresekin dauden itunak lehenbailehen apurtzeko" asmoz. Baina unibertsitateak atzo hizpide izan zuen batzorde hori ez da loteslea. "Ez dauka erabakiak hartzeko eskumenik eta, ondorioz, ez luke ezertarako balioko akordioak apurtzeko orduan", seinalatu du ikasle-antolakundeak: "Horra hor EHUren hipokrisia. Harremanak eteteko talde bat sortu duzula esan, harremanak eteteko balio ez duenean".

Unibertsitatetik zioten, bestalde, "giza-eskubideak errespetatzeko eta armagintzarekin harremanik ez izateko klausula" bat izango dela. IAk salatu du, ordea, "tranpa bat ezkutatzen" duela horrek: "CAF edo ITP Aero bezalako enpresekin dauden harremanak ez ditu aintzat hartzen".

Palestinaren aldeko mobilizazioen aurkako errepresioa EHUn

Horrekin batera, IAko kideek beste auzi bat atera zuten mahaira: "EHUk behin baino gehiagotan bidali du Polizia Palestinaren alde mobilizatzen diren ikasleak erreprimitzera". Aurreko astean, esaterako, segurtasun-indarrek eta Ertzaintzak eraso zieten Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa) Palestinaren askatasuna aldarrikatzen ari ziren ikasleei, eta antolakundetik salatu zuten "onartezina" dela gertatutakoa. "Polizia unibertsitatetik kanpo egon behar dela uste dugu", azpimarratu zuten: "Fokua Israelen eta bere konplizeetan jarri behar da, eta ez Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzen diren horietan".

Gainera, nabarmendu zuten, "EHUk inoiz Israelekin dituen harremanak eteten baditu, ikasleon presioari esker izango dela". Izan ere, oroitarazi zuten ikasleek, irakasleek zein ikerlariek bi urte daramatzatela "etengabe mobilizatzen", eta unibertsitatearen azken mugimenduek erakusten dutela "borroka bere fruituak ematen ari dela", errektoretzak "behartuta" ikusi baitu bere burua.

Gaur, mobilizazio eguna EHUn eta NUPen

IAk iritzi dio beharrezkoa dela "mobilizatzen eta presioa egiten jarraitzea", "Israelekin dauden harreman guztiak eten arte". Gaurko, irailaren 18rako, mobilizazioak antolatu ditu EHUko hiru campusetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP): eguerdian izango dira; 13:00etan Leioako (Bizkaia) eta Gasteizko (Araba) campusetan, 13:30ean Ibaetan, eta 13:45ean Iruñean (Nafarroa).

NO HAY COMENTARIOS