ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/12 20:24

Garaipen baten berri eman dute gaurkoan Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoan: "hilabeteko antolakuntza eta mobilizazioei esker" —ikusi hemen apiril hasieran egindako protesta, esaterako—, Errekaldeberri ikastetxean batxilergoa mantentzea lortu dute. Azkenean, Bilboko Ikasle Abertzaleakek, Errekaldeberriko ikasleen gurasoek, irakasleek zein Errekaldeko hainbat kolektibok egindako exijentzia onartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta datorren ikasturtean behintzat, Errekaldeberrin batxilergoko bi adar —Natur Zientziak edo Gizarte Zientziak— ikasteko aukera izango dute gazteek.

Hezkuntza Sailak Errekaldeberrin batxilergoa mantentzeko inolako bermerik ematen ez zuela ikusita, mobilizatzera deitu zuten aurreko astean aipatutako kolektiboek. Bihar, maiatzaren 13an, manifestazio bat egitekoak ziren Bilbon, Errekaldetik hasi eta Hezkuntza Delegaritzaraino. Deialdi horren ondotik etorri da, ordea, lorpenaren albistea: batxilergoa mantenduko dute ikastetxean oraingoz, eta beraz, bertan behera utzi dute biharko mobilizazioa. "Agerian geratu da beste behin antolakuntzaren eraginkortasuna, mobilizatzearen bitartez soilik jaso direlako erantzunak Hezkuntza Delegaritzaren aldetik", esan dute Bilboko IAko kideek.

"Aipatu izan dugun moduan, horrelako neurriak [Errekaldeberrin batxilergoa kentzekoa], isolatuak izatetik urrun, hezkuntza erreforma prozesuaren emaitza dira. Langile klasearen ikasteko eskubidearen murrizketa prozesuan kokatu behar ditugu", nabarmendu du berriz IAk: "Lege erreforma ezberdinek ekarriko dituzten aldaketen aurrean antolatzeko unea da, borroka konkretuen bitartez, hezkuntza sistema kapitalistaren izaera eta joerak azaleratu eta hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsalaren beharra aldarrikatzeko".

NO HAY COMENTARIOS