Duela bi hilabete, urtarrilaren 3an, hegazkin-erregai isurketa handi bat izan zen Deba (Gipuzkoa) inguruan. Izan ere, erregaia garraiatzen ari zen kamioi batek (Candispe enpresarena da ibilgailua) istripua izan zuen AP-8 errepidean, eta Deba parean irauli zen. Kupelaren aurreko aldea hautsi egin zen, eta, horren ondorioz, milaka litro erregai jausi ziren Deba ibaira eta inguruko lurretara: 12.000 litro izan ziren URA agentziaren arabera, 17.000 litro Candisperen arabera eta 19.000 suhiltzaileen arabera.
Zehazki, Jet A-1 deituriko kerosenoa zeraman kamioiak (33.994 litro), eta badirudi Bilbotik (Bizkaia) Frantziako Burdeos-Merignac aireportura garraiatzea zela asmoa. Errepideko lurretik 600 litro inguru jasotzea lortu bazuten ere, bidetik behera egin zuen erregaiaren gehiengoak, inguruko lurrak eta Deba ibaiko urak kutsatuz. Gainera, isuritako kerosenoaren zati bat "lurrundu" egin zen, enpresak egindako txostenen esanetan.
Isurketa izan zen egun berean, gauerako, hainbat kexa izan ziren jendearen partetik: kiratsen berri eman zuten inguruko hainbat lekutatik. Aurreneko txostenek seinalatzen zutenez, Debaren ibaiadar bat jaiotzen den magalera heldu zen kamioitik irtendako erregaia, eta hidrokarburo kantitate handiarekin ateratzen ari zen ura bertatik. Goizalde horretan hartu zituzten kerosenoari eusteko eta hura filtratzeko hainbat neurri eremuan, baina, ElDiario.es atariaren arabera, lau astez atzeman zuten substantzia uretan; hildako hainbat aingira aurkitu zituzten bertan. Kiratsa ere urtarril osoan zehar izan zen.
Urtarrilaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak, Adolfo Uriartek, eskaera bat egin zuen: isurketa zela-eta hartu behar izan diren neurrien kostu ekonomikoa Candispek har dezala bere gain.