ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Artxiboko irudia. FOTOGRAFÍA / EFE
2024/12/09 12:34

Espainiako Estatuan sistematikoki deportatzen dituzte pertsona migranteak legez kanpo, baina Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako deportazioei buruzko hainbat datu argitaratu dituzte berriki. El Correo-ren esanetan, urtea hasi zenetik, gutxienez 55 pertsona kanporatu dituzte Espainiako Poliziako Atzerritartasun eta Mugetako Brigadek.

Bizkaian izan dira deportazio gehienak, 28 hain zuzen ere. Gipuzkoan hemeretzi erbesteratze izan dira, eta zortzi Araban. El Correo intoxikatzaileak dio "pertsonen, ondasunaren eta ordena publikoaren kontrako" hainbat delitu leporatu dizkietela polizia-indarrek deportatutako migratzaileei. Albania, Aljeria, Brasil, Errumania, Kolonbia, Maroko, Nikaragua zein Venezuelakoak dira jatorriz, eta legez kanpoko egoera administratiboan zeuden.

Eusko Jaurlaritzako Marisol Garmendiak goraipatu egin du Espainiako Poliziak egiten duen lana, "hainbat jarduketatan Ertzaintzarekin eta lekuan lekuko Poliziarekin kolaboratuz". "Dituen eskuduntzak betez, Espainiako Poliziak aberriratzeari ekin dio horretarako baldintza guztiak betetzen diren kasuetan", gaineratu du Garmendiak.

Prozedura ofizialaren arabera, legez kontrako egoera administratiboan dagoen pertsona bat identifikatzen dutenean, atxilotu egiten dituzte polizia-indarrek: Espainiako Poliziaren menpe jarri eta beren egoera egiaztatzeko tramiteak hasten dituzte. Atxilotutako pertsona deportatzeko nahikoa arrazoi daudela ebazten badute, kanporatzeko espediente administratiboa martxan jarri eta aske uzten dute, baina epe jakin batean estatutik alde egitera behartuta.

Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak erabakitzen du kanporatze-prozedurarekin aurrera jarraitu edo ez, eta teorian gero berresten eta jakinarazten diote seinalatutako pertsonari, azkenean, deportatu egingo duten edo ez. Berez, bere jatorrizko herrialdeko "egoerak, legeriak eta akordioek" baimentzen badute soilik onartzen da deportazio-agindua, nahiz eta egiaz ez diren beti baldintza horiek betetzen.

NO HAY COMENTARIOS