ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/05 16:31
Azaroaren 13an Ukrainako 64 errekruta eta komandante bat heldu ziren Espainiako Estatura, eta hurrengo egunean bertan prestakuntza militarrari ekin zioten Espainiako Lurreko Armadaren Infanteriako Akademiaren Toledo Training Command (TCC) basean. Gehienak zibilak ziren duela hilabete pasatxo, baina Kieveko gobernuak adin militarrean diren gizon guztiak mobilizatzea agindu zuenez, azaroaren 1ean Ukrainako Armadan sartu ziren 20 eta 45 urte arteko gizonak.

Egunean hamar orduko entrenamendua jasotzen ari dira; astean sei egunetik gora egingo dituzte prestaketa-saioetan, bost astez. Espainiako Armadako 70 soldadu arduratzen dira ukrainarren prestakuntzaz, eta soldaduska indarrean zen sasoiko oinarrizko formakuntzaren antzeko zerbait eskaintzen diete, desberdintasun nabarmen batekin: haiek gerrara doaz hamabost egun barru. Guduzelai irekiko nahiz hiri-inguruneko mugimenduak, tiroa, buruz buruko borroka, lehen sorospenak eta minak zein etxeko fabrikazioko lehergailuak identifikatzen ikasten ari dira. Bien bitartean, Madril eta Kiev ingeniaritza juridikoa prestatzen ari dira, militar atzerritar horien presentzia justifikatzeko.

Espainiako Estatuak bi hilean behin 400 soldadu ingururen instrukzioa bere gain hartzeko gaitasuna duela ziurtatu du TCCko buru Martinez Lozano brigadako jeneralak. Lehen txanda honetan 65 soldadugai entrenatzen ari dira, guztiak esperientzia militarrik gabeak. Horregatik, egiten ari diren trebakuntza xumea da oso, oraingoz. Aurrera begira, Borrokarako Formakuntza Unitatearen (UFC, gaztelerazko sigletan) beste lau modulu irakastea espero dute.

Prestakuntza aurreratua

Programak barne hartzen dituen beste lau arloak espezifikoak dira, hala nola, frankotiratzaileentzako heziketa,  lehergailuen aurkako prestakuntza, zulatzaileen oinarrizko heziketa eta borrokan bajak artatzeko arreta taktikoa. Oraingoz, Toledon ez dira modulu horiek irakasten hasi, baina Espainiako Estatua eskolak emateko prest azaldu da, Ukrainako Gobernuak eskatu ahala.

Aurretik, Espainiako Armadak prestakuntza aurreratua eman zien Ukrainako militar profesionalei. Kievek Madrildik jasotako armen erabileran trebatzen hasi ziren azaroan, hala nola, Hawk misil jaurtigarriekin nahiz kanpainako artilleria sistema batekin. Hori gutxi balitz, bost ofizial ukrainarrek ziberdefentsa ikastaro bat ere jaso zuten Madrilgo Ziberespazioko Aginte Bateratuaren (MCCE) egoitzan. Ziberespazioko Operazio Zentroa maneiatzen ikasi dute han. Orduz geroztik, "Ukrainatik ikasleak bidaltzen" joan dira pixkanaka, eta litekeena da aipatutako prestakuntza-programa Europar Batasunaren entrenamendu- eta laguntza-misio orokorrean txertatzea. Horren arabera, 15.000 soldadu ukrainar trebatu beharko lituzkete orotara.

NO HAY COMENTARIOS