ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Radar Austral
2025/12/09 11:26

Europar Batasuneko Barne ministroek akordio bat lortu zuten atzo Bruselan, Europar Batasuneko migrazio-politikan norabide murriztaile berri bat ezartzeko, asilo-eskaera ukatu dieten pertsonen itzulketak arintzeko arauekin eta "segurutzat" jotako jatorrizko herrialdeen lehen zerrenda batekin. Neurri horiek Europako Parlamentuak balioztatu beharko lituzke oraindik, baina, besteak beste, ezabatu egingo lukete migratzailearen eta itzulerako herrialdearen arteko "lotura" frogatzeko beharra, aldez aurreko loturarik gabeko kanporatzeak erraztuz hirugarren estatuetan.

Teorian, "bidaia irregularretarako pizgarriak murriztea eta trafiko-sareak desegitea" izango litzateke helburua, baina arrisku juridikoez eta giza-eskubideen urraketez ohartarazi dute hainbat ahots kritikok, eta zalantzan jarri dute erreforma horiek Giza-Eskubideen Europako Hitzarmena eta 2023ko Migrazio Ituna errespetatzen ote dituzten. Itun hori ez da guztiz aplikatzen oraindik.

Neurri sortak Europar Batasuneko lurraldetik kanpo deportazio-zentroak sortzea ere barne hartzen du. Eredu horrek gogora ekartzen ditu erregimen britainiarrak Ruandan ezarritako plana, huts egin zuena, edo Italiak Albanian adostutako plan polemikoa, zeina auzitegiek partzialki blokeatu duten. Iturri diplomatiko hainbatek nabarmendu dutenez, kanpora ateratze hori Uganda edo Ruanda bezalako herrialdeetara heda liteke: Austriako agintaritzak ari dira jada Afrikako instalazioak aztertzen asilo-eskaera ukatu dieten pertsonak horietara bidaltzeko, somaliarrak batez ere, filtratutako dokumentu batzuen arabera.

Aldi berean, Batasuneko 27 herrialdeek 2026rako "elkartasun-funts" bat adostu dute, Espainiako Estatuari, Italiari, Greziari eta Zipreri mesede egingo diena, Europako Batzordeak deklaratu baitu "migrazio-presiopean" daudela estatu horiek. Hala ere, azken zifrek 21.000 "birkokatze" eta 420 milioi euroko finantza-kontribuzioak jaso dituzte, hasieran proposatutako 30.000 eta 600 milioien azpitik. 2026ko ekainaren 12ko itunaren "hasiera partziala" argudiatu dute horretarako.

Herrialde "seguruen" zerrendan daude Maroko, Kolonbia, Bangladesh, Egipto, India eta Tunisia, eta, ustez, Turkia, Albania edo Serbia bezalako hautagaiak ere badira. Izendapen horrek asilo-eskaeren ukapena eta itzulerak azkartuko ditu, eta galdera ugari sortzen ditu deportatuko dituzten pertsonen eta haien baldintzen inguruan: Amnistia Internazionalaren txostenek edonolako abusuak dokumentatu dituzte, adibidez, Marokoko eta Egiptoko zentroetan.

NO HAY COMENTARIOS