ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/21 09:51

Elbit Systems armagintza-enpresa da Israelgo Estatuko ekoizlerik garrantzitsuenetarikoa. Azken urtean, Gazako Zerrendako nahiz Libanoko sarraskiekin batera, inoiz baino irabazi handiagoak pilatu ditu enpresa sionistak: 1.717,5 milioi dolarreko irabazi gordinak, 2024ko hirugarren hiruhilekoan bakarrik. Iazko epe berdinean baino 216 milioi dolar gehiago dira. Gainera, enpresako buru Bezhalel Machlisek, Israelgo Defentsa Indarretako (IDF) artilleria-ofizial ohiak, azaldu du etorkizun oparoa duela korporazioak: "Enpresaren eskabide-zorroa 22.000 milioi dolar baino gehiagoko zifra errekorrera iritsi da".

Sionistek gutxienez 44.000 palestinar erail dituzte iazko urritik Gazako Zerrendan, eta horri esker bere negozioa areagotu du Elbit Systemsek. Lurreko armen sektorean, %24 igo dira bere irabaziak urteko hirugarren hiruhilekoan, "Israeli saldutako munizioen salmentaren igoerari esker". Aireko sektoreari dagokionez, %7 gehiago irabazi du hiruhileko berean, iazko epe berdinarekin alderatuta. Antza, tripulaziorik gabeko aire-ibilgailuen salmentari esker lortu du hori.

Enpresa sionistak argi adierazi du: "liskarrak hasi zirenetik, nabarmen handitu da Elbit Systemsek produktuetan eta soluzioetan izandako eskaria, Israelgo Defentsa Ministerioaren partetik"; eta nabarmena izan da irabazien igoera, "gerraren aurreko eskariarekin alderatuta". Etekinek, gainera, ez dute behera egingo. Machlisek berak hamar urterako kontratu bat sinatu zuen Israelgo Defentsa Ministerioarekin, 340 milioi dolarreko balioa duena.

Espainiako Gobernuak ez ditu bere kontratuak bertan behera utzi

Espainiako Defentsa Ministerioa da, antza denez, Elbit Systems modu sarrienean kontratatzen duenetariko bat. Público egunkariaren arabera, 2024an, 6 milioi euro baino gehiagoko esleipen publikoak jaso ditu enpresa sionistak, Espainiako Estatuaren partetik. Margarita Robles Defentsa ministroak dio, iazko urriaren 7tik, ez diotela Israelgo Estatuari armarik saldu edo erosi. Baina ez dituzte moztu sionistekin indarrean zituzten kontratuak, tartean, Elbis Sytems enpresarekin sinatutakoak, material militarra lortzeko. Roblesek onartu du ez dituztela harremanak hautsiko konpainiarekin.

Espainiako Estatua ez da, hala ere, Elbit Systems armagintza-enpresarekin harremanak dituen gobernu bakarra. Berriki argitaratutako txosten batek dioenez, 335 milioi dolarreko kontratu bat sinatu du "Europako herrialde bat defentsa-sistemekin hornitzeko". Herrialde hori zein den, ordea, ez da zehazten txostenean. Suziri-jaurtitzaileak, suziriak eta tripulaziorik gabeko aire-ibilgailuak saltzen ditu enpresa sionistak, besteak beste.

NO HAY COMENTARIOS