ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/22 18:51

Pertsona eta objektuen identifikazioa eta horien zuzeneko jarraipen zehatz eta azkarra teknikoki ahalbidetzen duen sistema bat garatzen ari dira Espainiako Estatuko hainbat enpresa eta unibertsitate, Barne Ministerioaren jarraipen eta sostenguarekin. 5.260.389 euroko aurrekontua du Ai-Mars izeneko proiektuak, eta espero dute produktua 2022. urterako egotea indar polizialen eta segurtasun-enpresa pribatuen esku.

Ondorengoak dira, ofizialki, proiektuan parte hartzen ari diren kideak: sei enpresa teknologiko (Retevision, Televes, Emergya, Sngular, SHS eta Herta), hiru unibertsitate (Universidad de Granada, Universidad Carlos III de Madrid eta Universidad Politecnica de Madrid) eta institutu teknologiko bat (Instituto Tecnologico de Castilla y Leon).

Identifikazio azkarra eta zehatza

Azken bost urteetan teknologiaren industrian eta Adimen Artifizialaren (AA) esparruan izan diren aurrerapenak ari dira integratzen Ai-Mars proiektuko kontrol-sistema bateratuan. Pertsona baten aurpegiko zein objektu baten gorputzeko ezaugarri finkoak identifikatu, prozesatu eta datu-base erraldoiekin alderatzeko azkartasuna lortzeko ari dira lanean, Big-Data eta Machine Learning bezalako teknikak aplikatuz.

Hala, sistema gai izango da masa mobilizazio bateko milioika aurpegi segundo bakarrean aztertzeko, baita horiek musukoarekin, makilatuta edota iluntasunean egonda ere. "Aurpegiaren %70 estalita daramaten horiek ere identifikatzeko gai gara gaur egun", dio Carles Hernandezek, Ai-Marsen garapenean diharduen Herta enpresako teknologia zuzendariak.

Bilatze eta alderatze algoritmoak fintzen eta azkartzen ari dira horretarako. Adibidez, pertsona baten begiko irisaren alderaketa 50ms-tan gauzatzeko gai dira. Azkartasun horren ondorioz, pertsonen pilaketa kasu orotan masen kontrol zehatza gauzatzeko tresna eraginkorra ari dira sortzen, eta horrek, Poliziaren zuzeneko jarraipena ahalbidetzen du.

Betaurreko elektronikodun poliziak

Proiektua poliziek erabili dezaten dago bideratuta, eta haiek eramango dituzten betaurreko elektronikoekin osatzen da. Polizia-agente bakoitzak soinean eramango duen ekipamendua Errealitate Areagotuaren teknologiaz horniturik egongo da. Horrek guztiak ahalbidetuko die masa mobilizazioetan pertsonen, objektuen eta pertsona multzoen zuzeneko jarraipen erabat zehatza egitea.

Jende pilaketak gertatzen direnean, polizia-kamerek jendea hautemango dute, eta, kontrol-zentroekin kontaktua eginez, susmagarriak atzeman ahal izango dituzte. Ondoren, polizia-agenteak ohartaraziko dituzte une horretan bertan, beren betaurrekoetan kolore ezberdinez markatuta ikusiko baitituzte hainbat elementu nahiz pertsona.


Esaterako, aurrekari penalak dituen oro bereizi ahal izango dute. Susmagarri batek praka urdinak daramatzala jakinez gero, galtza urdinak dituzten pertsona guztiak atzemango dituzte. Armak edota beraien irizpideen arabera sailkatutako edozein objektu detektatuko dute momentuan, eta pertsona multzoen hainbat jarrera bereiziko dituzte; hala nola, aglomerazioak, hesien gainetik jauziak, urduritasun kolektiboa, eta abar.


Jarraipen eta kontrol zuzen hori ahalbidetzeko, betaurrekoen eta jo-puntu diren pertsonen posizionamendu absolutua determinatzeko arazoak gainditzen ari dira Ai-Mars proiektuaren barruan. Horrez gain, 5G sarearen hedapenarekin soilik jarri ahal izango dute martxan, konektagarritasun maila altua eskatzen baitu sistemak.


Estatuaren babes publikoa eta iniziatiba pribatua barnebiltzen dituen proiektu hau, aipaturiko aurrerapen teknologikoak uztartzen dituen lehen sistema da Europan.

 

Elkarlana Guardia Zibilarekin

 

Laborategietatik kanpo ere jadanik ibilbide bat egina duen proiektua da Ai-Mars. Barne Ministerioak emandako babesaz gain, Guardia Zibilak ere interesa adierazi du proiektuan. Behin betiko produktua 2022. urterako martxan egotea da aurreikuspena, baina hainbat hedabidek zabaldu dutenez, jadanik frogak egiten ari dira kirol ekitaldietan.

 

Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, "atentatuak eta bestelako gorabeherak (pilaketak, istiluak, eta abar) zaintzen eta prebenitzen laguntzeko irtenbide teknologikoak" eskaintzea da proiektuaren helburua. Horretarako, "pertsona-kontzentrazio handietan (aireportuak, azokak, manifestazioak, kirol-ekitaldiak, jaiak, merkataritza-guneak edo antzeko inguruak) segurtasuna mantentzeko" baliabide bat izango da Ai-Mars sistema, enpresa parte hartzaileen arabera.

NO HAY COMENTARIOS