ACTUALIDAD / Migración
Donostian bere buruaz beste egin du gazte migratzaile batek, eta beste batek ezpainak josi ditu Hendaian, bere egoera salatzeko
18 urteko gaztea hilik aurkitu dute Donostiako etxebizitza batean; Jaurlaritzaren ardurapean dagoen batean, hain zuzen ere. Hendaiako atxikitze zentroan, bestalde, gose eta egarri greba hasi du gizon tunisiar batek, bere egoera salatzeko. Joan den igandean gazte eritrear batek galdu zuen bizia Irunen; kasu horretan ere bere buruaz beste egin zuen hildakoak, iturri ofizialen arabera.
2021eko apirilaren 22
Donostian bere buruaz beste egin du gazte migratzaile batek, eta beste batek ezpainak josi ditu Hendaian, bere egoera salatzeko

18 urteko gazte baten gorpua aurkitu dute Eusko Jaurlaritzaren ardurapekoa den Donostiako (Gipuzkoa) etxebizitza batean. Adin txikikoa zela etorri zen gazte marokoarra Euskal Herrira, eta Ibaiondoko (Bizkaia) zentroan egon ondoren, Donostiara lekualdatu zuten. Bere buruaz beste egin duela azaldu dute iturri ofizialek, hezitzaile batek topatu baitzuen logelan.

Bestalde, beste gizon migratzaile batek ezpainak josi ditu Hendaian (Lapurdi), gose eta egarri greba hasi baitu. Tunisiarra da, eta otsailean atxilo eraman ostean sartu zuten Hendaiako atxikitze zentrora. Bi hilabete eman ditu han eta beste bi aste egin beharko ditu, jatorrizko herrialdera kanporatuko lukeen hegazkina hartu arte.

Izan ere, prefekturak herrialdean bizitzen jarraitzeko baimena ukatu dio, eta Pauko Administrazio Auzitegian aurkeztutako helegitea aintzat hartu gabe, gizona kanporatzeko agindua eman dute. Testuinguru horretan eta "desesperazioak" hartuta, gose zein egarri grebari ekin dio eta, hori ez ezik, bere ezpainak josi ditu.

Asteko bigarren heriotza Euskal Herrian

Aste honetan jakinarazi dute, gainera, eritrear gazte baten gorpua aurkitu zutela Irunen (Gipuzkoa), Bidasoa ibaiaren ertzean. Antza, igandean zendu zen; bere buruaz beste egin zuen Ertzaintzaren arabera, bortizkeria arrastorik ez zegoela esan baitu. Hala ere, mugatua da heriotza horren inguruko informazioa ere: ez dute argitaratu Irundik igarotzen ari zen edo han bizi zen pertsona bat zen, eta ez dute haren nortasunaren gaineko ezer esan.