ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/19 15:59

Agerraldi bat egin dute gaurkoan Iruñerriko (Nafarroa) Itaiako hainbat kidek, indarkeria matxistari aurre egiteko lanean sortu dituzten zenbait tresnaren berri emateko. Azaldu dutenez, "gero eta gehiago dira eta gero eta normalizatuago daude" emakume langileek jasaten dituzten "indarkeria formak". Udaren atarian eta, beraz, hamaika festaren atarian gauden honetan, gainera, nabarmendu dute jai-giroan are "ikusgarriagoa" dela "emakume langileok bizi dugun babesgabetasuna"; "bai lanean —txandak egiten, zerbitzatzen edo garraio publikoan, adibidez—, bai aisialdian —irainak, ukituak, jarraipenak eta abar—.

Itaiako kideek seinalatu dute instituzio publikoek ustez indarkeria matxistari aurre egiteko eskaintzen dituzten tresnek "hutsune nabarmenak" dituztela: "Argi utzi nahi dugu ez dutela emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza gainditzeko borondate errealik". Hortaz, beharrezkotzat jo dute "emakume langileok gure kabuz antolatzea, bitartekoak sortuz, erasoak saihesteko eta eraso matxistei erantzun eraginkorra eman ahal izateko". Itaiak zentzu horretan jarri ditu martxan Etxeratze Kolektiboak eta indarkeria matxistari buruzko galdetegi bat.

Babeserako

Apiril bukaeran hasi ziren Txantrea auzoko jaiak, eta horrekin batera abiatu zituzten Etxeratze Kolektiboak. Gauez, Txantreatik bakoitzaren etxera taldean itzultzeko hitzorduak jarri zituzten, helburua izanda "etxera joan nahi duen orori lagunduta eta seguru joateko aukera eskaintzea" eta erasoak "saihestea".

Gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, datozen hilabeteetan Iruñerriko beste hainbat herri eta auzotan ere Etxeratze Kolektiboak antolatzea da Itaiako kideen asmoa. "Gure dinamika beren jai-guneetan gauzatu nahi duten pertsona guztiak gurekin harremanetan jartzera animatzen ditugu", gaineratu dute.

600 erantzun

Bestalde, Itaiak duela gutxi jarri du martxan galdetegi bat, "gizarte kapitalistak eta bere zapalkuntzek" dituzten "funtzioak eta formak aztertzeko". "Indarkeria matxistak bereganatzen dituen forma ezberdinen" eta "horiekiko esperientzien" inguruan galdetzen da inkestan, eta Iruñerriko biztanle orori dago zuzenduta.

Astebetean 600 erantzun inguru jaso dituzte, eta irekita dago oraindik, lotura honetan. Gero, erantzunak aztertzea eta indarkeria matxistaren inguruko diagnostiko bat egin ahal izatea da asmoa.

Iruñerriko Itaiak argitu duenez, "emakume langileen babeserako zein antolakuntzarako baldintzak sortzeko" bidean jarri ditu abian Etxeratze Kolektiboak nahiz inkesta, eta bestelako eremu batzuetan ere "babeserako, borrokarako eta antolakuntzarako baldintzak sortzeko" egingo du lan.

NO HAY COMENTARIOS