Gaur goizean, Iruñeko (Nafarroa) monumentu frankista nagusian zintzilikatu dira bi pertsona, Faxismoa borrokatu eta U31 Iruñera mezuekin. Ekintza horrekin, "atzoko faxismoaren ikurrak eraitsi" behar direla erreibindikatu dute, Erorien Monumentua kasu; eta "gaurko faxismoaren aurka egin behar dugula" ere azaldu dute.
Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak, elkarlanean, 09:00ak igarota itxi dute eremua, eta mehatxu egin diete ekintzaileei: jaisten ez baziren, atxilo eramango zituztela esan diete. Gazteek, baina, zintzilik jarraitu dute, aldarria egiten segitzeko. Hainbat pertsona bertaratu dira haiei babesa emateko.
Ekintzaileek bost ordu zintzilik zeramatzatenean, mobilizazio-deialdi baten berri eman du Iruñerriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS): arratsaldeko 17:00etan leku berean elkarretaratzera deitu du. Eskegita zeuden gazteek orduan eman dute amaitutzat ekintza, eta jaitsi egin dira monumentutik, zazpi orduz bertan zintzilik egon ostean.
#U31Mobilizatu
Faxismoaren kontra borroka egitera deitzeaz gain, GKSk biharko antolatu dituen mobilizazioetara batzeko deia zabaldu dute Erorien Monumentuan eskegi diren bi lagunek. Iruñean eta Bilbon (Bizkaia) izango dira manifestazio horiek, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka: monumentutik bertatik hasiko da Iruñekoa, 18:30ean, eta Jesusen Bihotzetik Bilbokoa, ordu-erdi lehenago.