AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/29 23:47

Maiatzean %8,7ra igo zen inflazioa Espainiako Estatuan, eta joera gorakor hori ez da mantendu soilik egin: jauzi handi bat izan da ekainean, puntu eta erdikoa, hain justu. Izan ere, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datu aurreratuen arabera, inflazioa %10,2ra igo da ekainean. Uztailaren 13an jakinaraziko ditu behin betiko datuak, dena den. Aurreratutako ehunekoak baieztatuko balira, ekainekoa azken hiru hamarkadetako inflazio mailarik handiena izango litzateke Espainiako Estatuan. Orain arte, joan den martxoan erregistratutakoa da azken 30 urteetako daturik altuena: hilabete horretan %9,6ra heldu zen ehunekoa.

Urtea hasi zenetik, eta hilabetero neurtu diren inflazio mailak kontuan hartuta, %8,45koa izan da batez besteko ehunekoa. Urte amaieran pentsioei berriz ere balioa ematean, iazko abendutik aurtengo azarora bitartean erregistratutako batez bestekoa hartuko da aintzat; momentuz, %8,2koa da ehuneko hori. Aurreikuspenen arabera, 2023. urtean ere oso altu jarraituko du inflazioak, eta urte osoan, batez beste, %4,8 igoko da.

Azpiko inflazioak ere gora egin du ekainean, dirudienez. Oso aldakorrak diren zenbait neurgailu kontuan hartu gabe, adibidez, elikagai freskoen eta energiaren prezioak, %4,9koa izan zen inflazioa maiatzean. Ekainean, baina, badirudi %5,5era igo dela azpiko inflazio hori.

INEren esanetan, erregaien eta elikagai nahiz edarien kostuen igoerak eragin du inflazioa hainbeste igo izana, baina baita ostalaritzan izan den garestitzeak ere. Antza, tabernetako, jatetxeetako eta hoteletako prezioak egonkor zeuden duela urtebete, baina turisten itzulera dela-eta, gora egin dute prezioek.

Inflazioa hainbeste igo izanak erakusten du, besteak beste, ez direla eraginkorrak izan Espainiako Gobernuak apirilean indarrean jarritako neurriak; esaterako, erregaien deskontua, elektrizitatearen jaitsiera fiskalen luzapena eta alokairuen kostuaren igoeraren muga.

EZ DAGO IRUZKINIK