Operazio polizial bat egin dute gaur Gasteizko (Araba) URSSA eta EGA fabriketan. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, 06:00ak aldera hasi da interbentzioa, eta Gasteizko Udaltzaingoa, Ertzaintza nahiz Espainiako Polizia bertaratu dira. Bi eraikinetan bizi diren pertsonak banan-banan atera eta identifikatu dituzte; zenbaiti dokumentazio pertsonala kendu diete eta Espainiako Poliziaren Atzerritartasun Bulegora joateko orri bat eman diete. Estatutik kanporatzeko prozesu baten hasiera izan daitekeelakoan daude batzuk.
Polizia-indarrek zenbait komunikabideri esan diete, arratsaldean, berriz ere fabriketara itzultzen utziko dietela goizean kanporatutako pertsonei. Beste batzuei, ordea, ez diete hori adierazi, eta iradoki diete behin betiko desalojo bat gauzatzea dela azken helburua: hala baieztatu du Gasteiz Hoy-k. "Helburua haiek alde egitea da", esan omen du udaltzainetako batek. Momentuz ez daude argi operazioaren nondik norakoak.
Gaurko esku-hartzean, bi eraikinetako bizilagunek xafla batzuekin egindako logelak desegin dituzte poliziek, eta desalojoa gauzatzean ez diete kaltetuei barruan zituzten gauzak hartzen utzi.
Iturri batzuen arabera, gaur egun 120 lagun inguru bizi dira URSSA eta EGA fabrikak izandakoetan, gehienak, etxerik gabeko eta jatorri magrebtarreko pertsonak. Gasteiz Hoy-ren esanetan, esku-hartze polizialaren arduradunek aitortu dute ez dagoela desalojo-agindurik orain, baina aitzakiatzat hartu dute "indarkeriaz egindako lapurreten" aurka "prebentzio-lanak" egin ahal izatea. Gaur-gaurkoz, epaitegien esku omen dago bi eraikinen huste posiblea, eta bertan ebatziko omen dute zer neurri hartu.
Azken berriak: Ertzaintzak Errekaleorrera joateko esan izan die
Azken asteetan, asko hitz egin da fabrika abandonatu horietan bizi diren pertsonei buruz, Errekaleorren izandako azken gertakariei lotuta. Izan ere, hilabete honen erdialdean, Errekaleorrera joan ziren URSSAn bizi diren zenbait pertsona, eta auzoko proiektua osatzen duen etxeetako batera sartzen saiatu ziren. Gerora emandako lekukotzetan, zenbait lagunek argitu dute Ertzaintzak bultzatu zituela horretara, eta poliziek esan zietela Errekaleorrera joateko. Astelehenean egin zuten agerraldi bat Errekaleor Bizirik proiektuko kideek, eta "diskurtso arrazista eta faxista" sustatzea leporatu zieten bai Ertzaintzari bai instituzio publikoei.