ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/28 10:55

Lanerako eta borrokarako proiektuak antolatzen jarraitzen dute Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistan. Ikasmateriala biltzeko kanpainarekin hasi zuen ikasturtea Urola Kostako Kontseilu Sozialistak; eta Aholkularitza Bulego bat ere badauka martxan, oraingoz, soldatapeko lanari lotutako arazoei buruzko aholkularitza eskaintzen duena. Orain, beste proiektu bat jarri du martxan: errefortzu-eskolak.

"Langile-klasearen elkarlaguntza eta defentsa" izango dituzte oinarri errefortzu-eskolek eta, nagusiki, bi helburu bete nahi dituzte: "bizi-baldintzen pobretze orokorrari aurre egitea" batetik, eta "euskara langileriaren proiektu kulturalean txertatzeko bidean ekarpena egitea" bestetik. Asmoa izango da, momentuz, eskolako askotariko edukiekin laguntza eskaintzea, ikasleei batez ere.

Aldeak eskolaz kanpo ere

"Azken urteotan hazi egin da klase partikularretara familiek bideratzen duten diru kopurua", Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek seinalatu dutenez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasleen %56k jasotzen dituzte klase partikularrak, eta "550 eta 1.023 euro artean ordaintzen dute familiek seme-alaba bakoitzeko". "Klase partikularren erabilera gero eta ohikoagoa da; izan ere, ikasketa-prozesuarekin aurrera jarraitzeko beharrezkoak dira zenbait kasutan", azaldu dute.

Dena den, ohartarazi dute nabarmena dela familien arteko aldea sarbideari dagokionez, eta gaitasun ekonomikoen araberakoa dela hori: "Familia pobreenen kasuan, %30ek dute eskolaz kanpoko hezkuntzarako sarbidea, eta aberatsenen kasuan, aldiz, %60k baino gehiagok".

Eta "klase sozialaren arabera", gainera, eskolaz kanpoko jarduera mota ere aldatu egiten dela azpimarratu du Kontseilu Sozialistak: "Egoera ekonomiko oparoa duten gizarte-taldeek, seme-alabak atzerriko hizkuntzak ikastera edota adar artistikoa duten arloetara bidali ohi dituzte, eta langileriaren barruko sektore proletarizatuenek klase partikularretara jotzen dute kasu gehienetan, ikastetxeko oinarrizko ikasgaiak indartzeko eta berreskuratzeko xedearekin".

Bestalde, Kontseilu Sozialistak gehitu duenez, "etxeko lanak egiten emandako orduei dagokienez, adibidez, Lehen Hezkuntzako 6. mailan, maila sozioekonomiko altuko ikasleek ordu bat gehiago igarotzen dute astean etxeko lanak egiten, maila sozioekonomiko baxukoek baino; hau da, %12 gehiago". Etxe ugaritan gurasoek euskaraz ez jakiteak, gainera, are gehiago zailtzen du hainbat familiatako egoera, "seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko arazoak" izan ohi dituztelako.

Hori guztia gogoan izanda eta mahaira aterata abiatuko dituzte errefortzu-eskolak Etxape Zentro Sozialistan, eta laster azalduko ditu nondik norakoak eta xehetasunak Urola Kostako Kontseilu Sozialistak.

NO HAY COMENTARIOS