ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/17 10:25

Azaroaren 30ean mobilizatzera deitu du Itaiak, kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berdinen alde. Zer aldarrikapen nagusi ari zarete egiten mobilizazio-egun horri begira?

Maitane Urkola: Emakume langileon lan- eta bizi-baldintzak nabarmen ari dira okerrera egiten azken urteetan, eta desmobilizazio orokortu bat ere ari gara ikusten, hau da, egoera hau iraultzeko norabide eza. Beraz, borrokak aurrera eramatea eta, horien artean, greba eguna bera, momentu oso garrantzitsuak direla uste dugu. Horrek ahalbidetuko baitu gure bizi-baldintzen hobekuntzaren alde lan egiteko indarrak batzea. Baina greba egun bat ezin da ezerezean geratu: gure zapalkuntza betikotzen duen eta egiturazko pobreziara kondenatzen gaituen gizarte kapitalista gainditzeko bidean indarrak batzeko balio behar du.

Horregatik, gure aldarrikapen nagusia da guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berak eskuratzea. Klaseetan banatutako gizarte honek sortzen duen desoreka sozialarekin eta ekonomikoarekin amaitzea baita gure helburua. Norabide horretan, emakume langileon zapalkuntzarekin amaitu ahal izateko, uste dugu beharrezkoa dela, batetik, soldata berdintasuna gauzatzea; hau da, lan guztiek aitortza sozial bera izatea, eta gaur egun lanen artean dagoen hierarkizazioarekin amaitzea. Besteak beste, zaintza-lanek industrian egiten den lanaren aitortza sozial bera edukitzea izango litzateke hori. Bestetik, zaintza lanen sozializazioa ere ezinbestekoa dela uste dugu, argi baitugu zaintza-lanek bazterketa ekonomikora eta sozialera daramatela emakume langilea eta, beraz, ezinbestekoa dela zaintza-lanen ardura gizarte osoaren gain jaustea.

"Gure aldarrikapen nagusia da guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berak eskuratzea. Klaseetan banatutako gizarte honek sortzen duen desoreka sozialarekin eta ekonomikoarekin amaitzea baita gure helburua"


Nola ikusten duzue zaintza-lanen sektorea gaur egun?

Irene Ruiz: Zaintza-lanek emakume langileon zapalkuntza ezaugarritzen dute, izan familia giroko zaintza-lanak emakumeon gain erortzen jarraitzen dutelako, izan soldatapeko zaintza-lanak, baldintza okerrenetan egiten direnak hain zuzen ere, emakume langileok egiten ditugulako. Gainera, zaintza-lanak baldintza txarretan egin behar izateak zaintza-zerbitzuen kalitatea okerragotzea eragiten du.

"Zaintza-lanek emakume langileon zapalkuntza ezaugarritzen dute"

Nahiz eta komunikabideek entzungor egin, oso txarrak dira zaintza-lanen sektoreko langileen baldintzak: soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak, ratio altuak… Eta egoera horri aurre egiteko ditugun baldintza politikoak ere oso eskasak dira, zaintza-lanak modu isolatuan egiten ditugulako eta horrek antolakuntza politikorako baldintzak zailtzen dituelako, eta eskubide politikoak behin eta berriz urratzen dizkigutelako. Horren adibide dira borrokan ari diren langileen aurkako mehatxuak, %100eko gutxieneko zerbitzuak greba egunetan edota greba egiteko eskubiderik eza.

"Oso txarrak dira zaintza-lanen sektoreko langileen baldintzak [...] Eta egoera horri aurre egiteko ditugun baldintza politikoak ere oso eskasak dira, zaintza-lanak modu isolatuan egiten ditugulako [...], eta eskubide politikoak behin eta berriz urratzen dizkigutelako"

Argi dago zaintza-lanak interes ekonomikoek zeharkatzen dituztela, enpresariek gero eta irabazi ekonomiko handiagoak eskuratzeko erabiltzen baitituzte. Hain zuzen ere, enpresariek beraien poltsikoak bete ahal izateko, langileen lan-baldintzak okertzen dituzte etengabe eta, horrekin batera, zerbitzuen kalitatea okerragotzen dute. Horren adibide nabarmena da Zilarrezko Ekonomia izendatu duten merkatu berria. Gizartearen zahartzea eta, beraz, adineko pertsonen zaintzaren orokortzea merkatu berri bat sortzeko erabili baitute.

M. U: Zaintza-lanetan dihardugun emakumeon lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoak dira hainbat aldarrikapen: guztiok soldata bera edukitzea eta hori goranzko joeran gauzatzea; lan partzialen lan-orduak gehitzea eta modu jarraian ipintzea; aldi baterako kontratuekin amaitzea, lan-kontratuak egonkortuz; dietak ordaintzea; ratioak jaistea, eta abar. Baina, horiek guztiak, zapalkuntzarik eta esplotaziorik egongo ez den gizarte baten eraikuntzan kokatu behar ditugu.

"Zaintza-lanak interes ekonomikoek zeharkatzen dituzte, enpresariek gero eta irabazi ekonomiko handiagoak eskuratzeko erabiltzen baitituzte"


Itaiaren ustez, zer funtzio bete behar du greba egun batek?

M. U: Greba langileon interesak borrokatzeko tresna bat da, guztion baldintzak hobetzeko eta berdintzeko bidean, indarrak batzeko eta baldintza politikoak hobetzeko egun bat. Hortaz, aldarrikapen sozialistak egiteko eta norabide horretan mobilizatzeko eskubidea zalantzan jarri bada ere, azaroaren 30a zaintzaren auzia problematizatzeko eta horri aterabide bat proposatzeko egun bat dela uste dugu. Hainbat proposamen politiko egon daitezke gai horri heltzeko eta, beraz, greba egunean ere hainbat aldarrikapen egon daitezkeela iritzi diogu.

"Aldarrikapen sozialistak egiteko eta norabide horretan mobilizatzeko eskubidea zalantzan jarri bada ere, azaroaren 30a zaintzaren auzia problematizatzeko eta horri aterabide bat proposatzeko egun bat dela uste dugu"

Greba egun batek ezin die interes pertsonalei edo alderdikoiei erantzun, azken egunetan ikusten ari garen bezala. Greba baten helburuak ezin baitu izan alderdi baten interes elektoralak indartzea, edo burokraten behar pertsonalei eta ekonomikoei erantzutea. Kasu horretan, eduki dezakeen potentzialitate iraultzailea kentzen ariko ginateke grebari, eta alderdi bat hauspotzearren instrumentalizatzen.

"Greba egun batek ezin die interes pertsonalei edo alderdikoiei erantzun, [...]. Greba baten helburuak ezin baitu izan alderdi baten interes elektoralak indartzea, edo burokraten behar pertsonalei eta ekonomikoei erantzutea"

I. R: Greba orokor feministatik, zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatu da. Gure ustez, proposamen politiko horrek, eraldaketa sozialerako agente moduan identifikatzen ditu oraindik erakunde publikoak eta, gainera, merkatu kapitalistaren eraldaketa exijitzen du, bestelako enpresa eredu batzuen bitartez kudeatuko litzatekeena. Bi premisa horiek, ordea, klase ertaineko emakumeen interesek erdiesten dituzte, emakume langileon zapalkuntzak bere horretan jarraitzen baitu. Instituzio kapitalistak kanpo-finantzazioaren menpeko agenteak dira, eta ez dute diruaren birbanaketa justu bat egiteko gaitasunik edota interesik. Horrekin lotuta, merkatu kapitalistaren barruan enpresa baten izaera bata edo bestea izanda ere, leihakortasun ekonomikoan oinarrituko da eta, beraz, aurrera egin ahal izateko, langileon baldintzak okertzen jarraituko du.

"Borroka batek eta, zehazki, greba egun batek emakume langileon interesak defenda ditzan, beharrezkoa da aldarrikapen politikoak estrategia askatzaile baten barruan kokatzea"

Borroka batek eta, zehazki, greba egun batek emakume langileon interesak defenda ditzan, beharrezkoa da aldarrikapen politikoak estrategia askatzaile baten barruan kokatzea. Gizarte sozialistaren eraikuntzaren barruan, hain zuzen ere.


Azaroaren 30ari begira, asanbladak egiten ari zarete Euskal Herriko ia 50 auzotan eta herritan, eta zenbait protesta-ekintza egin dituzue.

I. R: Greba testuinguru honetan bi eginkizun nagusi ditugu: zaintza auzia problematizatzearekin batera (honetan guztian instituzio kapitalistek eta enpresek duten erantzukizuna seinalatuz) horri aurre egiteko aldarrikapen politikoak mahaigaineratzea, eta ahalik eta emakume langile gehien antolakuntza politikora batzea.

"Greba testuinguru honetan bi eginkizun nagusi ditugu: zaintza auzia problematizatzearekin batera [...] horri aurre egiteko aldarrikapen politikoak mahaigaineratzea, eta ahalik eta emakume langile gehien antolakuntza politikora batzea"

M. U: Lehen puntuari dagokionez, hainbat dira orain arte egin ditugun lanak: lekuan leku, zaintza- eta garbiketa-lanen sektoreetan borrokan ari gara; enpresen esplotazioa salatu dugu, besteak beste, zilarrezko ekonomiari buruzko jardunaldietan, zaintzaren inguruko diskurtso aurrerakoien atzean ezkutatzen den merkatu kapitalista agerian gera zedin; instituzioek eskaintzen dizkiguten ogi-apurrek emakume langileon errealitatean lekurik ez dutela adierazi dugu, eta abar. Hori guztia egitean, gure aldarrikapenak plazaratu ditugu, borroka edo jarduera bakoitzak ezin baitu bere horretan geratu: ekarpena egin behar dio garatzen ari garen antolakuntza politikoari, apurka-apurka baldintza politikoak hobetzeko.

Bide horretan, aipatutako bigarren eginkizunari heldu beharko genioke: ahalik eta emakume langile gehien antolakuntza politikora batzeko lanari, alegia. Horretarako sortu ditugu, esaterako, azaroaren 30a antolatzeko asanbladak eta batzordeak Euskal Herriko 50 auzo eta herri baino gehiagotan. Horietan, grebaren zentzuaz eztabaidatzearekin batera, grebaren aurreko prestaketa-lanak eta greba eguna bera antolatzen ari gara. Horretan jarraituko dugu datozen egunetan, eta asanbladetara zein batzordeetara hurbiltzeko eta parte hartzeko deia luzatzen dugu.

NO HAY COMENTARIOS