ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko campuseko manifestazioa.
2023/03/08 12:15

Ikasle Abertzaleakek deituta, gaur Euskal Herriko 70 ikastetxe ingurutan egin dituzte Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari lotutako saioak edota mobilizazioak, Zapalkuntza orotik askatzeko, emakume langile antolatu! lelopean. Unibertsitateko Indar Batasunak eta campusetako emakume taldeek ere antolatu dituzte mobilizazioak Martxoaren 8rako, Emakume langilea askatzeko antolatu! aldarritzat hartuta. Zehazki, Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa), Leioako (Bizkaia), Bilboko (Bizkaia), Iruñeko (Nafarroa), Gasteizko (Araba) eta Eibarko (Gipuzkoa) unibertsitateetan izan dira deialdiak.

"Emakume langilea aske izango den errealitate bat eraikitzea posible dela eta posible egingo dugula" aldarrikatu dute ikasleek gaurko mobilizazioetan. "Ageriko errealitatea da emakume langileon azpiratu egoera, eta askotariko formetan jasaten dugu errealitate hori gure azalean", esan dute: "Azken hamarkadetan egoera salatzeko eta problematizatzeko joera areagotu da, eta emakume langile askok kaleak hartu ditugu aldarri horiekin". "Aldarri horietatik haratago", ordea, "arazoari aterabidea emateko proposamen politikoak martxan jartzea eta helburura iristeko zer eta nola egingo dugun zehaztea" beharrezkoa dela adierazi dute IAk, UIBk eta campusetako emakume taldeek.

Arazoaren parte

"Berdintasunaren aldeko oihuak orokortu diren honetan, ugari izan dira aldarriokin bat egin duten instituzio eta alderdi politikoak; finean, gizartearen norabidea erabakitzen duten agenteetako asko izan dira", ohartarazi dute ikasleek. "Agente horiek egiten dituzten aldarrien atzean begiratzen badugu, ikusiko dugu hitz hutsalak direla, eta ez direla aldaketa errealak gauzatzen ari", salatu dute, ordea.

Haien ustez, gainera, "arrazoi argi bat" dauka horrek: "emakume langilea azpiratuta egotea eragiten duen sistema kapitalistaren" parte direla eta, horregatik, "sistemak bere horretan jarraitzen duela bermatzeko funtzioa betetzen" dutela, eta ez hura aldatzekoa. "Aldarriak milaka egin ditzakete, baina ez dira gai behin betikoak izango diren aldaketak egiteko", gehitu dute.

Berdintasun zalantzagarria

"Zer ari dira egiten baldintzarik okerrenetan bizi diren emakume langileekin? Non geratu dira emakume guztientzako hobekuntza horiek?" galdegin dute ikasleek, askotariko instituzioetatik martxan jarritako ustezko berdintasun politikei erreferentzia eginda. "Instituzioek eta alderdi politikoek berdintasunaz hitz egiten badute, interesatzen zaien berdintasunaz ari dira; gutxi batzuen botere-hartzeaz, emakume langileon gehiengoa albo batera uzten duten bitartean", seinalatu dute.

"Boteredun postuetan geroz eta emakume gehiago ikusten ditugun arren, inoiz baino emakume langile gehiago hilabete amaierara ezin iritsita daude; indarkeria matxista kasuak salatzeko abokatu on bat ezin ordainduta; erasotzailearekin lan, ikasketa edo etxebizitza partekatzera behartuta; babes sozialik ez izateko beldurrez; lan feminizatuetan; lan partzialetan, eta guztiz debaluatutako lanetan", xehatu dute IAk, UIBk eta emakume taldeek. Hori, gainera, "instituzioek eta alderdi politikoek ustezko berdintasunaren alde inoiz baino jardun biziagoa daukaten bitartean" gertatzen dela gogorarazi dute.

Mugez gaindi

"Ezin gara instituzioek edota alderdi politikoek gure bizitza salbatzeko zain geratu. Emakume langileok instituzioek jartzen dizkiguten mugez gaindi antolatzen hasi behar dugu: gure egoeraren analisia egin eta gure beharrak borrokatu behar ditugu, aske izango garen errealitate bat eraiki arte", nabarmendu dute gaur.

"Badakigu, ordea, agintariei ez zaiela gustatzen beren mugetatik at antolatzea, arriskuan ikusten dutelako beren hegemonia. Langile klaseko kideok modu independentean antolatzeak gaur egungo errealitate soziala hankaz gora jartzeko gaitasuna eta potentzialitatea du, eta, horrek, agintarien gailentasunaren amaiera ekarriko luke", ondorioztatu dute. "Horregatik, une oro ahaleginduko dira berdintasunean oinarritutako gizarte bateranzko borroka zigortzen", iritzi diote IAk, UIBk eta emakume taldeek.

Horren adibide modura aipatu dute Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) jarrera: "EHUk aniztasuna eta askatasuna bere lelo nagusi moduan jartzen dituen arren, unibertsitateko sektore jakin batzuk baldintza miserableetan mantentzen ditu lanean. Garbitzaileak horren adibide argia dira [...], beren baldintzen alde borrokan hasi direnean, greba eskubidea zapuztu die EHUk". Iazko martxoko greba baten harira EHUk 34 ikasleren kontra harturiko neurri errepresiboak ere oroitarazi dituzte.

"Emakume langileok gure hautua egin dugu: [...] jarriko dizkiguten mugen gainetik, berdintasunean oinarrituko den gizarte bat eraiki arte borrokan jarraituko dugu", azpimarratu dute.

[Argazki galeria eguneratzen ari gara]

NO HAY COMENTARIOS