Gazte Koordinadora Sozialistak, beste aste batez, manifestazioa antolatu du Iruñean (Nafarroa), Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! kanpainaren barruan. Dena den, Iruñerriko GKSko kideek atzo azaldu zuten debekatu egin dutela mobilizazioa.
Asteazkenean jaso zuten Nafarroako Gobernu Delegaritzaren jakinarazpena. Manifestazioan bete beharko ziren "zenbait baldintza" jasotzen zituen oharrak, "Alde Zaharreko kale estuetan segurtasun neurriak betetzeko balizko zailtasunak argudiatuta". Besteak beste, ordua eta ibilbidea aldatzea nahiz manifestarien kopurua 200era mugatzea agindu zuen Gobernu Delegaritzak.
"Neurrien izaera arbitrarioa eta kontraesankorra da. Ibilbidea aldatu dute kale estuak saihesteko baina, aldi berean, pertsona kopuruari muga jarri diote", diote Iruñerriko GKSko kideek. "Baldintza hauek ezkutuko debeku bat dira, pandemiaren egoera aitzaki hartuta lan politikoa oztopatu eta gure masa mobilizazioak ekiditeko. Azken asteetan behin eta berriz salatu dugun askatasun zibil eta politikoen enegarren urraketa da", salatu dute.
Hurrengo deialdietara adi egotera dei egin du GKSk.