Euspelek irabazi ditu Ertzaintzako hauteskundeak
— ARGAZKIA Euspel (X)

Aldaketa esanguratsuak egongo dira Ertzaintzaren ordezkaritza "sindikalean". Aurreko ostegunean izan ziren barne-mailako hauteskundeak, eta oraingoan, ez da ErNE nagusitu: Euspelek irabazi zuen ertzainen artean, 1.564 boto eskuratuta. Orain arte, Ertzaintzako gehiengo sindikaletik kanpo egon da Euspel, hirugarren geratu baitzen 2022an.

68 botoko aldearekin, aurtengoan bigarren indarra izan da Esan, eta hogeina ordezkari edukiko dituzte bi taldeek. Hala ere, aurreko hauteskundeekin alderatuta, %17 boto gutxiago lortu ditu aurten Esanek, Euspelek izandako gorakadarekin kontraesanean. ErNEk ere, Esanek bezala, behera egin du nabarmen: azken bi hamarkadetan irabazi ostean, %42 boto gutxiago bildu ditu. Hamabost ordezkari izango ditu, lehen baino zazpi gutxiago. SIPEk lau ordezkari lortu ditu, 2022an baino hiru gutxiago. Parte-hartzea, bestalde, duela lau urtekoa baino txikiagoa izan da, %21,5 izan baitira parte hartu ez dutenak.

Azken emaitzak ikusita, Segurtasun Sailari gogoeta egin dezala eskatu dio ErNEk, "bere Ertzaintza norantz doan" hausnartzeko. Polizia-indarraren barruan "joera aldaketa" bat egon daitekeela atera dute mahaira, hala.

Kritika hitzarmenari eta agente kantitateari

Euspeleko presidente Joseba Saralegik, garaipenaren berri izan bezain pronto, adierazi zuen "haserrea" dela nagusi Ertzaintzan: "Baldintzak debaluatzen ari dira". Aurrez egin bezala, ustezko agente faltari egin zion azpimarra Saralegik, "1.000 ertzain gutxiago" direla esanez. "Akordio arautzailea ez da funtzionatzen ari", esan zuen.

Gatazka luze baten ondoren, ERNE, ESAN eta SIPEk iaz sinatu zuten akordio bat Eusko Jaurlaritzarekin, soldata-igoerak adostuz besteak beste. Euspel izan zen hitzarmenaren alde egin ez zuen "sindikatu" polizial bakarra, ez baitzuen nahikotzat hartzen. Orain, Segurtasun Sailarekin hitz egiteko prest dagoela dio, baina mugekin: "Prest gaude esertzeko eta hitz egiteko, baina ez gaude prest [Segurtasun Sailari] paper zuri bat sinatzeko gustua emateko". Euspelek dio "beste etapa bat" hasiko dela Ertzaintzan, salatuz Jaurlaritzak "kanpoan utzi" nahi izan duela orain arte: "Isildu nahi gintuzten, baina ez dute lortu". Saralegik Radio Euskadi-n gaineratu zuen "gatazka piztu" dela "berriro", eta "shock egoeran" omen dagoela Segurtasun Saila.

Euspel, presente hainbat prozesu judizialetan: Falangea Gasteizen eta Etxarriren desalojoa Bilbon

Ertzaintzako hitzarmenaz harago, beste gai batzuengatik ere izan du presentzia Euspelek azken hilabeteetan. Izan ere, erakunde polizialarekin lotura zuzena duen abokatu bat parte hartzen ari da hainbat prozesu judizialetan, ertzainen defentsan. Iazko urriaren 12an Gasteizen izandako gertakarien harira zabalik dagoen auzian, adibidez, karga polizialetan izan ziren agenteen alde azaldu da. Euspelek eta abokatuaren taldeak berak urtarrilean adierazi zuten Instagramen "administrazioak abandonatu" dituela ertzain horiek, eta "abokatu bakar bat" ari dela lanean "euren defentsan": "Euspel".

Etxarri II Gaztetxearen desalojoan Ertzaintzak egindako kargek ere harrotu dituzte hautsak azken urtean, hainbat gazte zauritu baitzituzten poliziek. Iker Aranak, adibidez, barrabil bat galdu zuen ertzainek jaurtitako foam jaurtigai baten ondorioz. Bada, kasu horretan ere Ertzaintzaren alde jarduten du Euspelek, Aranaren aurka tiro egiteagatik Segurtasun Sailak seinalaturiko agentearen defentsan ari baita. Taldeak Instagramen jakinarazi zuenez, kasua artxiba dezatela eskatu zuen, esanez "froga objektikoak" eta "lotura kausala" falta direla eta ez dela egiaztatu "foam-en okerreko erabilera".