ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/27 13:30

Zein izan da memoria historikoari buruzko politiken ibilbidea Espainiako Estatuan?

PSOEk memoria historikoaren inguruko politika publiko jakin batzuk mantendu ditu 2007. urtera arte, eta horiek guztiz oinarritu dira eskuinarekiko bizikidetzan. Zapaterorekin biguindu ziren politika horiek, baina hemen, Nafarroan, 2015. urtera arte ez zen askorik egin.

Gerra Zibileko [biktimen] gorpuen exhumazioak, adibidez, 1980-1981 inguruan eten zituen PSOEk. 70eko hamarkadaren amaieran, esfortzu handiz eta arrisku osoa beren gain hartuz hasi ziren biktimen senideak gorpuak areketatik ateratzen, eta 2.000 gorpu berreskuratu zituzten Nafarroan, gutxi gorabehera. 1981eko estatu-kolpearen ondoren, baina, gida-lerro berri bat iritsi zen Madrildik, eta Nafarroan ere aplikatu zen: babesa kendu zieten exhumazioen moduko iniziatibei.

Elkarbizitza sustatu behar zela esaten zen; beti ematen zuten argumentu hori. Dena gelditu zen orduan exhumazioei eta memoria historikoari lotutako politikei dagokienez, 2000-2003ra arte. Orduan, biktimen senideak, Aranzadirekin batera, Nafarroan gorpu batzuk ateratzen hasi ziren berriro.

Geroztik, memoria-politikak eta legeak aplikatu dituzte hainbat gobernuk. Zer nolako neurriak izan dira?

Adiskidetzea eta elkarbizitza aldarrikatu dituzte neurri horien bidez. 2013an, Memoriari buruzko Legea onartu zuten Nafarroako Parlamentuan, UPN gobernuburu zela. Oso motz geratu zen eta zabaldu egin zuten 2018an, baina horrekin ere motz geratzen zen. 2022an, Espainiako Estatu mailako lege bat ere onartu zuten. Baina zein da arazoa? Beste edozein legerekin bezala, horiek aplikatzeko borondate politikoa behar dela.

"Adiskidetzea eta elkarbizitza aldarrikatu dituzte neurri horien [memoria-politiken] bidez"

Egia, justizia eta erreparazioari dagokienez motz geratu zen Nafarroako legea, Madrilen onartutakoa bezalakoa baita: ez du biktimariorik egitea edo zerrendarik egitea ahalbidetzen, eta artxibo militarretarako sarbidea mugatua da. Biktimarioen, lekukoen eta abarren izenak ezabatzen dituzte datuen babesari buruzko legeagatik, eta Guardia Zibilaren eta Poliziaren datuetara ere ez dago sarbiderik. Gertatutakoari buruzko egia jakitea, beraz, oso zaila da.

Espainiako Estatuko Memoria Historikoaren Legearen arabera, sinbolo frankistak kendu eta bota egin behar dira. Erorien Monumentua zergatik ez dute eraitsi? 

Nafarroako legean, sinbolo frankisten errolda bat dago eginda. Sinbolo asko kendu egin dituzte jadanik, baina Erorien Monumentua da handiena. Monumentu hori memoria demokratikoaren aurkako sinboloen erroldan dago sartuta Nafarroako legerian, baina ez da zehazten zer egin behar den eraikinekin eta eraikuntzekin, ez baita zehazki esaten eraitsi egin behar direla. Amaitu gabe dago legea, zentzu horretan. Plakak, ezkutuak eta bestelako sinboloak kendu behar direla bai, esaten da.

"Sinbolo asko kendu egin dituzte jadanik, baina Erorien Monumentua da handiena"

Estatuko legeak 35. artikuluan zehazten du eraitsi egin behar direla eraikinak eta eraikuntzak, baina esaten du gaur egun hiltzaileei gorazarre egiten dieten eraikinak kendu behar direla. Hortaz, eraikin jakin bat gorazarre egiteko erabiltzeari uzten bazaio, ez dago eraitsi beharrik, lege horren arabera.

Nafarroan, Erorien Monumentuari buruzko akordio berri bat aurkeztu dute azaroaren amaieran PSN, EH Bildu eta Geroa Bai alderdiek. Zer adostu dute zehazki?

Geroa Bai, PSN, EH Bildu eta Zurekin Nafarroa alderdiak elkarrekin batzea proposatu zuten Erorien Monumentua eraistearen aldeko elkarteek, eraikina botatzearen alde egin zezaten. Kanpaina egin genuen zentzu horretan, baina oraindik ez dugu lortu.

Azaroan aurkeztutako akordioarekin, itxurak egin dituzte Geroa Bai, PSN eta EH Bilduk: arkuteria kenduko dute, baina eraikin nagusia mantentzea aurreikusten du proiektuak. Eta besteak beste, Gerra Zibilean faxistek egin zutena goratzen duten margolanak daude barruan.

"Zelofan paperarekin bilduko dute eraikina, zentro antifaxista bat sortzeko"

Hori guztia mantendu egingo dute, eta nik esaten dudan moduan, zelofan paperarekin bilduko dute eraikina, zentro antifaxista bat sortzeko. Baina, Mola eta Sanjurjoren kriptak izan ezik, berdin mantenduko dute beste dena: edukia eta kupula, adibidez. Kupula estali nahi dute eta barruko margolanak gortina batekin ezkutatuko dituzte, baina "pedagogia" egiteko irekiko dute nahi dutenean.

Zer iritzi duzue elkarte memorialistek akordio horren inguruan?

Kontra gaude erabat. Eraikin horren genesia argi dago eta ongi dokumentatuta dago. Conde de Rodeznok 1942an presioa egin zion Iruñeko Udalari, Gerra Zibileko irabazleei gorazarre egingo zion eraikin bat egiteko. Argi dago hori zuela helburu, eta eraikin osoa da bere horretan gorazarre bat irabazleei, genozidioari eta borrokatu zutenen aurka faxistek egindako guztiari. Orduan, eraikina akordioak proposatu duen bezala mantentzen bada, paper polit batean biltzea besterik ez da.

"Atzera egiteko erraztasun handiak uzten ditu [azken akordioak]. Udalean etorkizunean egongo diren indar politikoen arabera, beste izen bat eta beste izaera bat har ditzake berriz eraikinak"

Gainera, atzera egiteko erraztasun handiak uzten ditu. Eraikinean interpretazio-zentro antifaxista bat egingo balitz, aurrerago hura desegitea erraza izango litzateke, kupularen eta margolanen estalkia kenduz gero adibidez. Udalean etorkizunean egongo diren indar politikoen arabera, beste izen bat eta beste izaera bat har ditzake berriz eraikinak. 

Zer uste duzu Maravillas Lamberto izena baliatu nahi izateaz?

Iraingarria dela uste dugu. Nola jarriko diozu Maravillas izena, egin ziotena kontuan hartuta, eta egin ziotenei gorazarre egiteko eraikin bati? Ez dugu ulertzen.

"Nola jarriko diozu Maravillas izena, egin ziotena kontuan hartuta, eta egin ziotenei gorazarre egiteko eraikin bati?"

Memoria-lekuak, eta legeak berak hori esaten du, ekintza ikaragarriak izan diren lekuak dira teorian. Erailketak gertatu diren lekuak, arekak, kontzentrazio-esparruak, esklabotza-lekuak, eta abar. Memoria-leku asko izendatu ditugu guk, gobernuaren laguntzarekin, baina auzolanean eta elkarte memorialistek bultzatuta.

Baina hori ez da Erorien Monumentuaren kasua, ez da?

Ez, Erorien Monumentua ez da ekintza ikaragarriren bat gertatu den leku bat, baizik eta aldarri egiteko toki bat. Eta eskuinak nahi duena da hura mantentzea. Elkarte memorialistetako kideak Nafarroako Parlamentuan egon ginenean, alderdi guztiek egin zuten apustu eraikinari beste esanahi bat ematearen alde. UPNk, adibidez, adiskidetasun-espazio bat izan behar duela aldarrikatzen zuen, eta bertan Gerra Zibileko bi aldeetako erailak sartzea proposatzen zuen. Baina ez dugu geure burua engainatu behar: PSOEko politikariek ere proposamen hori babestu dute, eta horrek memoria-politikak guztiz desitxuratzen ditu.

"UPNk, adibidez, [Erorien Monumentuak] adiskidetasun-espazio bat izan behar duela aldarrikatzen zuen, eta bertan Gerra Zibileko bi aldeetako erailak sartzea proposatzen zuen. PSOEko politikariek ere proposamen hori babestu dute"

Eraikinari esanahi berri bat emateaz ari dira akordioa erdietsi duten alderdiak. Eman dakioke beste esanahi bat Erorien Monumentuari?

Gure ustez, ez. Memoria-leku bat zer den ongi definituta dago. Orain, batzuek Auschwitzeko kontzentrazio-esparruarekin parekatzen dute Erorien Monumentua. Kontzentrazio-esparru bat, hain zuzen ere, bertan zer egin zen ikus dadin mantendu behar da; izugarrikeria hori nolakoa izan zen ikus dadin. Baina Erorien Monumentua ez da horrelako toki bat: hiltzaileak, bortxatzaileak eta errepresioa goratzeko toki bat da.

Eraikinarekin egingo zenari buruzko elkarrizketetan kanpo utzi zaituztetela salatu duzue.

2015-2016an eraisketaren aldeko elkarteak batu ginen eta Erorien Monumentua botatzearen alde egin genuen. Garai horretan bertan Asironek hartu zuen udal-gobernua, baina monumentua eraisteari ekin ordez, ideien lehiaketa bat egin zuen udalak, eta zazpi proposamen aurkeztu zituzten. Horietatik bakarrak proposatzen zuen eraikina eraistea. Dena den, legegintzaldia amaitu zen 2019an, eta ez zen denborarik egon proiektu horiekin aurrera egiteko. Urte horretan Maya sartu zen alkate, eta Erorien Monumentuari buruzko proposamenak eten zituen.

"Asironek hartu zuen udal-gobernua, baina Erorien Monumentua eraisteari ekin ordez, ideien lehiaketa bat egin zuen udalak, [...] bakarrak proposatzen zuen eraikina eraistea"

Asiron udalean sartu zen berriro iazko abenduan, eta berriz ikusi genuen eraikina eraisteko aukera. Momentu horretan bildu ginen eraisketaren aldeko elkarte memorialista guztiak. Manifestu bateratu bat egin genuen, eta zehaztu genuen eraiste osoaren alde geundela. Adostu genuen, gainera, norabide horretan bultzatuko genituela lau alderdien [PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Zurekin Nafarroa] arteko akordioa eta beharrezko lege-aldaketak.

Horretan aritu gara ordutik, eta bi lan-lerro abiatu genituen. Alde batetik, instituzioekin kontaktatu genuen, eta, bestetik, kolektibo sozialekin aritu ginen. Harremanetan jarri ginen Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuekin, Nafarroako Parlamentuko presidentetzarekin eta Iruñeko Udalarekin. Manifestuarekin batera, dokumentu bat ere aurkeztu genuen: puntu batzuk planteatu eta kontaktu-agenda bat zehaztu genuen. Politikariekin argazkia bat atera genuen orduan, baina ez dira berriro harremanetan jarri. Deitu izan diegu, baina esan izan digute ez zekitela ezer gaiari buruz.

Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zenuten Erorien Monumentua eraisteko proposamen bat. Nolakoa izan zen prozesua?

Aurkezpenaren aurretik, bilera bat eskatu genuen aipatutako lau alderdi politikoekin. EH Bildurekin, Zurekin Nafarroarekin eta Geroa Bairekin bildu ginen, baina PSNk ez zuen erantzun ere egin. Parlamentuan aurkezpena egin genuen gero, alderdi bakoitzeko bozeramaileak bere hitzaldia bota zuen, eta ez ziguten inolako galderarik egin.

"[Alderdi politikoak] Ez dira inoiz zuzenean gurekin hitz egitera etorri, eta ez dugu haien berririk izan akordioa argitara atera dutenera arte. [...] negoziazioa bloketatuta zegoela esaten ziguten, baita akordioaren berri eman baino hiruzpalau egun lehenago ere"

Ez dira inoiz zuzenean gurekin hitz egitera etorri, eta ez dugu haien berririk izan akordioa argitara atera dutenera arte. Galdetzen genienean, negoziazioa bloketatuta zegoela esaten ziguten, baita akordioaren berri eman baino hiruzpalau egun lehenago ere. Akordioa aurkeztu eta gero ere ez dira ofizialki gurekin hitz egitera etorri. Gutxietsi egiten gaituztela sentitzen dugu, argi esanez.

Zein da hurrengo pausoa, Erorien Monumentua eraisteko borrokan?

Prozesu luzea izango da. Monumentua eraitsi ahal izateko, 2013an Nafarroan adostutako Memoria Demokratikoaren Legea aldatu beharko lukete, ez baitu eraikinak botatzea ahalbidetzen. Lege hori moldatu beharko litzateke, parlamentura eraman, bertan onartu, eta helegiteak iritsiko lirateke ondoren eskuinaren partetik. Dagoen moduan utzi nahi baitute.

"Monumentua eraitsi ahal izateko, 2013an Nafarroan adostutako Memoria Demokratikoaren Legea aldatu beharko lukete"

Hurrengo urratsa izango litzateke monumentuko arkuteriari, fatxadari, margolanei eta gainontzeko elementuei duten babes legala kentzea. Iruñeko hirigintza-plan orokorrak hiru babes-maila desberdintzen ditu eraikin historikoentzat, eta Erorien Monumentuak dituen bigarren eta hirugarren mailetako babesak atzera bota beharko lirateke. Babes hori kendu egin behar da, eraiste osoa edo, egin nahi duten moduan, eraiste partzial bat egiteko.

Hiru alderdiek egin duten akordioari dagokionez, aipatutako lege horiek aldatu ondoren, beste lehiaketa publiko bat egin beharko dute, akordioan adostutakoaren araberako proiekturen batekin aurrera egiteko. Arkitektoek aurkeztu beharko dituzte proiektuak.

NO HAY COMENTARIOS