ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/03 11:23

Erorien Monumentua eraldatzeko lehiaketa publiko bat dauka martxan Iruñeko Udalak, baina haren aurkako helegite bat aurkeztu dute elkarte memorialistek. Espainiako Estatuko Memoria Demokratikoaren Legea eta Nafarroako foru-legedia urratzen ditu udal-ekimen horrek, elkarte memorialistek argudiatu dutenez; horiek horrela, lehiaketa eta 2026rako horretara bideratutako diru-partidak bertan behera utz ditzatela eskatu dute.

Elkarte memorialisten esanetan, sinbolo frankistak eraistera behartzen du Memoria Demokratikorako Legeak. Beraz, okertzat jo dute Iruñeko Udaleko "tripartitoaren" (EH Bildu, Geroa Bai eta PSN) plana, Erorien Monumentuari "beste esanahi bat ematea" bilatzen baitute, hura bota beharrean.

Bestalde, kolektibo memorialistek gogorarazi dute Nafarroako Parlamentuak iaz onartu zuela lege bat (PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen babesarekin), Erorien Monumentuaren erabilera mugatzeko: frankismoan izan ziren "giza-eskubideen urraketei" buruzko dibulgazio-gune gisa erabiliko dela ezarri zuten. Aipatutako elkarteek, baina, azaldu dute udalak memoria-museo bilakatu nahi duela eraikina, eta horrek oroitzapenerako espazio bat bihurtzen duela monumentu faxista. Legeak erabilera hori debekatuko luke berez. Memorialistek nabarmendu dute, gainera, legez memoria historikorako espaziotzat jotzen diren lekuak errepresio frankistari lotutakoak direla soilik, kartzelak edo hobiak kasu. Ez da hori Erorien Monumentuaren izaera.

Bestalde, hainbatetan egin duten bezala, "tripartitoak" ezarritako lehiaketa publikoa neurri autoritario bat dela salatu dute kolektiboek, zuzenean baztertzen duelako jendartean babes nabarmena duen aukera bat: oroigarri frankista eraistea, hura mantendu beharrean. 2022an Memoria Demokratikoaren Legea onartu zuten hiru alderdiek Espainiako Kongresuan, baina orain Iruñean hura aplikatzeari uko egiten diote, elkarte memorialistek seinalatu dutenez. Arkitektoen Eskola ere kritikatu dute, monumentuaren eraberritzearen alde egiteagatik.

NO HAY COMENTARIOS