Vladimir Putinek ofizialki eman du Burevestnik deituriko armaren berri. Buru nuklear bat hartzeko gai den misil nuklearra da, eta Errusiako estatu-komunikabideek urriaren 26an esan zutenez, Errusiako Federazioaren egoitza batean egindako ekitaldi militar batean aurkeztu dute; nahiz eta, segurtasun arrazoiengatik, ez duten toki zehatza jakinarazi. Putinek, uniforme militarrez jantzita eta Valery Gerasimov Estatu Nagusiko buruzagiarekin batera, arma "garaiezina" eta "bakarra" dela azaldu zuen, "munduan antzekorik ez dagoela" ziurtatuz.
Gerasimoven hitzetan, azken probak berretsiko luke Burevestnik (errusieraz duen izenak Maximo Gorkiren poema iraultzaile batean ageri den "ekaitzaren txoriari" egiten dio erreferentzia) 15 orduz aritu zela hegan, 14.000 kilometro eginez. Distantzia horrek, adibidez, Errusiako lurralde zabaleko edozein tokitatik Amerikako Estatu Batuetara iristeko aukera emango lioke.
Misilaren lehen iragarpenak 2018koak dira, eta propultsio nuklearreko sistema bat erabiltzen du. Sistema horrek beste edozein jaurtigaik baino maila handiagoa eta irismen "ia mugagabea" ematen dio; eta, Kremlinen arabera, Mendebaldeko aireko defentsa-sistemak saihesteko aukera ere bermatua dauka, atzemateko zaila baita bere ibilbide erratikoaren ondorioz.
Azken probaren iragarpenak, Errusiako Estatu Nagusiak berak zabaldutako hamabi minutuko bideo batekin batera, mezu politiko argi bat bidaltzen dio Washingtoni, Ukrainako gerra dela-eta tentsio handikoa izaten ari den testuinguru batean. Izan ere, duela gutxi egin diote mehatxu Moskuri, Kievi Tomahawk misilak emateko aukera mahaira ateraz. Errusiako agintariak erantzun duenez, neurri hori hartuko balitz, gogor erantzungo luke Moskuk.
Tomahawk armak erabiltzeak sei eta hamabi hilabete arteko prestakuntza eskatzen du, eta ez da segurua Washington prest dagoenik gaitasun operatibo hori beste herrialde batera transferitzeko. Prestakuntza horren faltan, misil horiek erabiltzeko modu bakarra AEBetako armadaren esku-hartze zuzena izango litzateke, eta aukera horrek AEBek Errusiaren aurka gerra irekia egitea ekarriko luke. Oraingoz, Kremlini presioa egiteko Mendebaldeak aurkeztu duen benetako aukera bakarra da errusiar petrolio gordinaren gaineko zigor sorta, eta horren emaitzak ikusteko daude.
Kontrara, Moskuk Burevestnik misilari buruz egindako adierazpenak ez dira oharkabean pasatu Washingtonen. Trumpek, Japoniara egindako bidaian hainbat kazetarik galdetu diotenean, "Ukrainako gerrarekin amaitzeko" eskatu dio Putini, "misilak probatu beharrean". Etxe Zuriak oraindik ez du arma berriari buruzko ohar ofizialik igorri, baina AEBetako hedabideek aipatutako iturri militarren arabera, horren "inplikazio estrategikoak ebaluatzen" ari dira.