EH Bilduko idazkari orokor Arnaldo Otegik argi hitz egin du Poliziarekiko jarrera politikoaren inguruan, EgunOn Bizkaia podcastean atzo eskainitako elkarrizketan. Azken hilabeteetan biziagotu den eztabaidaren harira, esan du "eredu poliziala" dela "arazoa", eta ez Polizia bera eta polizia-indar orok betetzen dituen funtzioak. Horiek horrela, "hasierako Ertzaintza" aldarrikatu du, "jatorrizko bertsioan" hain zuzen ere, "euskalduna" eta "herrikoia" zelakoan.
Otegik nabarmendu du, gainera, polizia-indar guztiak ez direla berdinak: "Ez gaude polizia guztiak berdinak direla dioen 'ACAB' posizioan. Gure herrian bereizketa bat egin behar da". Hain justu, adierazi zuen "akatsa" dela "udaltzaingoa Guardia Zibilarekin parekatzea". Ondarroako (Bizkaia) festetan izandako gertakariak gogora ekarriz, EH Bilduko buruak azpimarratu zuen bere talde politikoak "gure udaltzaingoa" defendatu zuela.
Horrekin batera, Otegik esan zuen ordezkatzen duen sektore politikoan ez daukatela arazorik "ertzainekin indibidualki", badirelako Ertzaintzak "ondo egiten dituen gauzak". Hala, "jarrera antidemokratikoak gertatzen direnean" salatzen dituztela xehatu zuen, fokua jardunbide polizial konkretu batzuetan jarriz. "Eredu polizialari buruzko eztabaidari" heltzeko deia egin zuen, gaineratuz EH Bilduk badituela eredu horren inguruko "proposamenak".
Politikariak, hala, garbi markatu zuen ortzi-muga bat, aurreratuz etorkizunean ere ez dutela Poliziaren eta beren eginkizunen aurka egingo: "EH Bilduren errepublikan Polizia egongo da". "Utopikotzat" jo zuen, hortaz, "kartzelarik edo poliziarik egongo ez den gizarte sozialistak eraikitzeko aspirazioa".