ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/14 08:30

Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak atzo eman zuen Etxebizitza Sindikatuaren sorreraren berri. "Krisi testuingurua eta etxebizitzarekin lotutako arazoak handitzen doazen honetan, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitzaren" alde borroka egiteko sortu dute Etxebizitza Sindikatua Kontseilu Sozialistako kideek. Izan ere, "aurrekaririk gabeko" krisi-egoera honetan, beharrezkotzat jo dute "gure bizi-baldintzen aurkako ofentsibari aurre egiteko antolakuntza eta borroka espazioak garatzen hastea".

"Etxebizitzarekin lotutako arazoak eguneroko ogia" direla eta "langile klasearen sektore zabal bat erabateko babesgabetasun egoeran" dagoela azpimarratu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak. Problematika horri heltzeko sortu zuen Etxegabetzeen Aurkako Sarea joan den maiatzean, baina horrek zenbait muga zituela jakinda eratu du Etxebizita Sindikatua. Etxebizitzari lotutako borrokaren arloan "aurrerapauso bat" eman nahi izan du, hala.

Autodefentsa sozialista

Asmoa da Etxebizitza Sindikatuaren bidez "autodefentsa sozialista" antolatzea etxebizitzaren arloan. Urgentziazko zenbait borroka aipatu dituzte Kontseilu Sozialistek; besteak beste, "etxegabetzeei eta etxejabeen inpunitateari aurre egitea", "alokairuaren igoera gelditzea" eta "doako etxebizitzak izateko aukera zabaltzea".

Nabarmendu dute, hala ere, "borroka horiek guztiak" ez direla "nahikoa etxebizitzaren problematika gainditzeko", hori ezin delako "kapitalismotik bereizi". Beraz, aipatutako borroka zehatzei heltzeaz gain, "egoera horren egiazko sorburua den gizarte kapitalista gainditzera bidean aurrerapausoak ematea" funtsezkoa dela aldarrikatu dute, eta "Estatu Sozialistaren eraikuntzarekin" lotu dute irtenbide hori.

Aurkezpena, abenduaren 1ean

Atzo eman zuten Etxebizitza Sindikatuaren sorreraren berri, baina jendaurreko aurkezpen saio bat egingo dute abenduaren 1ean, 18:30ean. Geltokiko erabilera anitzeko aretoan izango da aurkezpena, eta bertaratzera deitu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

NO HAY COMENTARIOS