ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/04/30 00:27

Arteka aldizkarian argitaratutako artikulua —

Ekoizpen sistema kapitalistak Lurrean eragiten duen hondamendia fenomeno nabarmena da XXI. mende hasieran, suntsitze fisikoaren muga absolutuak eta etorkizuneko agertoki posibleak oraindik ebazteke dauden arren. Ingurumen-baldintzen epe luzeko bideragarritasuna gero eta zalantzagarriagoa da, formazio historiko honek baliabide naturalak ustiatzeko darabilen formarengatik. Hala, apurka-apurka, gizarteko hainbat geruzaren kontzientzian txertatu da «jasangarritasuna» delakoaren ideia. Estatuek, nazioarteko organismoek, Gobernuz Kanpoko Erakundeek nahiz antolakunde ekologistek gero eta seriotasun handiagoarekin azpimarratzen dute ekoizpen modu honek modu «arrazionalagoan» jarraitu behar duela hazten, biziraun nahi badu. Ska Keller Berdeen hautagai alemaniarra argi mintzatu zen meatzarien etorkizunaren inguruan galdetu ziotenean: «Meatzarien eskualde batekoa naiz, ikatza lantzen zuten behargin asko zeuden bertan. Gaur egun gutxiago dira dena automatizatuago dagoelako. Trantsizio justua egin behar dugu. Ikatza agortzekotan dago, beraz, bai ala bai eboluzionatu behar da. Hobe goiz egitea, planeta bizigarri bat izan nahi badugu» (1).

Ekoizpen sistema kapitalistarentzat jada produktiboak ez diren adarren depurazio ariketa klasikoak «planeta bizigarriaren» eta «trantsizio ekologikoaren» adierazleetan bilatu du justifikazio ideologikoa oraingoan. Bitartean, erreforma industrialak albo-kaltetzat utziko duen proletalgo langabearena hil ala biziko kontu bilakatu da Europako zenbait tokitan. Izan ere, bestelako egitura produktiboetan urte luzez aritu izan diren beharginek lan-merkatuaren egungo konfiguraziora moldatzeko zailtasunak dituzte, ondorioz, horietako asko 50 urteren inguruan langabezian kateatuta geratzen dira. Langile gazteagoek, berriz, ezin dute lanpostu egonkorrik topatu euren lurralde desindustrializatuetan, eta emigratzera behartuta daude. Gero eta handiagoa den Erreserbako Industria Armadarentzako irtenbideen inguruan galdetzen dietenean, Berdeek sozialdemokraziaren erantzun klasikora jotzen dute, zorpetze publikoarekin baloia aurrerantz botata: «Ikatza besterik ez dute. Eta Internet, telefono konexioak... behar dituzte enpresak iristeko. Inbertsioak. Horregatik proposatzen dugu eskualde horietara egiturazko funts gehiago bidaltzea, Grezian, Alemanian, Polonian edo Espainian pobreenen artean egon ohi baitira» (2).

Europar Batasunak, COVID-19arekin bizkortutako ekonomia krisiaren testuinguruan, zorpetze kolektiboaren hautua egin du estatu guztien artean. Horrela baino ez dira posible aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak, «errenta unibertsal» deiturikoak, bestelako zeharkako soldatak eta erakunde publikoen finantzazio orokorra. Denak hari mehar batek lotzen ditu: Europako Banku Zentralak (oraingoz) igortzen duen likideziak, hain zuzen ere. Baina ekonomialari baikorrenak ere ez dira ausartzen prozesua bere horretan mantenduko dela baieztatzera. Europa politika fiskala gogortzen hasten bada, exijentzia produktibo berrietara egokitzen ez diren jardueretako milaka langile kale gorrian utzi ditzake «trantsizio justuak», automatizazioa gailentzen ari den testuinguru industrialaren erdian, eta Estatuaren diru-
laguntza publikorik gabe.

ESKU-HARTZE INPERIALISTEN BURU

Europako langileriaren bizi-baldintzen aurkako ofentsiba ekonomikoan iniziatiba hartzeaz gain, erdigune inperialistaz kanpo gauzatu diren hamaika oldarraldi militarren erantzukizuna ere badaramate Alemaniako Berdeek euren gain. Yugoslavian, Afganistanen, Afrika Ekialdeko kostaldean eta Libian Bundeswehr-aren operazioak sustatu dituzte, SPDk I. Mundu Gerran parte hartzearen alde egin zuen antzera. Belizismoaren justifikazio nazionalistak bi Mundu Gerren ostean izen ona galdu duenez, «laguntza humanitarioa» izan da Berdeen argudioa harraparitza-gerran; lehengaien, posizio geopolitikoen eta lan-indar merkearen gaineko kontrola eskuratzeko. Horren harira, beste alderdi ekologista batzuen kritika gogorrak entzun behar izan dituzte, AEBetako euren homologoenak tarteko: «Gizatiarragoa izateko gerraren ahaleginean parte hartu behar dutela esatea lizuna da. Badirudi esaten ari direla, gobernuko kide izanik, luku bonba «humanitarioak» edo minbizirik gabeko uranio pobretuzko karkasak egin ditzaketela. Hori zentzugabea da» (3).

Alderdiaren iniziatiba gerrazalea ez da zuzendaritzaren nahierara mugatzen gainera, Leipziger Volkszeitung egunkariak 2011. urtean jalgitako datuen arabera, Alemaniako biztanleriaren segmentu batek berak ere ez du babesten konpromiso militarra hautesle berdeek baino gogo handiagoz (4). Alderdiaren oinarri sozialaren onarpen militarista sendoa izanik, agerian geratzen dira berau sostengatzen duen estratu sozialak gatazka armatuotan dituen interes objektiboak.

KLASE ZIGILUA

Zenbait ikerketak nabarmentzen dutenez, alderdi berdeak garapen ekonomiko handiagoa eta energia nuklearraren ekoizpen maila gorena duten herrialdeetan gailentzen dira, langabezia tasa altua dutenetan marjinalak diren bitartean (5). Agerikoa da formazio berdeen arrakastak ekonomikoki egonkortutako eta politikoki garatutako klase ertain zabalaren existentzia galdegiten duela, eta ondorioz, estratu sozialon interes partikularren defentsan aritzen da. Horren adibide dira meatzaritzaren eta industria zaharreko bestelako adarren likidazioaren alde egindako apustu estrategikoa eta biztanleriaren sektore pobretuenekin duten lotura organiko eza.

Bestalde, ezaugarri instituzionalen aldetik, gobernantza eredu deszentralizatuak hobesten dituztela antzeman daiteke. Izan ere, ezer baino lehen, euren estrategia politikoaren abiapuntua hauteskunde lokalak baliatzean oinarritzen da, programa ezagutarazteko. Horren ondoren jotzen dute maila nazionaleko hauteskunde lehiara, sinesgarritasun handiagoz hauspoturik. Bestalde, estatu-boterearen deszentralizazioaren aldeko hautu politikoa da eurena, izan ere, badakite gaur-gaurkoz burgesia monopolista nazionalaren babes zuzenik gabe eta auzi soziopolitikoak bitarteko, eurentzat ia ezinezkoa dela hauteskunde orokorrak irabaztea. Gauzak horrela, euren ahalmen instituzionala ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten eremuetan biltzen da. Adibide bat jartzearren, zailago dute historikoki sozialdemokrazia hegemonikoa izan den lekuetan irabazteko, antzeko oinarri sozialagatik lehiatzen dutelako, programak partekatzen dituztelako eta oligarkiak nahiago izaten duelako sozialdemokraziaren kudeaketa esperientzia hobetsi.

PERESTROIKA EKOLOGIKOA

Eredu produktiboaren egoera eta bertatik eratorritako kontzientzia politikoa goitik behera eraldatu dira mugimendu ekologisten hastapenetik, 60ko hamarkada amaieratik eta 70eko hamarkada hasieratik hona, hain zuzen ere. Europan II. Mundu Gerra ostean zabaldu zen kapital metaketa zikloak orduan azaldu zituen eskala handiko balio ekoizpena gauzatzeko lehen agorpen zantzuak. Une historiko horrek mendebalde inperialistako Ongizate Estatua sostengatzen zuen mundu-sistema eta ekoizpen ereduarekiko kritikoak ziren subjektibitate berriak sortzea ahalbidetu zuen plano politikoan, oraindik oso marjinalak eta kontrakulturalak ziruditenak. Izan ere, egitura produktibo hark oraindik ez zuen bere potentzial guztia agortu mundu eskala planetarioan, eta beste krisi sistemiko batzuk igaro beharko ziren burgesia monopolista urgentziazko neurri erreformatzaileak hartzera behartuta sentitu zedin.

Gaur egun, ordea, fenomeno nabarmena da «garapen jasangarria» ez dela ekologisten zirkulu aktibista minoritarioetara mugatzen den kontzeptua. Kontrara, nazioarteko burgesia monopolistaren ordezkariek ere etengabe azpimarratzen dute neurri zorrotzak hartzearen beharra, eta ez helburu propagandistiko ala estetiko hutsengatik, epe luzean irabaziei eusteko beharrezkoa izango zaiela aurreikusten dutelako baizik. BlackRock-ek, munduko inbertsio-funts handienak, argi adierazten ditu bere asmoak gai horri dagokionez: «Iaz, BlackRockek 2.700 enpresa ezberdinetako 4.800 zuzendariren botoak geldiarazi zituen, edota zuzenean horien aurka bozkatu zuen. Enpresak eta administrazio-kontseiluak iraunkortasunaren dibulgazio eraginkorrak egiten ari ez direla edo gai horiek kudeatzeko esparruak ezartzea saihesten dutela ikusten dugunean, administrazio kontseiluko kideak egingo ditugu arduradun» (6).

Badakitenez aldaketa klimatikoa epe luzeko irabazientzat arriskutsua izan daitekeela, mehatxu zuzena eta euren indar politiko osoa aplikatzen dute ekoizpen jardueraren parametro berrietara egokitzen ez diren enpresen aurka. Argia da inbertsio-funtsak kezka klimatikoari eta poltsikoen jasangarritasunari begira jarraian egiten duen aurreikuspena: «Galdera horiek arrisku balioen eta aktiboen ebaluazio sakona bultzatzen ari dira. Eta kapital merkatuek etorkizuneko arriskua bultzatzen dutenez, kapital esleipenean aldaketak ikusiko ditugu, kliman bertan ikusten ditugun aldaketak baino azkarrago. Etorkizun hurbilean, eta gehiengoak aurreratzen duena baino lehen, kapitalaren berresleipen esanguratsua izango da» (7). Ekoizpen indarren suntsitzea eta modernizazioa datorrela, laburki esanda. Jada epe motzean berregokitzapen aldeanitza hauteman daiteke ehun produktiboan; teknologiari, lan-indarrari, kokapen geografikoari, eta nola ez, kutsakortasun tasei dagokionez.

Joan den mendean eskala handiko erabateko gerrak baliatu ziren kapital metaketarako ziklo berriak zabaltzeko eta ekoizpen ereduaren herdoiltzea saihesteko. Une historiko honetan, ordea, armagintzaren arloan izan diren aurrerapenak bitarteko, burgesiarentzat onartezina da konfrontazio beliko handira jotzea. Zantzu guztien arabera, klima aldaketaren gertutasuna izan daiteke erreforma industrial berrirako koartada nagusietako bat. Prozesua ez da merkatu lehiaren printzipioetatik salbuetsita egongo, eta klase menderatzailearen fakzio desberdinak horretarako prestatzen ari dira euren ordezkari politikoekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan kasu. Arantxa Tapia Industria sailburuaren ustez, autonomia erkidegoan deskarbonizaziorako aukera mahai gainean dago, jarduera industriala «berde, eraginkor, hondakin gutxiagorekin eta material berriekin» garatu dadin (8).

Alderdi berdeen eta mugimendu ekologistaren aldarrikapen partzial klasikoek, ekoizpen sistema zalantzan jartzeko baino, berau hobetzeko bidean egindako ekarpen nagusia antzeman daiteke. Tapiaren hitzek errealitate historiko hori islatzen dute, izan ere, trantsizio ekologikoak «hainbat aukera» eskaintzen dituela nabarmentzen du: «Besteak beste, ekonomia zirkularrarenak, elektrizitatearen prezioa eta hondakinen kudeaketa hobetzen dituzten prozesuenak, uraren eta airearen kalitatean egindako aurrerapenak. Laburbilduz, epe ertain eta luzera lehiakortasuna ekarriko duen guztia» (9).

PARADIGMA

Perspektiba historiko horretara iritsita, mugimendu ekologisten eboluzio konplexua eta alderdi berdeen praktika traizio terminoetan ulertzea saihestu behar litzateke ondorio politikoak erauzterakoan. Ideologia horrek sustatutako mobilizazio zikloa bere helburu estrategikoek ezarritako paradigma historikoaren baitan kokatzen baita. Hau da, mugimendu ekologista eta horrek gerora ernaldu zituen alderdi berde instituzionalak hasieratik zeuden kondenatuta euren muga absolutuekin jotzera. Klima problematikaren sorburuan kokatzen diren ekoizpen harremanak bere osotasunean eraldatzeko apustu estrategikorik gabe, kapitalismoaren eraginak ekologikoki «jasangarriago» egitean agortzen dira mugimenduok. Ondorioz, ingurumenaren hondamendia dakarren sistema betikotzen amaitzen dute nahitaez, eta integrazio horren lekuko izan gara azken urteotan.

Azken hamarkadetan eskakizun partzialen inguruan sortutako masa mobilizazioen eta estatuen arteko hartu-eman dialektikoak lege historiko batzuk bistaratzen ditu: ziklikoki mugimendu espontaneoak sortzen dira eskakizun partzialen inguruan, proletalgoa politikoki armagabetuta dago bertan bere klase interesak modu independentean babesteko, burgesiaren mundu-ikuskera eta gidaritza politikoa nagusitzen da hasieratik, eskakizun partzialak hauteskunde programa politikoan kapitalizatzen dituzten alderdiak sortzen dira, eta azkenik, horiek estatu-aparatuetan amaitzen dute, integrazio maila handiagoarekin ala txikiagoarekin; estatu burgesa nahiz sistema kapitalista aldiro indartzea, egonkortzea eta modernizatzea dakar, funtsean.

Lege historiko horren ertzak antzeman ditzakegu mugimendu ekologistaren eta alderdi berdeen ziklo historiko zehatzean ere. Badute berezitasun nabarmen bat, gainera: oraingoan, burgesia monopolistaren zenbait sektore gero eta kontzienteago dira sistema kapitalistak egiturazko gabeziak dituela, epe luzera begira, kapital metaketa eskala handiagoan gauzatzea ahalbidetuko duten ingurumen-baldintza aproposak erreproduzitzeko. Ondorioz, haren fakzio indartsuenek gero eta jaramon gehiago egiten diote historikoki ertain klasearena izan den ingurumen-programari, ekoizpenaren eta kontsumoaren modernizaziorako erreformak sustatzeko helburuarekin. Mendebaldeko demokrazia burgesetan erreformak aldebakartasunez ezartzea erlatiboki zailagoa denez, beharrezkoa zaie estatuen baitako lehia politikoa irabaztea, biztanleria ekoizpen ziklo berriaren premisetarako kulturalki heztea eta kontsentsu aproposa lortzea.

ERREFERENTZIAK

(1) Ska Keller: «La Comisión se ha movido poco y tarde en materia de emisiones», El Paísek argitaratua: https://elpais.com/internacional/2019/05/05/actualidad/1557085253_074421.html

(2) Ibídem

(3) Berde alemaniarrei eskutitz irekia, 2001eko azaroaren 7a, Carta abierta a Los Verdes alemanes, El Salton aipatua, «¿Qué ha sido de Los Verdes alemanes?» https://www.elsaltodiario.com/new-left-review-espanol/que-ha-sido-verdes-alemanes

(4) Leipziger Volkszeitung, 2011ko apirilaren 22a, El Salton aipatua, «¿Qué ha sido de Los Verdes alemanes?» https://www.elsaltodiario.com/new-left-review-espanol/que-ha-sido-verdes-alemanes

(5) http://agendapublica.elpais.com/una-ola-verde-en-europa

(6) https://www.blackrock.com/corporate/investor-relations/larry-fink-ceo-letter

(7) Ibídem

(8) https://cincodias-elpais-com.cdn.ampproject.org/c/s/cincodias.elpais.com/cincodias/2020/10/28/companias/1603903427_896738.amp.html

(9) Ibídem

NO HAY COMENTARIOS