Elikadurarako lehengaien garestitzeak aurretik datozen joerak are larriago bihurtzea aurreikus daiteke. Izan ere, erakunde berak 2020an egindako ikerketa baten arabera, giza kontsumorako ekoitzitako elikagaien heren bat alferrik galtzen da munduan, gutxi gorabehera 1.700 milioi tona urtean. Bitartean, munduan ia 690 milioi pertsona (munduko biztanleriaren %8,9) azpielikatuta zeuden 2019an. 2014an baino 60 milioi pertsona gehiago dira, %8,6koa baitzen aurreko ehunekoa. Gainera, munduko biztanleriaren %16k, edo 1.250 milioi pertsonak baino gehiagok, "maila moderatuko" elikadura ziurgabetasuna izan dutela dio FAOk, alegia, ez dutela behar adina elikagai modu erregularrean eskuratzeko aukerarik izan edo eskuratutako elikagai asko ez zirela nutritiboak.
Zerealak
FAOren azken txostenen arabera, zerealen prezioen batez besteko indizea 170,1 puntuan kokatu zen martxoan, hots, 24,9 puntuko igoera ( % 17,1) izan zuen otsailarekin alderatuta. Datu orokorren moduan, 1990. urteaz geroztik izandako igoerarik bortitzena da.
Landare olioak
Landare jatorriko olioen prezioen merkatuko batez besteko indizea 248,6 puntukoa izan zen martxoan, hau da, 46,9 puntu igo zen (% 23,2) otsaileko emaitzekin alderatuta. Marka berria ezarri du, itxuraz, ekilore, palmondo, soja eta koltza olioen prezioen igoerak bultzatuta. Merkatu horietan ere Ukrainako gatazkak agerian utzi du horniduraren eta prezioen oreka hauskorra.