Berriz irekiko dute Xuhar Pazosen auzia, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aginduz. Iazko azaroan jakin zenez, kausa artxibatzea erabaki zuen Tolosako Instrukzioko 1. Epaitegiko epaileak, baina berriz zabaldu beharko du orain. 2024ko otsailaren 13an zauritu zuen Xuhar Ertzaintzak: Tolosako Inauterien ospakizun bete-betean, kalean zegoen jendearen aurka oldartu ziren agenteak, foam jaurtigaiak botaz. Gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten aurpegian, eta haietako bat izan zen Xuhar. Begian jo zuten, bere ikusmena betirako kaltetuz.
Gertakariak argitzeko, Tolosako epaitegian salaketa bat aurkeztu zuen gaztearen familiak, baina kausa amaitutzat eman zuen epaileak handik zenbait hilabetera. Ertzaintzak esan zuen "kasualitatez" jo zuela Xuhar foam bala batekin eta ez zuela zuzenean tiro egin bere kontra, eta kontakizun hori babestu zuen epaitegiak, Poliziaren inpunitateari bide eginez. Deklaratu ere ez zuen egin zauritutako pertsonak, epaileak esan baitzuen horrek ez zuela "garrantzirik".
Defentsak erreforma-helegite bat jarri zuen, baina epaitegiak auziaren bukaera berretsi zuen abenduan. Orduan, Gipuzkoako Probintzia Auzitegira jo zuen defentsak, eta eskaera berak onartu du azkenean, Tolosako epaitegiari exijituz prozedura berriz ireki dezala. Aurrez egin ez diren diligentzia guztiei heltzeko aukera ikusten du orain Xuharren abokatuak: Xuharrek berak, Ertzaintzak une berean zauritutako beste pertsona batek eta hainbat lekukok deklaratzea nahi du, besteak beste.
Berria-k jaso duenez, Beotibar kaleko kamera batek grabatutako irudiek kolokan jar dezakate Ertzaintzak emandako eta Eusko Jaurlaritzak defendatutako kontakizuna. Izan ere, Ertzaintzaren bortizkeria justifikatzeko, garai hartako Barne sailburu Josu Erkorekak esan zuen Xuharrek "istilu" batzuetan parte hartu zuela gau hartan, baina badirudi kamerako grabazioek erakusten dutela ez ziela ertzainei ezer bota. Gainera, bertsio ofizialak zioen foam jaurtigaiak "errebotez" jo zuela Xuhar, baina irudiek ez omen dute halakorik erakusten.