AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/06 15:00

Oraindik ez dago ziurtatuta Errekaldeberri ikastetxean (Bilbo, Bizkaia) batxilergoa ikasteko aukera. Agerraldi bat egin dute gaur Bilboko Ikasle Abertzaleakek eta Errekaldeko beste hainbat eragilek eta sektorek; besteak beste, Errekaldeberriko ikasleen gurasoek eta irakasleek, eta auzoko zenbait kolektibok. Jakinarazi dutenez, ikastetxean batxilergoa mantentzeko konpromisoa hartu zuen apirilean Iñaki Orbek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkarietako batek.

Apirilaren 5an bildu ziren berekin, eta "lasaitasuna transmititzeaz" gain, "konpromiso pertsonal" bat hartu zuen: bere esanetan, gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan dauden ikasleek datorren ikasturtean ere izango dute aukera Errekaldeberrin eskaintzen diren bi batxilergoetako batean —Gizarte Zientziak edo Giza Zientziak— izena emateko. Bestalde, astebetera berriz ere elkartuko zirela esan zien Orbek, baita Errekalde auzo inguruko "eskola-egoera hobetzeko" lanean jarraituko zutela ere.

Hilabete igaro da ordutik, eta gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak ez ditu mahaira ateratako auziak ebatzi. Errekaldeberriko ikasleei hiru batxilergo mota eskaini ahal izateko baliabideak eta bermeak eskatu zizkieten Hezkuntza Sailari, baina oraindik ez du horretarako inolako bermerik eman. Bestalde, Errekalde auzoko hezkuntza zentroei "bultzada bat emateko" urratsak egiteko ere eskatu zioten, eta horri dagokionez ere ez du neurri zehatzen berri eman Hezkuntza Sailak.

Protestara berriz

"Horregatik guztiagatik, eta bileran [apirilekoa] hartutako konpromisoak bermatuko dituen behin betiko erantzun argirik ez izateak sortutako ziurgabetasunaren aurrean", mobilizatzera deitu dute gaurko prentsaurrekoan. Hemendik astebetera, maiatzaren 13an, mobilizazio bat egingo dute Bilbon; 11:00etan aterako dira Errekaldeberri aurretik, eta Hezkuntza Delegaritzaraino joango dira.

"Neurri hori [Errekaldeberrin batxilergoa kentzekoa] hezkuntza erreforma prozesuaren emaitza da, ikasle langileak hezkuntzatik kanporatzea eragiten duena. LOMLOEk eta EAEko Hezkuntza Akordioak prozesu hori bultzatzen dute. Horregatik, ezkerreko alderdi instituzionalak ere prozesu eta neurri horien arduradunak dira", salatu dute gaur IAko kideek.

Mobilizazioa duela hilabete

Bilboko IAk martxo amaieran argitaratu zuen adierazpen bat, Errekaldeberriko egoeraren berri emateko. Kontzentrazio batera deitu zuen apirilaren 1erako, eta jende ugari batu zen mobilizaziora, Errekaldeberrin batxilergoa mantendu. Hezkuntza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa lelopean.

EZ DAGO IRUZKINIK