ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/27 09:20

Israel desegitera bidean, harreman oro eten aldarriarekin, kanpaina bat dauka martxan Palestinarekin Elkartasuna plataformak, "Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak" salatzeko. Esaterako, Euskal Herriko bankuek sionistekin dituzten loturak atera ditu argitara, eta horren kontra mobilizatuko da gaur: protestak egingo ditu Iruñean (Nafarroa) eta Bilbon (Bizkaia), Euskal banketxeak genozidioaren konplize lelopean. 12:00etan izango da Iruñeko elkarretaratzea, Merindadeen Plazan, eta 19:00etan Bilbokoa, San Nikolasen.

Mobilizazio horiei lotuta, euskal banketxeak seinalatu dituzte azken egunetan, adibidez, BBVA. Protestak egin dituzte BBVAren Iruñeko egoitzan eta Bilboko hainbat bulegotan, banku horrek palestinarren kontrako sarraskian duen erantzukizuna salatzeko. Gainera, margoketak egin dituzte bere hainbat sukurtsaletan: margo gorriz markatu eta Israel genozida, BBVA konplize idatzi dute, besteak beste.

Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi duenez, azken urteetan 1.482 milioi dolar inbertitu ditu banketxe horrek Israelgo Estatuko industria militarrean. Euskal Herriko beste hainbat bankuk ere sionistekin kolaboratzen dutela jakinarazi du, hala nola, Caja Rural, Laboral Kutxa eta Kutxabankek.

NO HAY COMENTARIOS