ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Martxoaren 15ean Zarauzko Putzuzulo gaztetxean biltzera dei egin du Dandak. Argazkia: Zarauzko Hitza
2020/02/16 20:12

"Euskal Herriko Gaztetxeen Topaketak berriro elkarrekin antolatzeko jotzen dugu zuengana, elkarrekin hitz egin dezagun gaztetxeen orainaz zein etorkizunaz, eta eztabaida politiko horiek emateko eszenatokiaz". Adierazpen horiekin itxi dute Zarauzko (Gipuzkoa) Danda gazte asanbladako kideek iragan ostegunean, hilak 13, argitaratutako deialdia.

2017. urtean izan ziren azkenekoz Euskal Herriko Gaztetxeen Topaketak Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa), eta "hitz egiteko eta eztabaidatzeko unea betierekoa" dela azpimarratuta, "berriro behar horri erantzuteko ordua" izan daitekeelakoan daude Dandako kideak. Hala, martxoaren 15ean, igandea, Zarauzko Putzuzulo gaztetxera bertaratzera dei egin diete Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladetako kideei, berriz ere Topaketak prestatzeko lanei heltzeko. "Sustraitua egon den tradizio bati berriro heltzeko gogoz jotzen dugu zuengana: elkarrekin eztabaidatzeko tradizioa", gehitu dute adierazpenean.

Erronkak, oztopoak eta heldulekuak

Zarauzko gazte asanbladako kideek adierazi dute gaztetxeetan "erronka eta helduleku ugari" dituztela parez pare: "Bide luzea egin dute dagoeneko gaztetxeek, eta halakoxea da aurretik dugun bidea ere: luzea eta erronkaz betea". Erronka horien artean, "kezkak eta zailtasunak" izan dituzte hizpide; hala nola, desalojoak, desalojo arriskuan dauden espazioak, "ziurgabetasun eta babesgabetasun egoerak", edota "lan politikoa egiteko oztopoak".

Gaztetxeetan "partekatuak" diren askotariko problematikek urtez urte hamaika eztabaida mahaigaineratu dituztela diote Dandako kideek; esaterako, "gaztetxeen indarguneen ingurukoak", "gaztetxeetatik egin beharreko lan politikoaren ingurukoak", "antolatzeko moduaren eta parte hartzearen ingurukoak", eta abar. Hala, elkartzeko eta eztabaida horiei berriro bide emateko asmoz, aurreneko bilera baten deialdia markatu dute egutegian: martxoaren 15a.