ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Ministerio Defensa (X)
2026/02/12 12:16

Espainiako Estatuak eta beste kide batzuek (Belgika, Bulgaria, Zipre, Danimarka, Kroazia, Portugal eta Errumania) SAFE funtseko kredituak eskuratu ahal izateko, hainbat erabaki onetsi zituen atzo Europar Batasuneko Kontseiluak. Bruselak "defentsarako prestakuntza hobetzeko" mekanismo gisa aurkeztu du tresna hori, eta 150.000 milioi euro mobilizatuko ditu epe luzerako maileguetan, herrialdeek ekipamendu militar gehiago erosi ahal izateko. Gaia eztabaidarik gabe onartu zuten Defentsa ministroen Kontseiluan.

Espainiako Estatuak 1.000 milioi euro gehiago jasoko ditu kreditu militarretan, Finlandiari esleitutako kopuru bera. Bruselak irailean jakinarazi zuen behin-behineko banaketa hori. Poloniak, funtsaren onuradun nagusiak, 43.734 milioi jasoko ditu; eta atzetik jarraitzen diote Errumaniak (16.680 milioi), Frantziak (16.216 milioi) eta Italiak (14.900 milioi). Beste muturrean, Danimarkak 46,8 milioi bakarrik lortuko ditu eta Greziak 787,7 milioi. Europako Batzordeak argi berdea eman zion, urtarrilaren 15ean, Espainiako Estatuari begira aurkeztutako gastu-orriari, eta lehen ordainketak martxoan izango direla uste da.

Kontseiluak Estonia, Grezia, Italia, Letonia, Lituania, Polonia, Eslovakia eta Finlandiarako bigarren betearazpen-sorta baten berri eman du gainera. Batasuneko enbaxadoreek onartu zituzten neurri horiek, eta otsailaren 17rako formalki onestea espero da. "Horrek bidea errazten du Batzordeak askatuko duen mailegu eskuragarrien eta epe luzekoen lehen olaturako", zioen erakundeak bere oharrean. Bruselak AEBen eta NATOren agindupean bultzatutako biraketa belizistaren parte da SAFE funtsa, "segurtasuna" eta "lehiakortasuna" aitzakiatzat hartuta, Europako armamentu-industria indartzea bilatzen baitu.

Batasunak milaka milioi bideratzen ditu egituraketa militar-industrialera, baina kontrara, estatu kideek zerbitzu publikoak murrizten dituzte eta energia-, osasun- eta etxebizitza-krisi larriak dituzte parez pare. Espainiako Estatuari beste kide batzuei baino askoz ere diru gutxiago esleitu arren, Pedro Sanchezen gobernuak ez du eragozten gastu militarra handitzeko konpromisoan sakontzea, NATOren eta Batzordearen eskakizunen ildotik. Zergadunek interesekin itzuli beharko dituzte kreditu militarrak.

NO HAY COMENTARIOS