Etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko gaitasun ekonomikorik ez izateari deitzen zaio pobrezia energetikoa, zehazki, etxearen tenperatura 18º-an edo hortik gora mantentzeko gaitasunik ez izateari. Europar Batasuneko (EB) Europako Batzordearen txosten baten arabera, iaz, EBko biztanleen %10,6k ezin izan zuten beren etxebizitza behar bezainbeste berotu. Hala, 2022an baino %1,3 gehiagok izan zituzten etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko zailtasunak.
Espainiako Estatuko eta Portugalgo datuak dira EBko okerrenak, eta buru dira pobrezia energetikoaren rankingean: %20,8k ezin dute etxebizitza behar bezala berotu. Bulgaria eta Lituania dira hurrengoak, %20,7 eta %20ko indizeekin, hurrenez hurren. Aldiz Luxenburgo (%2,1), Finlandia (%2,6), Eslovenia (%3,6) eta Austria (%3,9) dira pobrezia energetiko tasarik txikienak erakusten dituztenak.
Espainiako eta Frantziako estatuetako datuei dagokienez, okerrera egin dute azken urteetan, Eurostaten arabera. Pobrezia energetikoaren indizea %7,5ekoa zen 2019an Espainiako Estatuan, baina, energiaren garestitzearekin batera, etengabe egin du gora ehunekoak: %20,8ra iritsi zen 2023an. Frantziako Estatuan ere, bestetik, gora egin du pobrezia energetikoa pairatzen dutenen indizeak, baina igoera apalagoa izan da: %6,2koa zen 2019an, eta %12,1era heldu zen 2023an.
Hego Euskal Herrian, indizea hirukoiztu eta bikoiztu da azken hamarkadan
GEDAR LANGILE KAZETAk joan den apirilean azaldu zuenez, Hego Euskal Herrian ere kezkagarriak dira pobrezia energetikoari lotutako datuak. Nafarroan, %16,8 izan ziren 2023ko hilabete hotzetan etxea berotzeko
aukerarik izan ez zuten etxeak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan are gehiago izan ziren:
%20,2, hamar etxetik bi. 2012tik hona, hirukoiztu egin da etxea berotzeko ezintasuna duten familia kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bikoiztu Nafarroan.