Espainiako Estatuan, pertsona migratuen %65,6 bizi dira alokairuan (%11,1 espainiar herritartasuna dutenen artean). Bada, Etnia Bereizkeriaren Ezabapenerako Kontseiluak 2020an egindako ikerketa baten arabera, migratzaileen %31k diskriminazio motaren bat jasan zuten etxe bat alokatzen saiatzean: %17,7ri etxebizitza bisitatu ahal izatea ukatu zieten, %20,8ri ez zieten etxea alokatu nahi izan, eta %20,1i gehiegizko eskakizunak egin zizkieten.
Espainiako Estatu mailako erakunde bat da Provivenda, etxebizitzari loturiko hamaika auzi lantzen dituena. Hainbat txosten kaleratu ditu azken urteotan, alokairuari eta pertsona migratuek topatzen dituzten arazoei buruzkoak; horien artean, Alokatzen da? (2020) eta Arraza Diskriminazioa (2022). Txosten horietan, zehazki, Europar Batasuneko hiritar ez diren pertsona migratzaileetaz mintzatzen dira, eta diskriminazioari buruzko hamaika datu adierazgarri lantzen dituzte.
Zuzeneko diskriminazioa jasan duten pertsona migratuen ehunekoa %72,5ekoa da. Diskriminazio zuzena deitzen diote etxebizitza-agentziek jatorri jakin bateko pertsonei edo, oro har, migratzaileei etxeak alokatzeari uko egiteari. Bestalde, nahiz eta agentzietako langileen %27,5ek ez duten aitortzen zuzeneko diskriminazio hori, %81,8k zeharkako diskriminazio motaren bat gauzatu dutela onartzen dute; hala nola, etxea garestiago saltzea, egoitza-baimena eskatzea, baldintza txarretan dauden etxeak eskaintzea, fidantza handitzea, eta abar. Langileen jarrerari dagokionez, espainiar nazionalitatea dutenen %60,1ek tratu ona jasotzen dute haien partetik, baina %34,5 baino ez dira hori adierazten duten pertsona migratzaileak.
Espainiar hiritartasuna dutenen %34,8ri eskatzen zaie lan-kontratua mugagabea izan dadin, atzerritarren %62,2ri exijitzen zaien bitartean
Eskakizunak dira bereizgarri nagusia alokairua lortzeko garaian: lan-kontratua espainiar hiritartasuna dutenen %89,3ri eskatzen zaie, eta atzerritarren kasuan, %98,6ri. Are gehiago, espainiar hiritartasuna dutenen %34,8ri eskatzen zaie kontratu hori mugagabea izan dadin, atzerritarren %62,2ri exijitzen zaien bitartean. Abalari dagokionez, espainiar hiritartasuna dutenen %19,9rentzat da eskakizun bat, eta atzerritarren artean, berriz, %32,3rentzat. Eskaintza ere aldatzen da jatorriaren arabera, izan ere, atzerritarren %38,5i igogailurik gabeko etxeak eskaintzen dizkiete, espainiar hiritartasuna dutenen bikoitza (%21,2).
Gizarte-jarrerei dagokienez, Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS gaztelaniazko sigletan) arrazakeriari eta xenofobiari buruz egindako txosten baten arabera, gizartearen %18,5ek saihestu eginen lukete pertsona migratu bati etxebizitza bat saltzea edo alokatzea. Beste %17,7k guztiz ukatuko lukete hori.Gizartearen %18,5ek saihestu eginen lukete pertsona migratu bati etxebizitza bat saltzea edo alokatzea
Bestalde, Diskriminazio Ezerako Kontseiluaren (CEDRE, gazteleraz) datuek diotenez, etorkinek jasaten duten bereizkeria ez salatzeko arrazoirik ohikoena (%21,7) da ezertarako balio ez duelako ustea. Bigarren arrazoi nagusia (%8,5) errepresalien beldur izatea da, eta %6,7k egin diote uko salaketari ez dakitelako non edo nola egin. Beste %4,7rentzat, berriz, hizkuntza ez menperatzea da salaketa bat ez jartzeko arrazoia eta, azkenik, %2,6k lotsa aipatzen dute.
Modu berean, Ikuspegik kaleraturiko 2023ko barometroaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %32,5ek ekidingo lukete "etorkin asko bizi diren bloke batean bizitzea", eta %6,4k erabat baztertuko lukete aukera hori.