ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Omar Havana/AP
2024/10/18 12:49

Europar Batasuneko 27 estatu kideetako buruek atzo egin zuten goi-bilera bat, Bruselan. Besteak beste, immigrazioari buruz hitz egiteko elkartu ziren, eta argi erakutsi zuten zein den jarrera orokorra: are gehiago zaildu nahi dute herrialde batzuetatik Europarako immigrazioa, eta militarizatutako mugak gainditzea lortzen duten pertsona migranteak errazago deportatu nahi dituzte.

Hainbat herrialdetako immigrazioa oztopatzeko eta arriskutsuago bilakatzeko, "formula berritzaile" bila ari da Europar Batasuna (Irlandako lehen ministro Simon Harrisek erabili omen du adiera). Hainbat urtez aukera hori baztertu ostean, badirudi indarra hartzen ari dela, esaterako, Batasunetik kanpo ("hirugarren herrialde" deiturikoetan) deportazio-zentroak eraikitzeko proposamena.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek duela egun gutxi bidali zien gutun bat estatu kideei, proposamen hori eginez, besteak beste. Udaberrian onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna lehenbailehen martxan jartzea ere eskatzen zuen idatzian. Teorian, 2026an sartuko da indarrean.

Gero eta gehiago dira: bilera estraofiziala

Italiak Albanian eraiki ditu bi deportazio-zentro, eta aste honetan eraman ditu hara atxilotutako hainbat pertsona migrante. Lituania eta Eslovenia ere horretarako prest agertu dira, azken goi-bileraren harira, eta badirudi gero eta konplexu gutxiagorekin ari direla jarrera hori erakusten Europako gobernuak.

Atzoko goi-bileraren aurretik, immigrazioari buruz hitz egiteko bilera estraofizial bat egin zuten hainbat estatu kidek, Italiako Giorgia Meloniren eta Herbehereetako Dick Schoofen gidaritzapean. Ustez immigrazioari buruzko jarrera antzekoa duten herrialdeak izan ziren elkartu zirenak, eta aipatutako biez gain, parte hartu zuten Austriak, Eslovakiak, Greziak, Hungariak, Maltak, Poloniak, Txekiar Errepublikak eta Ziprek.

"Gure helburu partekatua da migrazioa kontrolpean izatea eta baztertutako asilo-eskatzaileen itzulera bizkortzea. Horregatik, itzulerak errazteko irtenbide berritzaileen inguruan eztabaidatu dugu, bai eta Europako legedia zorrozteko beharraz ere", laburbildu zuen bilera estraofiziala Schoofek.

Deportazioak egin ahal izateko legedia erraztea

Batasuneko hainbat herrialde (ez dituzte erabat zehaztu) ari omen dira eskatzen pertsona migranteak kanporatu ahal izateko araudia sinplifika dadila, eta ideia horrekin bat egin du Von der Leyenek. Badirudi legedia berritzeko pausoak emango dituela laster, 2008ko "Deportazio-Zuzentaraua" berrikusiz: helburua da deportazioak errazten segitzea.

NO HAY COMENTARIOS