2020an 13 milioi lagun inguru "gabezia sozial zein material larrian" zeuden; Espainiako Estatuko biztanleriaren %8,3, alegia. Bestalde, pertsona bakoitzeko batez besteko diru-sarrera 12.269 eurokoa izan omen zen 2020an, aurreko urtean baino %0,2 txikiagoa.
Zifra errealagoak
AROPE tasa 2010ean sortu zen, "Europako pobrezia erlatiboa neurtzeko". Kontzeptua zabaldu egin zuten 2021ko ikerketetarako, ordura arte diru-sarrerak baino ez baitzituzten kontuan hartzen pobreziaren fenomenoa aztertzeko garaian. Orain, horren araberako "pobrezia-tasa" eta "gabezia material larria" ez ezik, beste bi osagai berri darabiltzate: "gabezia material edota sozial larria" eta "enpleguaren intentsitate baxua".
2021ean formula zaharra erabili izan balute, AROPE tasa %27,6koa izango litzateke, %27,8koa beharrean. Bi emaitzen arteko %0,2ko alde horrek 100.000 pertsona ingururi erreferentzia egiten dienez, joan den urtera arte baliatu duten metodologiak pobrezia errealaren zati esanguratsu bat estaltzen zuela ikus daiteke.
Metodologia kontua
2018an, adibidez, %26,1ekoa omen zen pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskua jasaten duen biztanleriaren ehunekoa. Hori kalkulatzean egungo formula erabili izan balute, ordea, %27,3koa izango litzateke emaitza, 1,2 puntu handiagoa. Hala, 560.000 lagun inguru pobrezia edo gizarte-bazterketaren kalkulutik ezabatuak izan ziren, gutxienez.
Langabezia-tasak ezkutatzen duena
"Enpleguaren intentsitate baxua" deritzon faktorea, adibidez, esanguratsua da AROPE tasa kalkulatzerakoan, bestela, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek, lanaldi partzialek edota behin-behineko lanpostuek pobreziaren errealitatea desitxuratu dezakete. Izatez, langabezia-tasaren beheranzko joerak kontrakoa dioela iruditu arren, Erreserbako Armada Industriala handitzen ari delako zantzuak erakusten dituzte azken datuek: 2019-2020 aldian %10etik %11,6ra igo zen "intentsitate baxuan" lan egin zuen biztanleriaren ehunekoa.
Enpleguaren intentsitate baxua
Adierazle hori kalkulatzeko, lan-indarra saltzeko gaitasuna eta adina duten etxeko kideek urtean zehar lanean emandako hilabete kopurua zenbatzen da, eta, bestalde, langile horiek teorikoki zenbat hilabetetan lan egin zezaketen. Bien arteko ratioa kalkulatzen da, eta %20tik beherakoa bada, familia horretan "enpleguaren intentsitate baxua" dagoela zehazten da.
Adibidez, bi helduk osatutako etxe batean, non pertsona heldu batek bakarrik egiten duen lan lanaldi osoan, lan-intentsitatea %50ekoa izango litzateke; biek lanaldi osoan lan egiten badute, intentsitatea %100ekoa izango litzateke; helduetako batek lanaldi erdian lan egiten badu eta besteak lanaldi osoan, lan-intentsitatea %75ekoa izango litzateke.