Barne-mailako hauteskundeetan murgilduta dago Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ), alderdiaren botere-organo nagusia, Euzkadi Buru Batzarra (EBB), berritzeko. Alderdikideak urtarrilaren 22tik ari dira, lekuan lekuko batzokietatik, EBBren gidaritzarako proposamenak egiten. Aurreko igandean itxi zuten bozen lehenengo itzulia, eta parte-hartzea bereziki baxua izan bada ere (afiliatuen %80 abstenitu dira), lehia bizia izaten ari da buruzagitzarako bi hautagai nagusien artean: orain arte EBBko buru izan den Andoni Ortuzar eta gaur egun Espainiako Diputatuen Kongresuan eledun jeltzalea den Aitor Esteban.
Hala, aste honetan hasiko da hauteskundeetako behin betiko fasea: gutxienez hiru batzokiren babesa jaso duten hautagaiek berretsi egin beharko dute euren burua alderdiko buru izateko aurkezten dutela, eta Berme eta Kontrol Batzorde Nazionalak ziurtatu egin beharko du hautagaiek bateragarritasun-baldintzak betetzen dituztela. Otsailaren 10ean hasiko da bigarren itzulia, eta otsailaren 26ra arte luzatuko da. Aste horietan, afiliatuek berriz izango dute aukera EBBko burua eta zortzi burukide hautatzeko. Bigarren itzulia amaitu eta Lurraldeko Asanbladek hitza hartu ostean, martxoaren 29an eta 30ean Donostian (Gipuzkoa) izango den Asanblada Orokorrean elkartuko dira, eta teorian hor zehaztu eta ofizialdu beharko litzateke EBB berria.
Ortuzarren jarraitutasuna eta alderdiaren kohesioa, kolokan
Berriz ere EBBko buru aukeratuko balute, datorrena Ortuzarren laugarren agintaldia izango litzateke alderdian. Barne-mailako prozesua faborito modura hasi bazuen ere, badirudi bere lidergoa ez dagoela hain garbi, eta indartsu entzun dira beste hainbat hautagairen izenak: sektore kritikoa ordezkatzen duen eta Etxebarriko (Bizkaia) zinegotzi den Eneko Lekue (ez du babes nahikoa lortu buru izateko, baina bere kide Olatz Jauregi eta David Salinas-Armendariz burukide izan daitezke), Gipuzkoako diputatu nagusi izandako Markel Olano eta, esan bezala, Aitor Esteban bera.
Estebanek dozenaka batzokiren babesa lortu du (hainbat iturriren arabera 70 izan dira), eta guztiei eskerrak emateaz gain, esan du "afiliatuen unea" dela orain. Bilbotarrak ez du oraindik berretsi hauteskundeen bigarren itzulira igarotzea onartuko duenik, baina badirudi EBBko lidergoa bere egiteko prestatzen ari dela: kanpaina egiteko talde bat sortu du dagoeneko. Egoera guztia ikusita, harridura erakutsi du Ortuzarrek: "Ez nuen hau espero".
Antza denez, Olano beasaindarrak ez du bere burua aurkeztuko EBB gidatzeko, baina indartsu ageri da hirugarren bide modura, eta EAJren zuzendaritzan Gipuzkoak pisu eta garrantzi handiagoa izatea bilatuko omen du. Lehia eta joera horiek guztiek argi islatzen dute EAJren higadura barne-mailan nahiz kanpo-mailan. Hala erakutsi dute, esaterako, azken hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alderdi jeltzaleak izandako beherakadak eta EH Bilduren gorakadak.