ACTUALIDAD / Cárcel
Ekainera bitartean ireki nahi dute Zubietako makrokartzela berria
Ia 500 preso hartuko dituzte bertan, Martutenetik eta Zaballatik tokialdatutakoak barne, eta Zubietako kartzela "euskal espetxe-eredua" garatzeko oinarritzat jo du PSOEko Justizia sailburuak. Zubietako erraustegiaren bidez berotuko dute presondegia.
2026eko otsailaren 17
Ekainera bitartean ireki nahi dute Zubietako makrokartzela berria
— ARGAZKIA donostitik.com

Gero eta gertuago dago Zubietako (Gipuzkoa) makroespetxearen irekiera. Hala jakinarazi dute Jaurlaritzako PSOEko bi sailburuk, Denis Itxasok (Etxebizitza sailburua) eta Maria Jesus San Josek (Justizia sailburua) hain zuzen ere, esan baitute "maiatza eta ekaina artean" irekiko dutela presondegi berria.

475 plaza izango ditu kartzelak; 360 gizonezkoentzat, 40 emakumezkoentzat eta 75 "erregimen irekirako" edo beste erregimen batzuetarako. Zubietako instalazioak martxan direnean, gaur egun Martutenen (Gipuzkoa) dauden 339 pertsonak lekualdatuko dituzte hara, baita Zaballako (Araba) espetxeko zenbait preso ere. 700 plazatik gora ditu Zaballak, eta EAEko presondegirik handiena da gaur-gaurkoz.

Martuteneko kartzela eraitsi egingo dute 2027an, eta "babes ofizialeko" 400 etxebizitza eraiki nahi dituzte bertan, Espainiako Gobernuaren parte-hartzearekin. 4.000 euro gastatuko omen dituzte eraisketa-lanetan, eta Itxasok jakinarazi du Visesak idatziko duela eraispenaren proiektua eta Casa47 estatu-sozietateak gauzatuko duela gero.

"Euskal espetxe-eredua"

San Josek esan du Zubietako instalazioen irekiera "mugarri gako" bat izango dela "euskal espetxe-ereduaren ezarpena finkatzeko eta horretan aurrera egiteko". PSOEko sailburuak gaineratu du "euskal" eredu hori "erakusten" ari dela "posible dela Konstituzioa betetzea modu humanoago eta eraginkorrago batean"; "zigortzen duten zigorrekin, bai, baina, batez ere, pertsonak prestatzen dituztenak berriz ere gizartean bizi daitezen".

Zubietako erraustegia, kartzela berotzeko

Diario Vasco-k jakinarazi du, bestalde, Zubietako erraustegiak sortutako bero soberakina erabiliko dutela kartzela berriko klimatizazio-sistemetarako. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako District Heating sistemaz baliatuko omen dira horretarako. Erraustegitik 200 bat metrora egongo da espetxea.

2005ean atera zen argitara Donostia (Gipuzkoa) inguruan makrokartzela bat eraikitzeko asmoa zegoela, Espainiako Espetxe Erakundeen eta garai hartako alkate Odon Elorzaren (PSOE) ahotik. Hasieran, 2.000 pertsona giltzapetzeko gaitasuna izango zuen espetxe bat egitea omen zen asmoa.