Joan den larunbatean egin zuten agerraldi bat Iratxe Sorzabal preso politikoaren abokatu Aiert Larrartek, Egiari Zor fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Izan ere, 25 urteren ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalak aitortu du Sorzabal torturatu egin zuela Poliziak 2021ean. Frogatutzat jo du, besteak beste, elektrodoak erabili zituztela bere autoinkulpazioa lortzeko, eta horixe zela 1995ean Irunen (Gipuzkoa) izandako ekintza armatu bat hari leporatzeko oinarri bakarra. Hori dela-eta, akusazio horretatik absolbitu du auzitegiak.
Horiek horrela, aurrera begirako mugimenduen berri eman du preso politikoaren defentsak. Espainiako Estatuko instantzia guztiek beste aldera begiratu dutela ikusita eta bide horiek agortuta, Auzitegi Konstituzionala barne, Estrasburgora joko dute orain. Izan ere, Espainiako Estatuan kasu bakar batengatik kondenatu dute Sorzabal, baina, auzi horretan ere, oraintsu aitortu dituzten torturen bidez lortutako adierazpenak hartu zituzten oinarritzat. Beraz, behin Auzitegi Nazionalak Sorzabalek jasandako torturak frogatutzat jota (lehen aldiz), kolokan egon beharko luke bere kontrako kondenak ere; nahiz eta, Larrartek azaldu duenez, azken ebazpenak ez dakarren berehalako "ondorio automatikorik".
"Auzitegi Nazionalak, lehen aldiz, agerian utzi du denok genekiena: Guardia Zibilak torturatu egin zuela Iratxe Sorzabal", defendatu zuten berriz ere larunbateko agerraldian. Esan zuten "historikoa" dela Auzitegi Nazionalaren azken ebazpena, "frogatutzat" eman duelako militante politikoa torturatu zutela eta horren bidez lortu zutela Irungo ekintza armatuaren eta beste batzuen egiletza bere gain hartzea, idatzi behar izan zuen eskuizkribuan jasotzen denez.
Bestalde, prentsaurrekoan salatu zuten epaiak agerian utzi duela zer nolako "zuloak" dituen tortura salaketak "ikertzeko eginbeharrari jaramonik egin ez dion sistema judizialak", baina, hala ere, erakutsi ahal izan dela "tortura praktikatzeko beharrezko koladeroa" izan direla "inkomunikazio-erregimeneko atxiloketak". Giza Eskubideen Behatokia, gainera, "Sorzabalen atxiloketan, galdeketetan eta torturan parte hartu zuten guardia zibilen aurka salaketa jartzeko aukerak eta eraginkortasuna" aztertzen ari da. Jakinarazi zuen "torturatzaileak nortzuk izan ziren" galdetu izan duela.
Iratxe Sorzabalek behin eta berriz jakinarazi du, 2001ean Guardia Zibilak atxiloturik izan zuen bost egunetan, tratu txarrak eman zizkiotela eta ekintza armatu batzuk bere gain hartzeko deklarazio faltsu bat buruz ikastera behartu zutela. Modu horretan behartu zuten ustez ETAko zuzendaritzari bideratutako gutun bat idaztera, atentatu batzuen ustezko xehetasun batzuk azalduz. Idatzi hori erabili dute gero epaitegietan, eta horrela zigortu zuten Gijongo atentatu bat egotzita. 24 urteko kartzela-zigorra jarri zioten, eta espetxean daukate gaur egun.