ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / athleticclub.info-tik hartutakoa
2025/02/11 18:16

Iazko abenduaren hasieran ohartarazi zuen Herri Norte Taldeak (HNT) "aurrekaririk gabeko jazarpen-kanpaina" batez, Athleticeko zaleen artean. Eta jazarpen hori ez da mugatzen taldeko kideei jarri dizkieten 150.000 euroko isunetara: aldarri politikoak egiteagatik kanporatu dituzte zale batzuk Bilboko (Bizkaia) San Mames estadiotik, zentsura politikoa da nagusi, sekulakoa da Ertzaintzaren eta segurtasun-indarren presentzia zelaiko harmailetan...

Baina errepresioa ez da, inola ere, futbol-zelaira mugatzen. HNTko kideak, adibidez, etengabe jazartzen dituzte kalean polizia-indarrek. Kalean jarraitzen dituzte, erabat arbitrarioak izaten diren polizia-operazio masiboak egiten dituzte euren aurka, eta eguneroko ogia dira atxikitzeak, miaketak, identifikazioak eta Athleticen partidetara joateko jarritako debekuak. Jazarpen hori uniformedun agenteen errepresiorik ohikoenetik haratago ere badoa, ordea, eta praktika errepresiborik ilunenetaraino iristen da. HNTk, besteak beste, salatu izan ditu kalez jantzitako polizien jarraipenak eta irainak, polizien mehatxuzko telefono-deiak, HNTko kideak atarietan sartzeko eta inguratzeko saiakera arraroak… Bai eta, kasu batean gutxienez, polizien bahiketa bat ere, pertsona bat informazioa ematera behartzeko.

Eta zale taldeen kontrako praktika errepresibo horiek guztiak ahalbidetzen eta errazten dituzte askotariko kirol-erakundeek, klub zehatzek (kasu honetan Athleticek) eta prentsak, besoz beso egiten dituzten kriminalizazio-kanpainen bidez. Horren adibide argia izan da iazko irailean klubak Athleticeko hainbat zale salatu izana, zelaira bengala bat bota izana aitzakiatzat hartuta; edo bai klubak bai komunikabide intoxikatzaileek bai hainbat jokalarik Iñigo Cabacas Herri Harmaila (ICHH) jopuntuan jarri izana, errepresio poliziala salatzeko abiatutako animazio-grebarengatik.

Adibide modura, azken urteetan Athleticeko zaleek jasandako hainbat errepresio kasu bildu ditu GEDAR LANGILE KAZETAk, batez ere, HNTren aurkako erasoak (Kiroleko Indarkeria, Arrazakeria, Xenofobia eta Intolerantziaren aurkako Espainiako Estatuko Batzordeak 2018an sartu zuen talde "erradikalen" eta "bortitzen" zerrenda beltzean).

2022-2025

2022ko martxoa. Pablo Gonzalez kazetariarekin elkartasunez San Mamesen ateratako pankarta bat kendu zuten ertzainek eta segurtasun-indarrek, baita Donetskeko eta Luganskeko Herri Errepubliken banderak ere. Klubak espedienteak ireki zituen zenbait zaleren aurka, ertzainek esan zutelako "baimendutako tamaina" gainditzen zuela Gonzalezen aldeko pankartak.

2022ko urria. Athleticeko zale batek Donetskeko Herri Errepublikaren bandera atera zuen San Mamesen, baina ertzainek eta segurtasun-indarrek berehala kanporatu zuten (2024ko apirilean epaitu zuten). Protesta modura, besteak beste HNTko kideek zelaitik alde egitea eta harmaila uztea erabaki zuten. Zenbait hilabete beranduago, zigor-proposamenen jakinarazpenak jaso zituzten HNTko bi kidek: 3.000 euroko isunak eta San Mamesera joateko bi urteko debekua, gazte batzuk "izutzea" eta "eraso egitea" leporatuta, haiek ere zelaia uztera animatzeagatik.

Irekitako hiru zigor-prozesuei jarri zizkieten helegiteak zaleek, eta hiru kasuak irabazi zituzten. Helegite bat aurkezten den bakoitzan 200 euroko kostua ordaindu behar da, eta, gainera, helegite bati edo epaiketa bati lotutako prozesuren bat irekita dagoen bitartean, seinalatutako pertsonek debekatuta daukate estadiora hurbiltzea. Debeku hori urratzea larritzat jotzen da, eta 60.000 eurokoa izan daiteke zigorra.

2022ko abendua. San Mamesen amnistiaren aldeko bandera ateratzeagatik, 3.000 euroko isun bana jarri zieten bi zaleri, legez kontrako bandera bat erakustea egotzita. Iaz epaitu zituzten haiek ere, baina zaleei arrazoia eman zien epaileak.

2023ko martxoa. Athleticek Bartzelonaren aurka jokatu aurretik, ertzainek Athleticeko 30 zale inguru jarraitu eta jazarri zituzten kalean, "arrisku altuko partida" bat zela aitzakiatzat hartuta. Atxikirik izan zituzten, identifikatu eta miatu egin zituzten, eta bazkide-txartelak kendu zizkieten batzuei. Handik zenbait astera, Athleticen eta Realaren arteko partida baino lehen, HNTko eta Bultzadako hainbat kide identifikatu eta miatu zituen Ertzaintzak. Ordubete iraun zuen operazioak.

2023ko abendua. HNTk Aitor Zabaletaren omenez antolatutako egitaraua boikotatu zuen Ertzaintzak Bilbon. Faxistek eraildako realzalearen oroimenezko hitzaldi bat eta ekitaldi bat prestatu zituen HNTk Kirrulin, baina Ertzaintza bertaratu eta operazio bat egin zuen bertan zeudenen kontra. Eremua itxi, han zeuden lagun guztiak atxiki eta identifikatu, eta inguruko hainbat lokal miatu zituzten ertzainek. Tabernetako batetik labana bat eraman zuten, zerbaiten ustezko "froga" modura.

2024ko martxoa. HNTko bost kide atxilotu zituen Ertzaintzak euren etxeetan edo lanpostuetan, eta komisariara bertaratzera deitu zituen beste hainbat. Atletico Madrilen kontrako norgehiagokaren aurretik, Bilboko kaleetan zale faxista madrildar batzuei aurre egitea leporatzen zieten.

2024ko iraila. Athletic-Erroma partidan, presentzia handia izan zuen San Mamesen HNTk. Hori ikusita, taldearen kontrako kriminalizazio-kanpaina areagotu zuen prentsak, klubak lagunduta: norbaitek zelaira bengala bat bota zuela argudiatuta, bertan izan ziren zaleen aurkako salaketa bat aurkeztu zuen klubak, eta isunak jartzearekin mehatxatu zituen. Hamar zaleri San Mamesera joatea debekatu zieten, baita hortik kanpo Athleticek dituen partidetara bertaratzea ere.

Astebete beranduago, urriaren hasieran jadanik, Ertzaintzak HNTko zenbait kide identifikatu zituen kalean. Bi hilabete beranduago, 1.500 euroko isun-proposamen bana iritsi zitzaien hamahiru laguni, eta San Mamesera sartzeko debekua ezarri zieten. Partidaren aurreko egunean, Bilboko Alde Zaharrean "jarrera probokatzailea" izatea egozten diete, baita "gatazka bila" ibiltzea ere.

2024ko abendua. Poliziaren kargak San Mames barruan, Madrilen kontrako partidaren amaieran. Hori inflexio-puntua izan zen ICHHk animazio-grebari ekin ziezaion.

2025eko urtarrila. Athletic-Leganes partidaren bueltan, Ertzaintzak HNTko 80 kide atxikirik izan zituen Olabeaga inguruan; identifikatu eta miatu egin zituen.

Taldea animatzeari lotuta, edonolako zigor-proposamen zentzugabeak egin izan dituzte polizia-indarrek; adibidez, bufandeo kolektibo bat edo jokalarien autobusari ongietorria antolatzeagatik. Baina gainera, ICHHk salatu duenez, batzuetan ez dizkiete zigorren jakinarazpen idatzi horiek modu egokian bidaltzen; edo, zuzenean, ez dizkiete bidaltzen. Hori horrela izan denean, jazarritako zaleek ez dute euren aurkako zigor-proposamenen berri izan estadiora sartu arte. Gutxienez hiru zaleri gertatu zaie hori: San Mamesera joan direnez jakin gabe euren kontrako debeku bat zegoela martxan, neurri hori urratu izana leporatu diete, eta 60.000 euroko beste zigor-proposamen bana egin dute eurentzat. Horixe da haien egoera une honetan.

Errepresiorik ez!

Jasandako kriminalizazio-kanpaina gogorrei aurre egin diete bai ICHHk bai HNTk. Berriki egindako animazio-grebaren harira egin dieten seinalatzea dela-eta, ICHHk urtarrilaren bukaeran salatu zuen klubaren eta zuzendaritza-batzordearen asmoa zela "masa soziala gure kontra jartzea"; eta, "azken finean, Iñigo Cabacas zelaitik botatzea eta Justiziaren aldeko oihuak 28. minututik desagertzea". Harmailan ohikoak izaten baitira Ertzaintzak eraildako Cabacasen omenezko oihuak, justizia aldarriekin. Berriki egindako elkarrizketetan, ICHHko kideek azpimaratu dute, haien iritziz, badela arrazoi argi bat errepresioaren fokuan egoteko: "Gure [harmailaren] izena, Ertzaintzak pilotakada batez hil zuen zale baten oroimenezkoa, Poliziaren jazarpena jasotzeko arrazoietako bat da".

HNTk ere zorrotz hitz egin zuen iazko martxoan, zenbait kide atxilotu zituztenean: "Badakigu askok zer nolako irrika duten gu lurperatzeko, baina ez dugu atzerapausorik emango". Horren kontra, harrotasunez defendatu zuten "eskubideen alde borrokatzen eta antifaxismoa defendatzen" jarraituko dutela. Berriki GEDAR LANGILE KAZETAri egindako adierazpenetan, HNTko kideek argi diote: "Futbola eta politika ez doazela eskutik esaten duenak, edo ez daki futbolaz edo ez daki politikaz". Azaltzen dute, "jokoaren grina harmailetatik bizi dugunontzat", "kapitalaren interesen eta herriaren ahotsaren arteko borrokalekua" dela futbol-estadioa; eta, horri zuzenean lotuta, nabarmentzen dute "borroka ez dela harmailetan bakarrik egiten, hiriko izkina bakoitzean ere" egiten delako.

"Esaten digute futbolak politikatik bereizita egon behar duela, baina taldearen antolaketa mehatxu gisa ikusten dute, eta pairatzen dugun errepresioa haien interesetatik kanpo dagoen edozein erakunde independente zentsuratzeko eta isilarazteko saiakera baino ez da", gaineratzen du HNTk: "Oraindik HNT geratzen da luzerako. Amore ematea ez da aukera bat. Errepresioak ez gaitu beldurtzen; indartu egiten gaitu".

Argazkiak: HNT, Luis Jauregialtzo, OTAN Ez Plataforma, Euskal Herria Donbass, ICHH

NO HAY COMENTARIOS