Bihar onartuko dute Etxebizitza Legea Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta gaur, urrats horren atarian, protesta bat izan da Bilbon, "legearen mugak eta erabilera elektoralista" salatzeko. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuek deituta, Bizkaiko hiriburuko Plaza Biribilean egin dute elkarretaratze bat arratsaldean, 18:30ean hasita.
"Langileon bizitzak garatzeko, bizirauteko, ezinbesteko elementu bat da etxebizitza. Baina, egungo gizartean, lehendabizi, errentak bereganatzeko bitarteko bat da jabe txiki eta handientzat", gaitzetsi dute Etxebizitza Sindikatuek. "Alokairuaren prezioen igoerak, etxegabetzeak, errentarien biolentzia, etxebizitzen kalitate galera orokortua, emantzipatzeko ezintasuna... Arazo horiek guztiak ez dira ezbehar edo fenomeno naturalak, kapitalistek errentak bereganatzeko darabilten egiturazko lehiaren ondorio zuzenak baizik", gaineratu dute, etxebizitzaren alorrean gaur egun hain ohikoak diren joerak gogoan izanda.
"Alokairuaren prezioen igoerak, etxegabetzeak, errentarien biolentzia, etxebizitzen kalitate galera orokortua, emantzipatzeko ezintasuna... Arazo horiek guztiak ez dira ezbehar edo fenomeno naturalak, kapitalistek errentak bereganatzeko darabilten egiturazko lehiaren ondorio zuzenak baizik"
"Eta zer egiten dute gobernuek horren guztiaren aurrean? Bada, kapitalisten etekinak bermatzea, etxebizitzaren arazoa arazo politiko bilakatzen ez dela ziurtatzen duten bitartean", diote. Sozialdemokrazia, hain zuzen ere, "bi helburu horiek elkarlotzen" aritzen da, Etxebizitza Sindikatuen arabera.
Etxebizitza Legea, noren mesedera?
"Arazoaren arduradunak, errentistak, arazoa konpontzeko agente ezinbestekotzat aurkezten dizkigute", Etxebizitza Sindikatuen esanetan. Hortaz, Etxebizitza Legeak "jabe handien eta errentari txikien interesak defendatzen" dituela eta "etxebizitzaren arazoa modu gordinenean bizi duen proletalgoari ez diola irtenbide errealik eskaintzen" iritzi diote.
Etxebizitza Legeak etxejabeentzat "laguntza ekonomikoak eta hobari fiskalak bermatzen" dituela, turismoa ukitu gabe geratzen dela eta eraikuntza indartzen duela gogorarazi dute, esaterako. "Eta etekin horiek guztiak errentarientzat zeren truke? Gure alokairuak %3 baino gehiago ez igotzearen truke? Zer hobekuntza aurkituko ditu proletalgoak neurri horietan?" galdegin dute Etxebizitza Sindikatuek. "Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, argi egon beharko luke errentadunen, handiak edo txikiak izan, botere ekonomiko eta soziala handitzea ez dela ideia ona", adierazi dute.
"Ez Etxebizitza Lege honek ez beste guztiek, ez dute erroko arazoa konpontzen. Hizkera progresista edo erradikala erabili arren, funtsean jabetza pribatuaren eta jabedunen interesak babesten dituzten legeak dira"
"Jabedunek botere sozial eta ekonomikoa metatu ahala, lege burgesek eraginkortasuna zeharo galtzen dute", azaldu dute sindikatuek. "Ez Etxebizitza Lege honek ez beste guztiek, ez dute erroko arazoa konpontzen. Hizkera progresista edo erradikala erabili arren, funtsean jabetza pribatuaren eta jabedunen interesak babesten dituzten legeak dira", xehatu dute. Bi adibide aipatu dituzte horri lotuta: alokairuaren prezioen igoerak gaur-gaurkoz %2ko muga izan arren EAEn prezioak %4,7 igo izana, eta iaz, moratoria bat indarrean egon arren, Hego Euskal Herrian milatik gora etxegabetze egon izana.
"Zertarako balio du, orduan, lege burgesak? Kasu honetan argi dago: jabego pribatua irabaziak metatzen jarraitzeko bitartekoa dela ziurtatzeko", jarraitu dute Etxebizitza Sindikatuek: "Ordaindu ezin baduzu, kalera; etxerik izan ez eta etxe huts bat okupatu baduzu, kalera; Estatuaren burokrazia diziplinatzailea onartu nahi ez baduzu, kalera; etxeen baldintza penagarriak onartu nahi ez badituzu, kalera".
Legearen erabilera elektorala, hauteskundeen atarian
Horretaz guztiaz gain, baina, Etxebizitza Legea bezalako neurriek "funtzio propagandistiko argia" dutela uste dute Etxebizitza Sindikatuek: "Legeak ez du hobekuntza errealik ekarriko eta, hala ere, aurrerapen historikotzat saldu digute alderdi sozialdemokratek". Neurriak "fartsa elektoral" bat direla eta proletalgoak ezin duela "zirku horretan ezer irabazi" esan dute.
"Argi geratzen ari da zein den ezkerreko alderdien funtzioa krisi garaian: benetako hobekuntzetarako marjinarik ez dutenez, baina euren burua agente gako bezala aurkeztu behar dutenez bai burgesiaren aurrean bai beren hautesleen artean, neurri kosmetikoak hartzen dituzte eta neurri sozial sakonak bailiran saldu", seinalatu dute Etxebizitza Sindikatuek.
"[Ezkerreko alderdiek] Benetako hobekuntzetarako marjinarik ez dutenez, baina euren burua agente gako bezala aurkeztu behar dutenez bai burgesiaren aurrean bai beren hautesleen artean, neurri kosmetikoak hartzen dituzte eta neurri sozial sakonak bailiran saldu"
Gogoan izan dituzte, bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azken egunetan iragarri dituen alokairu sozialeko milaka etxebizitza berriak. "Non egon dira etxe horiek legealdi osoan zehar?", galdetu dute: "Horrek agerian uzten du azaleko neurriak direla, parlamentu-politikaren erabilezintasunaz gero eta gehiago jabetzen diren hautesle batzuk mantentzeko soilik mobilizatzen direnak".
Mugimendu sozialen manipulazioa
"Marketina sinesgarriagoa izan dadin", gainera, alderdi horiek saldu dute "etxebizitzaren aldeko mugimenduen lanari esker lortutako neurriak direla" Etxebizitza Legeak jasotzen dituenak. "Nahi duten moduan instrumentalizatzen dituzte urteak eskuzabaltasunez lanean daramatzaten kolektiboak", salatu dute Etxebizitza Sindikatuek.
"Horixe da erakundeen eta gizarte-mugimenduen arteko dinamikaren benetako funtzionamendua: haien borondatea gorabehera, gizarte-mugimenduen aldarrikapenek erakundeetan amaitzen dute, eta erakundeek eurenganatzen eta beren programan integratzen dute gizarte-ezinegon hori", xehatu dute.
Bizi-baldintzen defentsa tokian toki
"Etxebizitzaren arazoaren gogortzearen aurrean, ez parlamentuan onarturiko legeek ez eta alderdi politiko profesionalek ez dute gure miseria arinduko", ohartarazi dute Etxebizitza Sindikatuek: "Horretarako berme bakarra proletalgoaren antolakuntzan sakontzea eta autodefentsa sozialista indartzea da". "Ezinbestekoa da guretzat instituzioetatik kanpo antolatzea; alderdi burgesen eta bere instituzioen eraginetik kanpo, non proletalgoaren interes unibertsalak gailentzen diren, beren klase-pribilegioei eutsi nahi dietenen interes pribatuen gainetik; prezioak igo, etxetik bota edo mehatxatu nahi gaituztenen gainetik", sakondu dute.
"Ezinbestekoa da guretzat instituzioetatik kanpo antolatzea; alderdi burgesen eta bere instituzioen eraginetik kanpo, non proletalgoaren interes unibertsalak gailentzen diren, beren klase-pribilegioei eutsi nahi dietenen interes pribatuen gainetik"
Autodefentsa sozialista, hain justu, hori dela argitu dute, "gaur-gaurkoz Euskal Herriko txoko ezberdinetan praktikara eramaten ari garena Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuen bitartez; jabeen inpunitateari aurre eginez, estatu burokrazia borrokatuz, etxebizitza sozialen izaera miserablea seinalatuz, ehunka pertsonari aholkularitza eta laguntza eskainiz, eta abar".
Hori guztia, dena den, "ez da nahikoa", lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatuek ondorioztatu dutenez: "Ez da nahikoa etxebizitza arazoarekin betiko amaitzeko eta ez da nahikoa alderdi parlamentarioen instrumentalizazioa ekiditeko. Bizi-baldintzen defentsa soilak ez du gizartea eraldatzeko programa politiko jakin bat elikatzen eta, kontrara, beste edozeinen erreforma-programa elikatzen buka dezake". Horregatik jo dute ezinbestekotzat "ahots propio bat izatea eta ahots horrek gorpuzkera organizatibo sendoa eskuratzea"; hau da, "langile klasearen bizi-baldintzen defentsa egitearekin batera, bizi-baldintza horiek etengabean mehatxatzen dituen sistemarekin amaitzeko bidea argitzea".
"Bizi-baldintzen defentsa soilak ez du gizartea eraldatzeko programa politiko jakin bat elikatzen eta, kontrara, beste edozeinen erreforma-programa elikatzen buka dezake"
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurkezpena, ekainean
"Guretzat, etxebizitzaren arazoa soilik kalitatezko etxebizitza unibertsal eta doakoa bermatuz desagertuko da, zeina klase dominazioaren deuseztapenaren eta Estatu Sozialistaren eraikuntzaren bidetik etorriko den", jarraitu dute gaurkoan Kontseilu Sozialistetako lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatuek. Etxebizitzaren arazoa "sakontzen" eta larriagotzen ari dela azpimarratu dute, eta horri guztiari "programa komunistaren gaurkotasunez erantzuteko, gero eta tresna sendoagoak behar" direla iritzi diote.
Horri lotuta, "norabide horretan beste urrats bat emango" dutela jakinarazi dute: "izaera nazionaleko Etxebizitza Sindikatu bat aurkeztuko dugu ekainaren 10ean Bilbon; Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista".
"Etxebizitzaren arazoaren sakontzeari programa komunistaren gaurkotasunez erantzuteko, gero eta tresna sendoagoak behar ditugu"