AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/09 11:13

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako Bigarren Sekzioak absolbitu egin du Iratxe Sorzabal 1995ean Irunen (Gipuzkoa) izandako ekintza armatu batetik, bere aurkako froga bakarra baita tortura bidez lortutako autoinkulpazioa. Sententziak adierazten duenez, "akusatuari tratu ankerrak eman zizkioten atxiloaldian, 2001eko martxoan", eta ondorengo egunetan idatziz jasotako autoinkulpazioa "erabat deuseza da, akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuta lortu zelako".

Auzitegiaren esanetan, auzia berriro irekitzea eragin zuen idatziak "deklarazioaren beraren deuseztasun bera du"; izan ere, ebatzi du ez litzatekeela idatzi hori egingo "deklarazioa egin izan ez balitz". Epaiak gaineratzen du, halaber, Sorzabalek ez zuela inoiz aitorpen hori berretsi egoitza judizialean, eta torturapean egin zuela besterik ez zuela esan.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Benito Morentinek aurkeztutako txostenak ondorioztatu zuen Sorzabalen lesio fisikoak "bateragarriak" zirela elektrodoen erabilerarekin. Are, honakoa zehaztu zuen: "Bateragarriak baino gehiago, marka horiek ezaugarriak dira. Maila altuagoko ziurtasun-maila bat da".

Epaiak aintzat hartu du, lehen aldiz, preso politikoak duela bi hamarkada baino gehiago jasandako torturen salaketa; orain arte, ez dute balioan jarri. Auzitegiak oraingoan ondorioztatu duenez, "ebidentzia dago, edozein zalantzatik harago, atxilotu zutenean elektrodoak aplikatu zizkiotela".

Epaia aho batez sinatu dute Fernando Andreuk, Ana Revueltak eta Javier Mariano Ballesterosek. Eta, aldi berean, Parisko Apelazio Auzitegiak informazioa eskatu die Espainiako Estatuko agintaritzei, gauzatzeke dagoen euroagindu bati lotuta Sorzabalek salatutako torturei buruz.

EZ DAGO IRUZKINIK