ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Twitterretik hartutakoa
2024/10/02 09:15

Azkenean, Iranek ere erantzun die Israelgo Estatuaren ekintza kriminalei: bart modu masiboan bonbardatu du "israeldartzat" jotzen den eremua, tartean, Tel Aviv eta inguruak. Bertako 19:30ak aldera, Iranek ehunka misil balistiko jaurti zituen kolono sionistek okupatutako lurretara, bi olatutan banatuta. Huts egin zuen Israelgo Estatuaren babes-dispositiboak (Burdinazko Kupula deiturikoak), eta sionisten azpiegitura eta baliabide estrategikoak suntsitzea lortu zuten irandarrek, esaterako, hainbat aireportu militar.

Irango Guardia Iraultzaileak (IRGC) adierazpen bat argitaratu zuen gauean. Argitu zuenez, Israelgo Estatuak egindako azken hilketei erantzuteko egin zuen atzoko erasoa; besteak beste, IRGCko Abbas Nilforushan, Hezbollahko Hassan Nasrallah eta Hamaseko Ismail Haniyeh erail baitituzte sionistek azken hilabeteetan. Hiru base militar omen ziren atzoko operazioaren jomuga nagusia (itxura denez, Nevatimeko basea tartean); eta, agintaritza sionistek erantzunez gero, kontraerasoek jarraitu egingo dutela ohartarazi zuen IRGCk.

Joan den apirilean ere, sionisten aurka erasora jo zuen Iranek. Israelgo Estatuak bonbardatu egin zuen Iranek Damascon (Siria) daukan kontsulatua, eta horren ostean bota zituen ehunka misil eta suziri sionisten menpeko lurretara.

Libanoko, Palestinako eta Yemengo erresistentzia gogor

The Palestine Chronicle atariaren esanetan, Irango indar armatuen atzoko operazioak bat egin zuen Palestinako, Libanoko eta Yemengo erresistentziaren kontraerasoekin. Irandarren erasoaldia hasi zenean, palestinar milizianoek Jaffan egindako eraso bati erantzun nahian ari omen ziren indar sionistak, eta Hezbollahren hamaika suziri ere une horretan ari ziren erortzen sionisten kontrolpeko lurretara.

"Eraso koordinatuaren izaerak adierazten du, Israelek Gazan gerra eta genozidioa hasi eta urtebetera, Erresistentziaren Ardatza esaten zaion horretako kide guztien arteko koordinazioak ahalmen osoz funtzionatzen jarraitzen duela", jaso du aipatutako atariak.

Atzo goizean zehar, gainera, Mosad inteligentzia-zerbitzu sionistaren egoitza bati eta inteligentzia-base militar bati eraso zien Hezbollahk: Fadi-4 misilak bota zituen. Azken egunetan argitaratu den informazio nahasiaren aurrean, Hezbollahk Al Jazeera komunikabideari baieztatu dio oraindik ez dela izan armada sionistaren eta miliziano libanoarren arteko zuzeneko borrokarik Libanoko lurretan; eta, beraz, gezurtatu egin du Israelgo Estatua lurreko inbasio bat hastera ausartu denik.

Hainbat soldaduk astelehen gauean gurutzatu zuten Libanoko muga, baina agintaritza sionistak esan du operazio militar "mugatu eta selektibo bati" lotuta daudela azken mugimendu horiek.

Sionisten eta bere aliatuen mehatxu gehiago

Israelgo Defentsa Indarrek (IDF, ingelesez) gauean egin zuten agerraldi bat, beste behin ere, mehatxuzko mezuak zabaltzeko: "Eraso honek ondorioak izango ditu. Planak ditugu, eta guk erabakitako unean eta tokian esku hartuko dugu". Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan zuen "akats larri bat" egin duela Iranek, eta "ordaindu" egingo duela horregatik.

Ohi bezala, Amerikako Estatu Batuak ere irten ziren Israelgo Estatu terroristaren defentsan. Jake Sullivan segurtasun nazionaleko kontseilariak, adibidez, adierazi zuen "ondorio latzak" izango dituela "eraso irandarrak", eta "Israelekin lanean" ari dela "ziurtatzeko hala izango dela".

Iranek sionisten kontrako erasoa egin eta hurrengo orduetan, Libanon, izu-politikarekin jarraitu zuen Israelgo Estatuak: ebakuazio masiborako aginduak eta bonbardaketak. Goizaldean, besteak beste Beirut hiriburua segitu du bonbardatzen, beste 55 pertsona erailez eta 150 baino gehiago zaurituz. Berriki, gainera, Libano hegoaldeko beste 24 herri husteko agindua eman die libanoarrei. Azken 48 orduetan, beste 30 herritan eman ditu huste-aginduak.

NO HAY COMENTARIOS