Vox alderdi faxista Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) izango da, Gasteizko (Araba) campusean hain zuzen ere. Unibertsitate publikoko ikasleek faxismoaren aurka ipinitako pankarta batzuk hartu ditu aitzakiatzat Voxeko gazterien bozeramaileak, Júlia Calvet Puigek, Arabako campusa jopuntuan jartzeko eta, bertan, prentsaurreko batera deitzeko.
Datorren astelehenean egin nahi du agerraldi bat Calvetek, eguerdiko 12:30ean, Unibertsitateko Pasealekuko 7. zenbakian. X sare sozialean zabaldu du deialdia. "Voxen ez dago galdutzat ematen dugun plazarik. Bertan ikusiko dugu elkar", gaineratu du.
Alderdi faxistaren probokazio horren berri izan bezain pronto, alarma piztu da Gasteizko ikasleen artean, eta mobilizazio bat antolatu dute faxismoari ezetz esateko. Astelehenean bertan izango da, 12:00etan, Gasteizko Farmazia Fakultateko sarreratik hasita.