ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / La Voz de Lanzarote
2024/12/11 09:09

Espainiako Gazteria Kontseiluaren (CJE) arabera, hamar gaztetik zazpi bizi dira oraindik gurasoen etxean, eta batez besteko emantzipazio-adina 30 urtetik gorakoa da une honetan (30,4). Gainera, bakarrik bizi diren gazteek, euren soldata ia erabat bideratu behar dute etxebizitza ordaintzera: guztizkoaren %94, batez beste. Mitinetik alokairura: espainiar gazteak etxebizitza-politiken aurrean azterketaren arabera, gazteen %73 bizi dira kezkatuta etxebizitza eskuragarri bat lortzeko ezintasunagatik.

Ikerketak erakusten du etxebizitzarena dela kezka nagusietako bat Espainiako Estatuko 18 eta 30 urte arteko gazteentzat, baina ez dituzte politikari profesionalen neurriak eta horien eragina begi onez ikusten. Etorkizunerako Talentua (Talento para el Futuro) plataformak mila gazterekin baino gehiagorekin hitz egin du etxebizitzaren arloko politiken inguruan, eta horixe izan da atera duen ondorioa.

Galdekatu dituzten pertsonen artean, nabarmena da politikari profesionalen eta langile-klaseak jasaten duen errealitatearen arteko distantzia identifikatzen dutenen portzentajea. Inkestatuen %56k iritzi diote politikariek ez dutela konprenitzen "euren proposamenen eragin erreala". Eta %63k, gainera, uste dute politikariek ez dutela ulertzen etxebizitzaren arazoaren konplexutasuna. Besteak beste, gazteentzako alokairu-bonuaren eraginkortasun falta aipatzen dute.

Politikari profesionalak, etxebizitzaren negozioaren parte

Mesfidantza horrek badu oinarri erreal bat. Espainiako Diputatuen Kongresua osatzen duten 350 politikarien %82 dira ofizialki etxejabeak, eta erdiak dauka etxe bat baino gehiago. Aitortzen dutenaren arabera, %20k kobratzen dituzte alokairuengatiko errentak. EH Bildu, Junts eta UPN dira errentatzaile proportziorik altuena duten alderdiak.

Aipatutako inkestan parte hartu duten gazteen %72k seinalatzen dute oporretako alokairuaren gorakada dela prezioen igoera eragin duen faktore gakoetako bat. %57k pentsatzen dute, bestalde, inbertsio-funtsek jabetzak erosteak modu larrian mugatzen duela etxebizitzarako sarbidea.

Negozioari eta irabaziei erasotzen ez dieten neurriak

Alderdi politiko parlamentarioek mahaira ateratako politikek ez dute etxebizitzaren negozioa bera eta horri lotutako ulermen-esparrua zalantzan jartzen. Hala ere, askotariko alderdiek proposatutako neurri batzuei buruz galdetu die Etorkizunerako Talentua plataformak, proposamen bakoitza norena den jakinarazi gabe.

Voxek egindako proposamen batek lortu du babesik handiena inkestatuen artean: aurreneko etxebizitza erostean BEZa kentzearen alde egin dute gazteen %61ek. Bigarren neurririk arrakastatsuena (%58) izan da lekuan leku etxebizitzak birgaitzea, hala nola zaharkituta eta abandonatuta daudenak, gazteentzako alokairu batera bideratzeko.

Okupazioaren aurka

Bestalde, inkesta erantzun dutenen %57k esaten dute okupazioa gogorrago zigortzeko legeen alde daudela, eta ontzat ematen dute PPk mahaigaineratutako proposamen bat: desalojoak 24 orduan izango direla ziurtatzea. EAJk bultzatuta, orain okupazioaren kontrako beste lege-aldaketa bat daukate esku artean Espainiako Estatuan. PPk betoa jarri dio Senatuan, eta, beraz, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuko dute berriz datozen asteetan.

NO HAY COMENTARIOS