Indarkeria matxistaz arduratzen den Vallseko (Tarragona) auzitegiak atzo agindu zuen 53 urteko gizonezko bat atxilo zezatela, 2022an bere bikotekidea erailtzeagatik. 44 urte zituen emakumeak, eta Irungoa (Gipuzkoa) zen, baina La Morera de Montsanten (Tarragona) bizi zen senarrarekin. Desagertuta dago 2022ko abuztutik, dena den: bere senideek salatu zuten desagerpena.
Bere bikotekideari egotzi diote bera hil izana, nahiz eta oraindik ez dituzten gorpuzkiak topatu. Hilketaz gain, gorpua ezkutatzea eta aurrez emazteari tratu txarrak ematea leporatu diote gizonari, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren esanetan. Fidantzarik gabe espetxeratu dute Vallsen.
2022ko udan hasi zen emakumearen desagerpenaren inguruko ikerketa. Bere garaian, senarrak esan zuen ez zegoela La Morera de Montsanten andrea desagertu zenean, baina gerora frogatu dute faltsua zela erabili zuen alibia. Gainera, bikotekidearen hainbat objektu pertsonal zituen gizonak; uste dute emakumeak ez zituela horiek bere borondatez utziko beste norbaiten esku.