ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/22 11:37

Hilabete honetan jakinarazi dutenez, Berangoko (Bizkaia) hamazazpi pertsona auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2022ko martxoan Ibai Aginaga preso politikoari egindako harrera dela-eta. Ekitaldian "terrorismoari gorazarre" egin zitzaiola iritzita seinalatu dituzte auzipetuak.

Auzia salatzeko eta jazarritako hamazazpi lagunei babesa emateko, manifestazio bat izan zen Berangon aurreko larunbatean. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, amnistia lelopean mobilizatu ziren hainbat eta hainbat pertsona. Manifestazioaren bukaeran, gogorarazi zuten zigor altuak eskatu dituela fiskaltzak auzipetutako hamazazpi pertsonen kontra: 36 urtetik gorako kartzela-zigorrak, 171 urteko inhabilitazioak eta 75.900 euroko isunak, hain zuzen ere.

"Nahiz eta hasiera batean, eta inork eskatu gabe, ongietorri ekitaldia baimendu, gerora auzia zabaldu eta, orain, hamazazpi pertsona prozesatu ditu Ismael Moreno epaileak", azaldu zuten: "Nola ez, zirkulu faktiko horietan mugitzen diren komunikabide ezberdinen propaganda izan du lagun, hala nola Covite eta Fundación Villacisneros talde faxistena".

Militantzia politikoaren kontrako auzia

Manifestazioaren antolatzaileek nabarmendu zuten Berangoko kideen aurkakoa ez dela "ongietorri ekitaldi baten kontrako auzi bat"; "militantzia politikoaren aurkako auzi bat baizik, eta, beraz, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen kontrakoa". "Antolakuntza, biltzeko eta manifestatzeko eskubideak dira auzitan jartzen ari direnak", salatu zuten.

Ohartarazi zuten, gainera, hori guztia "oso argi ikusten" dela auziari lotutako polizia-txostenetan: "Guardia Zibilak, Polizia Espainolak zein Ertzaintzak egindako txosten horietan agerian geratzen da hainbat eragile politiko zein militanteren aurkako jazarpena zein kontrola".

Askatasun-baldintzak eta amnistia

Gaur egun "asimilazio politikoa erabatekoa" dela iritzita, antolatzaileek gogorarazi zuten "instituzioetatik kanpoko edozein praktika kriminalizatzen eta zigortzen" ari direla: "Estatuen biolentzia estrukturalaren aurka agertzea eta antolatze soila delitu bihurtu nahi dute".

Gainera, mobilizazio deialdia egin zuten auzipetu berangarrek argitu zuten "amnistia osoaren aldeko aldarria" egiten dutela, "askatasun baldintza minimoak ezartzeko abiapuntu gisa": "Kartzelan zein kalean dauden militante politikoen aurkako neurri errepresibo guztiak bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dugu aipatutako minimo horiek eskuratzeko orduan, militantzia motaren araberako inolako diskriminaziorik egin gabe".

NO HAY COMENTARIOS