40ko hamarkadan eraiki zuten Erorien Monumentua Iruñean (Nafarroa), Espainiako Gerra Zibilean frankismoaren alde borroka egin zuten faxisten omenez. Azkenaldian ere indarra hartu du oroigarri horri buruzko eztabaidak, eta gaiari heldu dio Iruñerriko Kontseilu Sozialistak: nabarmendu du ezinbestekoa dela Erorien Monumentua eraistea.
"Elkarte memorialistek bikain azaldu dute eraikinari zentzu berri bat ematea ezinezkoa dela, talka egiten baitu bere esentzia faxistarekin berarekin", seinalatu du Kontseilu Sozialistak. Hala, ohartarazi du "memoria baino gehiago" dela auzi honetan "jokoan dagoena": "Gaur egun bizirik dagoen faxismoari ezin zaio zirrikiturik utzi".
"Bizikidetza eta kontsentsu antzua predikatzen dituzten" horien kontrara, Kontseilu Sozialistak aldarrikatu du "faxismoaren aurkako lekukoa hartu eta antolatzen jarraitzea" dela "galtzaileon oinordekoon" zeregina. Beraz, dei egin die Iruñerriko kolektiboei eta pertsonei bat egin dezaten Erorien Monumentua eraisteko aldarriarekin, eta "faxismoaren aurkako borrokara" batu daitezen.