2023-2024 ikasturtean, Ertzaintzak 1.012 hitzaldi eman zituen EAEko eskoletan eta institutuetan. Eta martxan den ikasturtean ere saio ugari eskaintzen ari da Polizia hezkuntza-zentroetan: oraingoz, ertzainen 839 hitzaldi izan dira eskoletan eta 173 institutuetan. Besteak beste, ikasleekin indarkeria matxista, eskola-jazarpena edo "gizabidearen kontrako jokabideak" lantzea hartzen dute aitzakiatzat Ertzaintza zentro horietara eramateko eta ikasleen heziketan esku hartzeko.
Horiexek dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak emandako datuak, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean eskatu ostean. Koalizio-alderdiak, baina, ez zituen datuak exijitu Ertzaintzak hezkuntza-zentroetan hitzaldiak ematen aritzeak kezkatuta: zein hizkuntzatan egiten ari diren jakin nahi zuen. Itxura denez, ertzainek ikasleei emandako hitzaldien %53 izan dira gazteleraz eta %47 euskaraz, eta horixe izan da EH Bilduk kezka modura seinalatutakoa, ez Poliziaren hitzaldiak bere horretan.
"Ertzaintzatik duela hainbat urtetatik ari dira lanean hitzaldiak emateko, dela ikastetxeetan, dela adineko pertsonen elkarteetan edo dela edozein prestakuntza-jarduera eskatzen duten gainerako erakunde edo taldeetan", azaldu du Zupiriak, elDiario.es atariak jaso duenez: "Horretarako, langile kualifikatuak eta arlo horretan esperientzia dutenak daude. Gainera, Ertzaintzak egiten dituen jarduera guztietan euskararen erabilera sustatzen ari da".
Guardia Zibilaren propaganda Nafarroan
Nafarroan ere duela gutxi salatu zuten Poliziaren propaganda ikastetxeetan: kasu horretan, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Guardia Zibila da ikasleak erakartzeko saiakera bat egiten ari dena. Horretarako, zibersegurtasunari buruzko ikastari bat erabiltzen ari da.